Gutuna: Zabor kontuak Tolosan

Ana Eizmendi 2015eko azaroaren 25a

Hondakinen gainean zeozer ikasi genuelakoan nengoen. Denok teorian ingurugiroaren alde gauden honetan, behingoz praktikara pasatzeko aukera izan genuen zabor kontuetan behintzat: sailkatu ahalik eta ondoen, organiko, plastiko, beira, papera, errefuxa... eta erabili ahal zena berrerabili.

Udaletxetik kanpaina egin zuten jendeari erakusteko hondakin bakoitza non kokatu; haurrek berehala ikasi zuten, zahar gehienek ere bai (bere garaian egiten baitzuten) eta helduen artean denetarik zegoen: banaketa zuzen egiten zutenak (gehienak), baita gaizki egiten zutenak ere, «inposizio» zelakoari men ez egitearren edo auskalo zer kaskagogorkeriarengatik.

Halere, oztopoak oztopo, jende asko egin zen ohitura berrietara eta denbora laburrean emaitzak pozteko modukoak izan ziren. Baina gutxi iraun du pozaldiak!! Azken hilabete hauetan aurrera egindako pauso guztiak berriro atzera egiten ari gara, ikusi besterik ez dago herriko zaborguneak nola dauden: organikoen edukiontzietan plastikoak, plastikoenean paperak... eta gainera oraingoan udalaren bedeinkapenarekin, izan ere, udaleko inor ez zaio joango errieta egitera plastikozko poltsa batean zabor guztia nahasirik atera duen herritarrari, eta zoritxarrez horrelakoak gero eta gehiago ikusten dira.

Beraz, penatuta eta amorratuta nago, alde batetik, herritar arduragabe eta axolagabeekin eta bestetik, udalak gai honen inguruan duen jarrerarekin: «Zenbat eta okerrago, hobeto».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!