Emakumeenganako indarkeria, indarkeria matxista, sexista edo tratu txarrak eskaintzen dituena. Hamaika izen arazo bakarrarentzat; arazoa edo, gizartearen gaitzik handienetakoa. Haurrentzat, helduen kontuak. Helduentzat, bestaldera begiratzekoak, sarri. Eta erakundeetako lege, adierazpen eta dekretu «aurrerakoiek» egunkarietako lerroburuak hartzen dituzten bitartean, hainbat begi irakurlek badakite, hori, egin litekeen gutxienekoa dela.
M.C.N.-k (Donostia, 1951) lortu du, hitzen joan-etorrian, 40 urte atzera bidaiatzea, nahiz eta arantza batzuk azalean izango dituen beti. Frankismo garaiak eta famili eredu tradizionalak deskriba dezake, 1972. urtean tratu txarrak jasandako emakume baten itolarria; orduan lege —ustez— iraultzailerik ere ez zen, haien gerizpean sartzeko.
«20 urte nituen, eta nire lehen semea sabelean nuen jada, guztia hasi zenean. Ez dut oso ondo gogoratzen, baina, ziur aski, gauza txikiekin hasiko zen guztia. Egia esan, hain atzera ere ez dut egin nahi izan oroitzapenetan, buruan geratu zaidana gogorrena izan baita». Horrela ireki du testigantza gordina, jada hainbatetan errepikatu duena, horrek ukendu lanak egiten dizkiolakoan. «Pentsa, zuretzat zure bizitzako egunik garrantzitsuena izango den horretan, ezkontzan, pauso bat ematen duzu eta, handik lau hilabetera, zaplazteko txiki bat sumatzen duzu masailean, ondoren guztia okerrera joateko».
Hamarkadetako hausnarketek pentsatzeko balio izan diote M.C.N.ri, eta ezkondu zeneko familia eredua darabil, besteak beste, gertatu zitzaion hura azaltzeko: «Orduko neska-mutilen hezkuntza badakigu nolakoa zen: eskoletan bananduta ikasten genuen. Eta bereizketa hori mantendu egiten zen familia esparruan». Rol eta botere kontuak, beraz, zaharrak berri: «Ezkondu nintzenean, senarraren gurasoekin bizitzen egon nintzen, denbora gutxiz, eta segituan jabetu nintzen egoeraz. Seme gazteena zen senarra, gizonezko bakarra eta amaren begikoa. Ingurukoak limurtzen bazekien, oso hiztuna zen eta bere nortasunarekin nahi zuena lortzen zuen horietakoa». Bere irudipenaz haragoko errealitate bat zen, gainera, amaginarrebak berak esan baitzion, argi eta garbi: «Gizonezkoek eskubide gehiago dute emakumeen gain».
Ubelduak, mina ezkutatzeko mihise
«Lehen semearen haurdunaldiarekin hasi zen guztia, eta nik ezkutatu egin nuen. Bi semeek urte eta erdiko aldea dute, eta bigarren haurdunaldian etxean nuen arazoa kontatu nuen, 1973-1974 inguruan; hiru urtez jasan nuen egoera hura».
Erraietako korapiloak askatzeko pausoa emanda, ingurukoen erreakzioa izan zen hurrengo pausoa: «Kontatu nuenean, bi familien arteko bilera bat antolatu zuten nire aldekoek. Nire senide guztiak joan ziren eta, bere aldetik, arreba bakarra; bera ere han zen. Gogoan dut, bilera haren ondoren, etxean, belauniko jarri zitzaidala nire aurrean, negarrez, barkatzeko eskatuz».
Hitzak ez dira sententzia, ordea, haizeak eramaten dituenean, eta M.C.N.-k hiru salaketa jarri zituen, Azpeitiko epaitegian: «Hirugarren aldiz joan nintzenean, 1974an, zera esan zidaten, jada hirugarren salaketa zela, eta erretiratzen baldin banuen ez zutela gaia kontuan hartuko». Bizitza elkarlanean eraikitzeko hitza eman zion gizona salatzeko pausoa emanda, ordea, hirugarren aldi hartan, ondo egin nahi izan zituen gauzak, eta orduko bizilagunak jarri zituen lekukotzat, «guzti-guztiek baitzekiten gure etxean zer gertatzen zen». Baina berekoia da gizakia, senaz, eta masaren indarra baino motor handiagorik ez du munduak: «Azken orduan, inor ez zen epaitegira joan, eta guztiek uko egin zioten deklaratzeari. Are gehiago, bizilagunetako batek emakumeok hori jasan egin beharra daukagula esateko ausardia izan zuen. Mesedez…».
Kontraesanak ere jipoi
- Kosta egiten al da kontatzeko pausoa ematea?- dio galderak.
- Bai, zaila da oso, pertsonen arteko harremanak jokoan sartzen direlako.
Afektibitatezko loturak, ustez sendoak, trabarik handiena suertatzen dira, jazarpen fisiko zein psikologikoa eguneroko bazka duenarentzat: «Bikoterik gabe ezer ez zarela pentsatzen duzu momentu horretan, besteak beste, soldata guztia bere poltsikora doala ikusita: 'Zer egingo dut, nik, nire semeen aitarik gabe?' esaten nuen nire artean».
Kontraesanek mugitzen dute mundua, baina, akaso, are gehiago mugitu beharko lukete, talkan dauden ahots horiek guztiak loratuko balira. «Gaur egun, norbanakoa independenteago izateko hezten da, batez ere, psikologikoki. Garai hartan, ordea, ez zen halakorik, eta kontraesan handiak sentitu nituen nik, lotura emozional hori tarteko».
Izuaren zulo beltz horri bakardadea soilik gailentzen zaionean, ez da lan erraza enpatia bilatzea. Denborak ere laguntzen du, ordea, horretan: «Gerora konturatzen zara, zenbat jende egon den eta dagoen zure egoera berean. Biolentzia matxista beti egon izan da, baina ez zen esaten. Nik gaixotasunekin alderatzen dut, nolabait: sailkatu gabeko gaixotasun asko zeuden, eta gaixotasun arraroen poltsan sartu zituzten. Honekin ere gauza bera gertatzen dela uste dut, inork ez baitu motxilan idatzirik eraman, 'Tratu txarrak jasandakoa', aurkakoa hain justu».
Trantsizioaren bezpera haietako garaitik hona, esaten dutena baino gutxiago aldatu da egoera, eta zenbakiei begiratu besterik ez da egin behar: 2015ak eman duenarekin, Espainian 48 emakume erail dituzte jada. Datu ofizialak baino ez dira horiek, ordea, feminicidio.net atariak ikerketaren zain dauden kasuak nahiz haurrenak ere biltzen baititu: 90etik gora lirateke, haien zerrendaren arabera. Baina matematikek ere pisua galtzen dute, egoeraren arabera.
«Ez da normala, gizakiok daramagun bidean, guztia estaltzea eta estaltzea», dio M.C.N.-k: «Dena ezkutatzen zen eta, ziur aski, uneren batean, politikariren batek salaketa horiekin guztiekin zerbait egin behar zela erabakiko zuen, eta ikertzen hasteko hariak mugituko zituen, sentsibilitate pixka bat izango zuelako; hori da nire irudipena».
Berdinzale edo sentsazionalista?
Iritzia informazioak osatzen du, herritarren nortasunaren zati batekin batera. Datu objektiboena ere subjektibo bilakatu daiteke edonoren ahotan, eta badira kontu bereziarekin landu beharreko gaiak: «Komunikabideentzat, oro har, garrantzitsuena herritarren arreta berenganatzea edo zirrara sortzea dela uste dut, eta hor hankamotz gabiltza oraindik, nire ustez».
Bide horretan, behin batez irratiko iragarki batekin gertatutakoa kontatu du hizketaldi luzean: «2.000. urtea izango zen, eta lanean ari ginen, irratia jarrita genuela. Tratu txarren aurkako informazio-bonbardaketarekin hasi ziren garai hartan, eta iragarki batek barruan gordeta nuen guztia atera zidan. Antsietate krisi bat izan nuen lantokian. Egiazki, ez nuen ezertxo ere kontatu, baina, etxera itzuli eta sekulako antsietatea sentitzen nuen artean, beraz, irratira deitzea erabaki nuen. Erantzungailu automatiko batek erantzun zuen deia, eta mezu bat utzi nuen, kontu pixka bat eskatuz. Horrelako iragarkiek, egoera horiek bizi izan ditugunoi zauria berriro irekitzen digutela azaldu nien eta, egiazki, barrena husteko balio izan zidan hark».
Zapirik ez, zenbait malko lehortzeko
Aspaldiko kontuak dira, 1972an gertatutakoak, burua 2015ean duenarentzat. Azalak memoria duela sarri esan ohi da, ordea, eta azal barruko markek ere gogorarazten diote, M.C.N.-ri, behin batez amesgaizto izandako hura: «Denborarekin eta, jende profesionalaz inguratzen zarenean, konturatzen zara tratu txarrak jaso izanak badituela ondorioak. Antsietate kronikoa dut nik eta, horrekin batera, beldurra; edozerekin ikaratzen naiz, eta film asko ere ezin ditut ikusi. Lasaitasun faltagatik dela esan didate, egoera haiek ez ditudalako barneratu».
Fibromialgiak, berriz, egunero gogorarazten dio lau hamarkada atzera eginda bizi izandakoa: «Medikuek kontatu didatenez, gaixotasun hori dugun emakumeon zati handi bat tratu txarrak jasotakoak gara eta, beraz, eragin zuzena duela berresten dute».
1975ean senarragandik banandu, eta orduko bizilekutik Tolosara mugitu beharra izan zuen M.C.N.-k, epaileak hala eskatuta: «Hiru aukera nituen: anaia baten etxera joatea, ezkonduta zegoen ahizpa batengana joatea edo gurasoenera joatea. Horrela, ahizparen etxera jo nuen. Ez neukan ezer, 24 urte, beso bakoitzean ume bana eta 8.000 pezeta kuleroetan. Baina, zorionez-edo, sei hilabetean lanean nintzen».
Bizimodua aurrera ateratzeko jarritako kemenaz ari dela, ordea, ordura arte eutsitako malkoak erne zaizkio M.C.N.-ri, semeak aipatzerakoan: «Non daude egoera horiek bizi izan dituzten seme-alaben ondorioak? Nik, oraindik, ez dut sekula semeekin honen inguruan hitz egin, ez naizelako gai lasaitasunez aritzeko. Badakite zer gertatu zen, eta beren onespena eman izan didate, egin nezakeen onena egin nuela esanez. Baina nik beren haurtzaroa nola bizi izan zuten jakin nahiko nuke, eta horrek gerora nola eragin dien. Gai honek, oraindik, gainditu egiten nau, eta ez dakit arantza hori sekula ateratzeko gai izango naizen».
Kontsumismoaren aurpegi gordinena
Familia ereduak, rolak eta estereotipoak ia eguneroko elkarrizketa-gai izan daitezke zenbait testuingurutan. Indarkeria matxista azaltzeko ere balio dezakete, baina, nondik jaiotzen dira eredu horiek? M.C.N.-k argi dauka: sistema da errudun. «Kapitalismoak eta ekonomia politikek kontsumora bultzatzen gaituzte eta, beraz, gizaki baten ibilbidea hezkuntza jasotzea eta lan egitea da, norbere etorkizuna jorratzeko. Aldamenekoaren gainetik egotea da herritar askoren helburua eta, gaur egun, makinak bezala lan egin behar denez, jende askori frustrazioa sortzen zaio».
Kontsumoaren gizartean bizi da mundua, bai, eta «zuzen-zuzenean amildegi baterantz garamatza», M.C.N.-ren ustez. Giza baloreak galtzeak eta frustrazioak bat egitea, beraz, genero indarkeria hori haztearen sustatzailetzat ikusten du.
Aita gazteak beren seme-alaben orgatxoarekin kalean ikustea garai berrien seinale dela pentsatu nahi du baina, era berean, «ezkutuan dauden hamaika istoriorekin» ere gogoratzen da.
Horren aurrean, sendabidea bat eta bakarra da: laguntza eskatzea. «Duela bi urte inguru langabezian geratu nintzen, eta orduan jakin nuen, Tolosako Udalean bazela nirea bezalako kasuei laguntzeko gizarte zerbitzu bat. Laguntza psikologikoa jasotzen dut orduz geroztik, eta indar handia ematen dit, benetan». Modu horretan, bera bezala, azal barruko markak dituzten emakume guztiei laguntza horren berri ematea ezinbestekotzat du: «Herriz herri badira bozgorailuak, laguntza eskainiko dieten pertsonak, eta horri heltzea garrantzitsua da. Belaunaldi berriek lortuko dute akaso, baina, nire esperientziatik, zauri horiek ez dira sekula ixten».