Ilusio bikoitzeko lana

Mikel Iraola 2015ko aza. 14a, 22:00

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek beren azken lana aurkeztu dute Tolosako Sukal Talkan. Disko bikoitza argitaratu dute: bata, Amalur, baserriari eskainitakoa; bestea, Euri Tanta Banintz, Joxan Ormazabalen olerkiak oinarri hartuta.

Ilusioa, alaitasuna eta osasuna. Hitz hauekin definitu dute pailazoek argitaratu duten lan berria. Hasieratik bukaerara, "jostalaria" ere badela azaldu dute. "Horrela egiten ditugu beti gure diskoak, eta horrela egiten zituen bere olerkiak Joxan Ormazabalek", azaldu du Aiora Zulaika Pirritxek.

Izan ere berezitasun batekin dator Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berria: disko bikoitza izango da. Alde batetik, baserriko bizimoduaz eta ama lurraz dihardu 15 kantuz osaturik dagoen Amalur izeneko diskoak -ikusizun berria lan honetan oinarritu dute-; eta bestalde, Euri Tanta Banintz diskoak abesti bihurtutako Joxan Ormazabalen hamabi olerki biltzen ditu.

Joxan, alaitasunez gogoratuz

"Gizon alaia eta sentibera zen Joxan" gogoratu dute Xabier Zabala musikagileak eta Xabier Mendiguren lankide eta lagunak. Eta berea zuen alaitasun horrekin busti nahi izan dituzte entzuleak Euri Tanta Banintz bildumarekin.

Alaitasunez gain, "mimoz eta maitasunez" egindako proiektua izan dela azaldu du Porrotxek. Txoan eta Jatsu semeak izan dira olerkien hautaketa eta elkarren arteko loturak egin dituztenak, eta amarekin batera ahotsa ere jarri dute abesti batean. "Izugarrizko lana egin dute, elkarlan ederra izan da", azaldu dute pailazoek. Olerkiak musikatzearen ardura, berriz, Xabier Zabalarena izan da. Musikagileak lan batzuk "aurreratuta" zituela onartu du: "Joxanen olerki batzuk musikatzen hasi ginen biok duela urte batzuk, baina gordeta gelditu ziren. Orain berriro hartu ditut".

Proiektu honen bidez, Pirritx eta Porrotxek ere "arantzatxo bat kendu" dutela aitortu dute: "Suertez ezagutzen genuen Joxan, eta aspaldi esan zigun nahi bere olerkiak nahi genituenerako erabiltzeko. Ez genuen ezer egiteko aukerarik izan, eta bagenuen arantzatxo bat gure barrenean. Orain kendu dugu" dio Pirritxek.

Diskoari dagokionez, hamabi kantu biltzen ditu, egunerokotasunean gertatzen diren gauza xinpleei buruzko gogoeta txikiak egitera eramanaz. Porrotxen arabera, "Joxanen olerkigintza oso jostaria, goxoa eta zuzena da. Jaiotzear dagoen umeari idazten zion. Eta umeen hizkuntza hori asko nabari da diskoan".

Baserriaren egunerokoa, gaurkotuta

Diskoaren beste zatia baserriari eta ama lurrari eskainitakoa da. Duela 16 urte ere baserria izan zuten hizpide Amona Josefinarekin; orain, ordea, baserriak bizitako iraultza ikusirik, "gaurkotuagoa" den bizimodu bat irudikatu nahi izan dute. "Hamarkada bat pasa da ordutik, eta tartean globalizazioak eta krisiak ondorio handiak utzi baserrietan. Aldaketa horiek islatu ditugu", azaldu du Porrotxek.

Ikuspuntu "egoistatik" ere baduela azaldu du Pirritxek: "Baserritarrei omenaldia egin baino, pentsatu dugu ze onura ekartzen dizkigun baserriak kalean bizi garenoi". Zentzu horretan, pailazoek egindako lana txalotu dute grabazio lanetan bidelagun izan dituzten Iztueta eta Sosola baserrietako nekazariek: "Etengabean aritzen gara baserriko lana gizarteratzen eta bideak eraikitzen baserriaren eta hirien artean. Horrelako lanek asko balio dute zubi lan horretarako".

Eta baserriaz arituta, ezin ahaztu bertako elementurik garrantzitsuenetako bat, lurra. "Lurra da gure ama, eta finean amak gu zaintzen gaituen bezala zaindu eta maitatu behar dugu lurra". Hori da Amalur diskoak plazaratu nahi duen ideia nagusia.

Illargi baserritarra izango da mezu hori transmititzeaz arduratuko dena. Marimototsek baserritarra izateko asmoa du, eta berak lagunduko dio: ordua landatzen, lurra zaintzen, animaliak sendatzen, ukenduak egiten, baserriko ekonomia eramaten, eguraldia iragartzen...

Lagunartean

Disko bikoitz hau argitaratzeko egundoko kolaboratzaileak izan dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, besteak beste, Alex Sardui, Uxue Alberdi, Joseba Tapia, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Petti, Maddalen Iriarte edota Jakoba Errekondo.

Horietako asko izan dira larunbateko aurkezpenean. Zerkausian zehar azoka bisitatu, bertako produktu batzuk eskuratu eta lagunartean bildu dira Sukaltalkan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!