Joseba Maiza tolosarra Les Petites Ridicules taldeko kide da, eta Estualdia izeneko emanaldia eskainiko dute. Mattin Garikano tolosarrak, berriz, Indi-Go superheroia izeneko lana taularatuko du. Antzerkian alor desberdinetan formatutakoak dira biak, eta euren herrian egiten duten lana erakusteko aukera izango dute.
Hasteko, nolakoa da Estualdia emanaldia?
Joseba Maiza: Arkaitz Gartziandia eta biok izango gara. Eta hamar minutuko pieza da, Zezilia Pepper nire emazteak zuzendutakoa da. Gure lehenengo lantxoa da, sketch modukoa. Goi mailako bi jostunen istorioa kontatzen da, komun publiko batean topatzen dute elkar. Bi komun ikusiko dira eszenatokian, hori da eszenografia bakarra. Bien arteko erlazio edo lehia ikusiko da.
Egun berean, Indi-Go superheroia bakarrizketa izango da.
Mattin Garikano: Bakarrizketa baino gehiago inprobisazioa du. Publikoarekin interakzio asko du, beraz, bakarrizketa izan arren inoiz ez dago bakarrik. Pertsonaia hau sortu zen nire alter-ego bat sortzeko modu bat bezala. Nola antzeztu eta norentzat egin probatzen ari nintzen eta lagun baten kontzertu batean Donostian proposatu zidaten bertan antzeztea eta baietz esan nuen. Taberna bat bazen ere beldurra ematen zidan bertan antzezteak eta esan nion nire buruari: 'Horrek beldurra ematen badizu, nork gaindituko du hori? Superheroi batek'. Hor hasi zen istorioa. Gure gizartea kritikatzen du, politikoki ez da zuzena, eta bera saiatzen da mundua aldatzen bere ikuspuntutik.
Interesgarriak dirudite biek.
May Gorostiaga: Oso. Biak ezagutzen ditut. Paraleloak dira beraien ibilbideak. Kanpora joan ziren formatzera biak, formakuntza handia dute. Mattinen kasuan adibidez zine eta film laburren zuzendari izan da. Josebaren teatro fisikoa ikasten izan da Londres eta Brasilen...
Entzun elkarrizketa osoa audioan