Tolosako Babarrunaren Festa 2015

Perla beltza altxorrik onena, lapikoari gorazarre egiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 18a, 18:01

Agerre baserriko ganbaran eskaini dute prentsaurrekoa, Anoetako lurretan.

Tolosako babarrunaren festa asteburuan izango da; aspaldiko uztarik onena izan da, hego haizeari esker

Altxorra, produktu izarra eta perla beltza. Guztiek erreferentzia egiten diote Tolosako babarrunari, eta iritsi da, asteburuetan asteburuena, babarrunaz behar den bezala gozatzeko. Ekoizleengana hurbildu nahi izan du, aurten, udalak, eta egitarauaren aurkezpena Agerre baserrian egin dute, Anoetako lurretan. Bertan izan dira, Olatz Peon alkatearekin batera, Nere Letamendia azoka zinegotzia, eta sukaldari nahiz eragileak.

Maiatzean hasi ziren, nekazariak, babarrun aleak ereiten eta, hilabeteotan guztiotan «ekoizleak urduri» izan diren arren, azken asteotako hego haizea alde izan dutela nabarmendu du Nerea Letamendiak, uzta ona iragarri. Joxe Mari Aramendi Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakariak baieztatu egin du: «Azken urteotako uztarik onenetakoa izan da aurtengoa, beraz, jendea etor dadila Tolosako Babarruna dastatzera».

Lurrak emandako produktuak pertzara eramatea beharrezkoa da dastamenaz gozatzeko eta, beraz, aurtengo kartel iragarleari erreferentzia egiten, lapikoari gorazarre egin diote aurkezpenean: «Amonaren babarrunak gogora ekartzen dizkigu, askori, lapikoak. Balio dezala agerraldi honek amona horien guztien lana omentzeko ere, babarrun onenak egiten baitituzte», azaldu du Letamendiak.

Lurraren eta lapikoaren arteko uztartzean, eskulanaren trebezia gehitze horretan, belaunaldi berriak ere ari dira Tolosako Babarrunaren festara gehitzen, eta egitarauan zenbait berrikuntza izango da larunbatean.

Munduko babarrunak

Larunbatean, 07:30erako lanean hasiko dira, jada, sukaldariak, Trianguloa plazako sukaldeetan. Irakiten jarriko dute lapikoetako ura, eta lehiaketan parte hartuko duten ekoizle guztien babarrunak prestatuko dituzte.

«Babarrunaren metamorfosia ikusi ahal izango da bertan, hasieran gogorra eta itxia den alea bigun dastatu ahal izango baita eguerdi aldera», dio Nerea Letamendiak.

Horrela, lapikoko bazka poliki-poliki egiten ari den bitartean, azoka berezia izango da goizeko protagonista. 09:30erako postu guztiak jarrita izango dira eta, noski, babarrunarik ez da falta izango; horiekin batera, sakramentuak nahiz garaiko produktuak ere eskuragarri izango dira.

Sukaldarien guneaz eta azokaz gain, aurten Trianguloak berrikuntza bat izango du, Babarrunaren azoka bereziak: Basque Culinary Center-eko bi sukaldari gazte bertaratuko dira azokara, eta bi errezeta prestatuko dituzte. Jose Antonio Olabe perutarrak Hego Amerikan babarrunak duen garrantzia islatuko du, bertako tradizioaren arabera osaturiko platerarekin.

Yao Yao txinatarrak, berriz, babarrunarekin gauza berritzaileak ere egin daitezkeela erakutsiko du. Sukaldari horien alboan, berriz, Topic zentroak haurrentzat antolaturiko postutxoa izango da, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin batera, haurrei ohitura osasuntsuak helarazteko .

Eguerdiko seinalearekin bat eginda, herritar askoren une gogokoena iritsiko bat: babarrunak dastatzeko unea. Kofradiako kideak arduratuko dira banatzeaz, eta horren ondoren 2015eko babarrunik onena zein den jakinaraziko du epaimahaiak; hiru sari banatuko dituzte, guztira.

Larunbat goiza biribiltzeko, azkenik, enkantea berreskuratuko dute aurten eta babarruna irabazlearen lakari bat izango da eskaintza. «Sortu berri den fundazio batera bideratuko dugu enkanteko dirua: Aurkizuna fundaziora», azaldu du Letamendiak. Tolosa eta Mundaka artean sorturiko taldea da, eta Ekuadorreko haurrei laguntzea dute helburu. Horrela, hezkuntza proiektu bat dute esku artean, harako: nekazaritza eskola bat sortu nahi dute.

Azokak eta lehiaketak babarrun usaina zabalduko dute herrian eta, urteroko moduan, Tolosako tabernarien eskutik, babarrunak bazkalduko dituzte hainbat herritarrek. «Ez dezatela zerura begiratu, eta etor daitezela Tolosara, girorik ez da falta izango-eta», azpimarratu du Olatz Peon alkateak.

Zerkausia, babarrunaren aterpe

1987. urtera egin behar da atzera, Gure Kaiola elkarteak lehen babarruna lehiaketa antolatu zuenez geroztik. Etenik gabeko egitasmoa izan da eta, aurten ere, ez dute hutsik egingo. Horrela, beraz, azaroaren 22an, igandez, 29. Babarruna Lehiaketa gastronomikoa izango da, Zerkausian.

08:30etik 13:00era bitarteko tartea izango dute, parte hartzaileek, babarrunak prestatzeko. Horrela, Gure Kaiolako ordezkariak lehiaketaren harrera azpimarratu du aurkezpenean: iaz jende asko kanpoan geratu zen eta, horregatik, aurten parte hartzaile gehiagorentzako egin dugu tartea».

Guztira, 28 lapiko izango dira sutan, eta Martin Berasategik eta beste hainbat adituk epaituko dituzte platerak. 25 euroren truke bazkaltzeko aukera izango da, ondoren, Zerkausian; 500 pertsona elkartzea espero dute.

Asteburua bikain biribiltzeko, berriz, Santa Zeziliako ospakizunak eta txaranga izango dira, igande iluntzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!