Tolosan izateari utzi eta Gipuzkoa osora zabalduko da Naturaldia

Ataria 2015ko aza. 18a, 16:56

Argazkia: GFA (IƱigo Royo)

Gaur aurkeztu dute jatorria Tolosan duen Gipuzkoa Naturaldiaren lehen edizioa. "Trantsizio urtea" izango dela azaldu dute antolatzaileek, baina Tolosa Naturaldiaren oinarriak mantenduko ditu.

Natura eta haren babesa. Horiek izango dira Gipuzkoa Naturaldia jardunaldien funtsa. "Eraberrituta" dator, baina betiko erronkak ahaztu gabe. Tolosako Naturaldian du jatorria eta haren helburuak mantenduko dituzte: "Dibulgazio sortzaile eta erakargarria sustatu nahi dugu. Natura ongi kontatu nahi dugu, kalitatez", azaldu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu tolosarrak.

Hiru izango dira berrikuntza nagusiak. Alde batetik, Gipuzkoako hainbat lekutara hedatuko da. Tolosan izango da lehen ekitaldia baina ondorengoak lurraldean zehar izango dira. Horrez gain, hiru urtarotara zabaldu dituzte ekitaldiak. Azkenik, munduko eragile eta dibulgatzaileen lankidetza aktiboa bilatuko ditu.

Aurtengoa trantsizio urtea dela azaldu du Asensiok: "talde hausnarketarako edizioa izango da, hurrengo urteetarako oinarri orokorrak finkatzeko".

Gipuzkoako Naturaren soinuak, Tolosan entzungai

Ostiral honetan ekingo zaio Gipuzkoa Naturaldiari, jatorrizko herrian, Tolosan. Hain zuzen, 'Como suena Gipuzkoa' hitzaldia entzuteko aukera izango da Carlos de Hita natura eta paisaien soinu teknikariaren eskutik.

Naturaren soinuak nola harrapatzen diren irakatsiko du De Hitak, Gipuzkoakoako soinuak oinarri hartuta. "Era askotako ekitaldiak egin izan dira orain arte: hitzetan oinarritutakoak, ikus-entzunezkoetan... baina soinuekin egiten den lehena da", azaldu du Shole Martin, Tolosa Naturaldiaren sustatzaileak eta aurtengo edizioko laguntzaileak.

Martxoan, natura eta sorkuntzako 30 eta 40 eragile artean bilduko dira Donostian, aztertzeko naturaren kalitatezko dibulgazioa nola egin eta nola lagundu dezakeen sorkuntzak horretan. Ekainean Donostiako Aquariumean aurkeztuko dituzte ondorioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!