"Inork ez du alerta egoera ezartzen, bortxaketak astero albiste izanda ere"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 19a, 11:31

"Politikoki zuzenak" diren erantzunetatik, arazoari errotik heltzeko deia egin dute Bilgune Feministak eta hainbat emakumek; azaroaren 28rako mobilizaziora deitu dute.

Bakearen inguruko tesi, iritzi eta erreakzioak aktualitatearen tontorrean dauden bitartean, bada iritzi publiko orokorraren arreta hainbeste bereganatzen ez duen afera bat: emakumeenganako indarkeria. Gaitz horren gainean jarri du begirada Bilgune Feministak, eta aldarrikapen tinkoa osatu dute, azaroaren 25eko indarkeria sexistaren aurkako egunerako: "Hau ez da gure bakea"

Tolosako Bilgune Feministako kideek eta herriko hainbat emakume eragilek agerraldia eskaini dute, eta azaroaren 28rako mobilizaziora deitu, indarkeria matxistaren aurka: 13:00ean abiatuko dira, Trianguloa plazatik.

Deialdiarekin batera, ordea, irakurketa kritikoa ere egin nahi izan dute. Herritarrek eraso sexisten inguruan "gero eta kontzientzia handiagoa" dutela onartu dute, baina, "politikoki zuzena dena soilik" egiteko joera gaitzetsi dute: "Oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen horiekin bat egitea, politikoki zuzenak diren lanketak egitea, "feminista naiz" etiketa jartzea edo erasoa beti kanpoan kokatzea, norbere burua zalantzan jarri gabe". Bide horretan, erantzunak aldatzeko beharraz ohartarazi dute: "Erasoei emandako erantzunak puntualak izaten dira, eta inondik inora ez erasoen tamainakoak".

Iritzi publikoa indarkeria horren aurka azaltzen bada, ordea, zergatik ez zaio arazoari erantzun oso bat ematen? Sistema da galderaren erantzuna, Bilgune Feministaren eta agerraldian parte hartu duten emakumeen ustez: "Berriro azpimarratzen dugu, indarkeria sexista sistema patriarkalaren tresna dela. Hemen inork ez du alerta egoera ezartzen, astero-astero bortxaketa salaketak albiste izanda ere; ezta urtebetean, Euskal Herrian, sei emakume erailtzen dituztenean ere".

Errealitate horri aurre egiteko beraz, bide bakarra ikusten dute argi: autodefentsa. Izan ere, "emakumeok beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik, eta ez gaituzte jantzi beldurrari erantzuteko". Adibidetzat erabili dute, esaterako, emakumeek, emakume izate hutsagatik bizi duten bortxaketa mehatxua: "Gure jarduerak eta espazioetan egoteko moduak mugatzen ditu horrek, eta izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola".

Horrenbestez, jendartearen gaitz horri aurre egiteko, emakumeak ahalduntzeko deia egin dute, beren buruengan sinetsi eta beldurrari erantzuteko: "Erasoen aurreak biktima gisa jarduten dugun bitartean, ez da arazorik, baina, erantzuten dugun momentuan, gure erantzuna zalantzan jartzen da. Garaia da, beraz, sistemak sortzen duen biolentzia eta beldurra arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez, alegia".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!