Tolosako Babarrunaren Festa 2015

Urre beltzaren asteburua

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 20a, 09:47

Tolosako babarrunaren asteburua egingo dute larunbatean eta igandean; ekoizleek diote aurtengo uzta "txikiagoa" izan dela, baina azken urteetako "onena" kalitate aldetik.

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltzesaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat “erakusleiho garrantzitsua” da: “Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da”.

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna “oso atzenduta” zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu “estimatua” dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, “oso errotua” dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak “identifikatzen” dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: “Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi”. Kalitateari dagokionez, ordea, “azken lau urteetako babarrunik onena” dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan “eguraldi arraroak” egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori “berehala apurtu zen”, lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak “EAEko eremu berdean” ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: “Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?”.

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara “ohitu gabe” dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta “berezia” izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra “analizatu” egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du “hektarea bat eta erdi edo bi eskas”. Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!