Parisko gertakariaren markoa ulertzeko gakoak, Torquemadaren eskutik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 17a, 17:11

"Musulmanen arteko gerra zibiltzat" jo du, nazioarteko adituak, arazoaren muina; atzo amaitu zen aurtengo mintegi arrakastatsua.

Ikasturteko agendan galdu ezinezko hitzordua da, askorentzat, Jesus Torquemadaren gaurkotasun soziopolitikoaren mintegia. Aurten, agenda arazoak medio, ohi baino laburragoa izan da, lau saiorekin; munduko gertakarien aktualitateak bete-betean harrapatu du egitasmoa, ordea, eta azken saioan Parisko atentatuaren jatorri, ondorio eta azalpenak izan zituen hizpide. "Momentu honetan, helburua ez da errudunak bilatzea, baizik eta Estatu Islamikoa nor den jakitea". Horrenbestez, kazetariak gatazka ikuspegi orokor batetik ulertzeko gakoak eskaini zituen.

1. "Koordinatua"

Pasa den azaroaren 13an Parisen gertatutakoa eraso koordinatutzat du Jesus Torquemadak: "Ez da jende amateurra, kalashnikov bat erabiltzeko prestakuntza militarra jaso behar baita". Bide beretik, erasotzaileen helburua ahalik eta biktima zibil gehien sortzea izan zela dio .

2. Hiru hilabeteko larrialdi egoera

Izuak hartuta du, joan den ostiralaz geroztik, Frantziako hiriburua. Parisko Stade de France estadioan hasitako erasoak, taberna eta terrazetan jarraitu zuten. Alerta egoera, ordea, erasotzaileak Bataclán aretoan sartu zirela jakin zutenean hazi zen, 1.500 pertsona baitziren bertan. 

François Hollande presidenteak segituan ezarri zuen larrialdi egoera, eta hiru hilabeterako luzatu dute. Izan ere, gobernuak "arazo handi bat" du esku artean, gertakarien ondotik: nazioarteko bi hitzordu garrantzitsu Parisen ospatzekoak dira.

Batetik, azaroaren 30ean, klima aldaketaren inguruko goi bilera ospatuko dute Frantziako hiriburuan, eta 196 herrialdetako 10.000 pertsona elkartzea aurreikusita dago. Aipatzekoa da, atentatua gertatu gabe ere, Frantzia segurtasun neurriak bereziki zaintzen ari zela, Torquemadak azaldu zuenez: "Azaroaren 12an, bezperan, Schegen akordioa bertan behera utzi zuten, mugetako erregistroak areagotu ahal izateko". 1995az geroztik indarrean dagoen akordioa da Schegen, eta Luxemburgoko hiri horretan sinatu zutelako hartu zuen izen hori. Besteak beste, Europako herrialdeen arteko mugetako kontrolak deuseztatzea adostu zuten, herritarren zirkulazio librearen alde.

Goi-bilera horrez gain, 2016ko Eurokopa ere Frantzian ospatuko dute eta, kurioski, sekula baino futbol selekzio gehiago ariko dira: 24.

3. Gurutzadarik ez

Ostiral gaueko gertakariek mundu osoko begiak Frantziara begira jarri eta ordu gutxira, Estatu Islamikoak aldarrikatu zituen Parisko atentatuak, komunikatu baten bitartez. Horrela, Jesus Torquemadak adierazpeneko zenbait paragrafori arreta eskaini zien mintegian.

Batetik, "Allah jainko miserikordiazkoak bedeinkatutako erasoak" izan zirela azaldu zuten komunikatuan, eraso horiek "perbertsioaren hirian" egin zituztela zehaztuz: "Gurutzearen estandartea daraman hiria da, bi nazio gurutzatuen arteko partidan".

Bide beretik, Estatu Islamikoak "martirioa helburu" izan zuen Parisko gertakarietan eta, horrela, Allah-ren meritutzat jo dituzte atentatuak: "Frantziak gure helburu izaten jarraituko du, gure profeta iraindu dutelako, Islamaren aurka borrokatzera ausartu direlako eta beren hegazkinekin kalifatoa kolpatu dutelako".

4. Zerbaiten erantzuna?

"Puztu egin den prozesu historiko bat da, Afganistan, Libia, Irak eta beste zenbait lekutako esku-hartzeek areagotu dutena". Halaxe baieztatu zuen Dominique de Villepin lehen ministro ohiak, Parisko atentatuen ondotik.

Jesus Torquemadak ere onartu zuen, mintegian, Irakeko gerra sekulako eragina izaten ari dela honetan guztian, baina, Irakeko gatazka hasi aurreko garaietara ere bideratu nahi izan zuen begirada: "Mendebaldeko eraso jihadistak ez ziren Irakeko gerrarekin hasi, eta hainbat adibide daude hori baieztatzeko". Besteak beste, 1982, 1985 eta 1986an Frantzian aljeriarrek egindako erailketak aipatu zituen kazetariak, eta baita 1996 eta 1995ean egindakoak ere. Bide beretik, "dorre bikiei lehen aldiz eraso zietenean edo Balin 200 herritar erail zituztenean, ez zegoen gerrarik Iraken".

Horrenbestez, nazioartean adituak ez du Irakeko auzia erasoak eragiteko indar bakartzat hartzen.

5. Satiraren amaiera

2015eko urtarrilaren 7ak orban beltz erraldoi bat utzi du Frantziako historian. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako erasoak 17 hildako utzi zituen; agerkariko marrazkilariak eta magrebtar jatorriko polizia bat ziren.

Adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida piztu zuen atentatuak, aldizkariaren jarduna abiapuntu hartuta: "Erlijio guztiez barre egiten zuen Charlie Hebdok, baina, probokazioetan aritzearen beharraz hainbat iritzi bildu zituen gertakariak. Era berean, ordea, judutarrek nahiz kristauek epaitegietara jo izan zuten aldizkariaren aurka, marrazkilariak erail beharrean".

Charlie Hebdok Mahomaren marrazki batekin argitaraturiko azal batek piztu zuen txinparta. Berez, Danimarkako Jyllands-Posten agerkariaren egitasmo batek ireki zuen bidea: 2005ean, Mahoma irudikatzeko "tabua" puskatzeko asmoz, Danimarkako marrazkilariei dei egin zieten, profetaren karikaturak marrazteko. Guztira, 12 karikatura jaso zituzten, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko erreportaje bat osatuz. Argitalpen hark Danimarkako musulmanak mindu zituen, "probokaziotzat" hartu baitzuten artikulua.

Horrela, Jyllands-Posten egunkariak gerora jakinarazi zuen, beren marrazkilarietako zenbait mehatxatuta zeudela. Jesus Torquemadak azaldu zuenez, Kurt Westergard da horietako bat: "Marrazkilaria etxetik irten gabe bizi da, bizkartzainekin eta, hala ere, 2010ean, gizon bat sartu zen bere sukaldean, labana bat eskuan zuela".

Jyllands-Posten agerkariari elkartasuna eman eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko asmoz, Europako beste zenbait agerkarik karikatura horiek argitaratzea erabaki zuten. Charlie Hebdo aldizkari satirikoa izan zen horietako bat, eta marrazki berriak ere gehitu zituzten erreportajean. Karikaturen aferak, ordea, kalera atera zituen milaka musulman, beren profeta ez iraintzeko galdeginez, My Life For Muhammad (Nire bizitza Mahomarentzat) bezalako leloak erabiliz.

6. Mugetatik irten gabe

"Joan den azaroaren 13ko atentatuak egin zituztenak ez dira ez siriarrak, ez irakiarrak", dio Torquemadak. Erasoa, finean, barrukoa izan dela nabarmendu zuen kazetariak eta, gainera, "oso garrantzizkotzat" jo zuen hori: "Musulman izaera gailentzen zaie, erlijioak irabazten dio naziotasunari eta edozeri". Horrela, musulman askok "Frantzia gorroto dutela" dio, estatu laikoa delako.

Gainera, Frantzian atzerritarrak –gehienak magrebtarrak– marjinazio egoeretan bizi izan dira, ghettoak sortuz: banlieues, frantsesez. Parisko gertakariaren ondoren sorturiko iritzi eta erreakzio zenbaitek, marjinazio horri ere egozten diote Estatu Islamikoaren erasoa, baina Torquemada kazetariak baztertze sozial hori jada irauli dela uste du: "Egia da baztertuta bizi izan direla, baina, gaur egun, lanpostu garrantzitsuetan ikus daitezke magrebtar jatorriko politikari edo telebista aurkezleak, adibidez. Era berean, gobernuak diru laguntza handiak ematen dizkie herritarrei, baita ghettoetakoei ere".

Kontuak kontu, Frantzia da musulman eta judutar gehien bizi diren Europako herrialdea; 5 milioi musulman eta 600.000 judutar, guztira.  Torquemadaren iritziz, Palestina eta Israelen arteko gatazka islatu egiten da, nolabait, Frantzian bertan, eta horrela azaldu zuen urtero Israelera lekualdatzen den judutar-frantziarren kopurua: "Era masiboan joaten ari dira, urtero 30.000-50.000 inguru joaten baitira".

7. Gerra zibil bat

"Nazioarteko gatazka guztietan daude musulmanak, bitan izan ezik: Kolonbian eta Ukrainan". Torquemadaren ustez gakoa bat eta bakarra da, mundu mailako afera horretan: "Musulmanen arteko gerra zibil bat da berez, eta petrolioaren zaindariak direlako eragiten dio gainontzeko mundu guztiari".

Musulman suniten eta xiiten arteko gatazka 632. urtean sortu zen, Mahoma profetaren heriotzarekin: haren jarraitzaileen artean desadostasunak sortu ziren, Mahoma ordezkatuko zuen kalifa berria aukeratzerakoan.

Gaur egun, sunitena da jarraitzaile gehien dituen korrontea, eta Saudi Arabia, Siria, Oman, Afrikako mendebaldea nahiz Asiako ekialdea sunitak dira, nagusiki. Xiiten kokaleku nagusiak, berriz, Iran, Irak, Bahrein eta Libano dira.

Sineste berak dituzten arren, banaketa musulmanen arteko hamaika gatazkaren iturri izan da, eta Irakeko nahiz Siriako gerra dira horren adibide: "Siria sunita den arren, Bashar al-Asad presidentea xiita da, eta horrek piztu du gudua. Iran, xiita denez, Siriaren aldeko jarrera hartu du eta, aldiz, aurkakoa egin du Saudi Arabiak: ez du laguntzarik eskaini nahi", azaldu zuen Torquemadak.

Bi korronte horien azalpena emanda, ordea, non kokatzen da Estatu Islamikoa? "Estatu Islamikoak aldarrikatzen duen kalifatoa sunita da, eta horregatik ari dira Siriaren aurka", dio Torquemadak.

8. EI, ISIS ala DASH?

Estatu Islamikoak hainbat izen hartu ditu: ingelesez (ISIS) nahiz arabiarrez (DASH). Badirudi, nazioarteko agintarien artean badela zenbait desadostasun, Estatu Islamikoari "estatu" izaera aitortze horretan. Baina, egiazki, Jesus Torquemadaren arabera, "estatua eta armada dute". 

Musulman sunitez osaturiko taldearen buruzagia Abu Bakr Al-Bagdali da, eta kalifatzat du bere burua. Irakeko eta Siriako zati handi bat hartuta dute, gehiena basamortua den arren; Mosul, Falluja eta Raqqa dira kontrolpean dituzten hiri nagusiak.

Osama Bin Ladenen Al Qaedarekin zenbait antzekotasun dituzten arren, Torquemadak bi korronteen arteko desberdintasunak zehaztu zituen mintegian: "Bin Ladenek musulmanen nagusitasuna lortu nahi zuen munduan, baina pixkana-pixkana. Estatu Islamikoak, berriz, mundu musulman osoa batera altxatu nahi du".

Bide horretan, kalifa komunitate musulmanaren buruzagi politikoa da, eta kalifatoa da bere aldarri nagusia: gaur egun edo inoiz musulmanak izan diren herrialdeak birkonkistatzea. Aipatzeko da, Al Andalus–Iberiar Penintsula– ere kalifato horren zati litzatekeela. 

9. Giza-taldeen kontrola

Jesus Torquemadak argi eta garbi azaldu zuen Estatu Islamikoaren aferaren inguruko iritzia: "Erlijioa, edo berau interpretatzeko modua da arazoa". Kazetariaren iritziz, mendebaldeko erabakien aurretik bazen gatazka bat da, eta gerora ere izango dena: "Kolonbiako gerrillek motibazio batzuk dituzte, IRAk beste batzuk zituen,... baina ez dute zerikusirik EIrekin".

Eta, bide horretan, erlijioaren beraren interpretazioez aritu zen: "Musulmana erlijio baketsua dela diote, eta Koranak hiltzea ez duela sustatzen. Nik, ordea, Koranaren hiru itzulpen irakurri ditut, eta hainbat ataletan, estaia deuseztatu egin behar dela dio testuak. Etsaia, noski, islamera bihurtzen ez dena da".

Bere ustez, "ezinezkoa" da duela 1.400 urte idatzitako liburu sakratu bat, 2015. urtean, hitzez hitz erabiltzea: "Kode penal bat dirudi, orduko legeen araberakoa, baina epe luzerako helburuak sortzeko baliagarri zaiena".

Horrela, beraz, erlijioen inguruko zalantza airea utziz biribildu zuen aurtengo gaurkotasun soziopolitikoaren mintegia: "Erlijioak gizakiak sortutakoak dira, eta jende asko saiatu izan da erlijio bat sortzen, gutxik lortu duten arren: Buda, Kristo, Mahoma,... Erlijioa giza-taldeak kontrolatzeko erabili izan dira eta, areago, zenbait zientzialarik defendatzen dute giza espeziearen bizirautea erlijioek bermatu dutela, zenbait arau ezarriz zibilizazioaren kohesioa lortu dutelako".

Dena den, kazetariak ez du zalantzarik: "Ezin diogu erlijioari gure bizitza baldintzatzen utzi".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!