Haurrek ere ikas dezakete minbizia saihesten

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 19a, 10:24

Topic zentroan eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak proiektu bateratua aurkeztu dute, haur eta gaztetxoei bizitza osasuntsu bat izateko ohiturak sustatzeko.

Atzo aurkeztu zuten proiektua, Topic zentroan bertan, eta Idoia Otegi Titirijaiko zuzendaria "ilusioz" azaldu zen egitasmoarekin: "Beti prest egon izan gara horrelako proiektuetan aritzeko eta, are gehiago minbiziaren kasuan, etxean izan ez badugu, oso gertuko norbaitek kasua ezagutzen baitugu denok".

Horrela, Tolosaldeko nahiz Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak ere bertaratu ziren aurkezpenera. Hain zuzen, Tolosako ordezkaritzak proposatu zion ideia, Topic zentroari berari: "Tolosara txotxongiloen zentroa ezagutzera hainbeste haur etortzen direla ikusita, beren helburuak gureekin bat egitea polita izan zitekeela pentsatu genuen. Egia esan, oso gustura gaude lehen elkarlan honekin, haurren munduari minbiziaz hitz egin behar baitzaio, haiei ere iristen zaielako gaixotasuna".

6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei bizimodu osasuntsu bat izateko gakoak eskaintzea da jomuga, hainbat bideoren bitartez, minbiziaren prebentziorako. Horrela, bost atal zehaztu dituzte prebentzio-hezkuntza hori jorratzeko, eta Euskal Herriko eta Tolosaldeko pertsona ezagunek izango dute gai bakoitza haurrek helarazteko lema.

Hasteko, Topic zentroko maskota Marionak aurkeztuko du bideo bakoitza, eta bera izango da pertsona ezagun horiek guztiak elkarrizketatuko dituena. Horrela, minbizia zer den azalduko dute, lehenik, Maider Sierra psiko onkologoarekin. Karlos Argiñano sukaldariak ere parte hartuko du ikus-entzunezkoetan eta, bere aldetik, elikaduraren garrantziaz ariko zaie haurrei; bizitza osasuntsuaren zutabeetako bat da. Ariketa fisikoa egitea sustatzearen arduraduna, berriz, Abraham Olano txirrindularia izango da, eta Iker Galartzak, Poxpolo pailazoaren azalean, eguzkiaren arriskuez ohartaraziko ditu neska-mutilak. Azkenik, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorrek sustantzia toxikoen kalteak azalduko dituzte, Marionarekin solasaldian; alkohola eta tabakoa jorratuko dituzte, bereziki.

Aipatzekoa da, bideo guztiak Titirijain estreinatuko dituztela, ikastetxeetatik Topic zentrora bertaratzen diren haurrekin: "Bi saio ikusten dituzte, bat goizean eta bestea bazkalondoan. Horrela, arratsaldeko saioaren aurretik, tarte bat eskainiko diogu minbiziaren prebentzio honi, eta haurrek galderak egiteko aukera ere izango dute".

Era berean, Tolosaldeko mugak gainditu eta Gipuzkoara nahiz Espainiara zabalduko dituzte ikus-entzunezkoak, Minbiziaren Aurkako Elkarteari "benetan interesgarria" iruditu baitzaio proiektua.

Larunbatean, berriz, Babarrunaren Festaren barruan, Topic zentroak eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak postutxo bat jarriko dute Trianguloa plazan, garaiko produktuak sustatu eta barazkiekin panpinak egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!