Kondairen mundua eskuekin mugi daitekeenean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 13a, 19:33

33. Titirijai datorren astean hasiko da, Tolosan, 34 emanaldirekin.

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo jaialdia azaro eta abenduaren arteko zubi izan ohi da. Aurten, hilabete horien freskotasunik gabe aritu beharko dute txotxongiloek, baina, aurreko urteetan bezala, 33. aldiz mundu osoko konpainia, panpina eta irudimenek bat egingo dute.

Azaroaren 21etik 29ra bitarte, 13 konpainia protagonista izango dira Tolosako bi antzokietan, Leidorren eta Topic-en. Ikusleak, berriz, ez dira adin txikikoak soilik izango: helduen txotxongilo ikuskizunak bereziki sustatu nahi izan dituzte, eta bi aukera izango dira horretarako.

Aipatzekoa da, iaz 10.000 ikus-entzuletik gora elkartu zituela Titirijaik, ikusle zabalaren eta ikastetxeetako ikusleen artean. Aurten, beraz, jomuga bera izango dute. Bide horretan, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Xabi Ormazabalek eskerrak eman nahi izan zizkien, aurkezpenean, ikus-entzule guztiei zein ikastetxeei, "txotxongiloak hezkuntzaren beste hanka moduan ulertzeagatik, eta horren aldeko apustua egiteagatik".

 

Egitarauko ikuskizunez gain, hiru tailer ere eskainiko ditu aurtengo txotxongilo jaialdiak. Lehena babarrunaren azoka bereziaren harira egingo dutena izango da, bi festek bat egingo baitute datorren asteburua: txotxongilo-babarrunak eraikiko dituzte neska-mutilekin. Bigarrenik, azaroaren 28an, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean, haurrei ohitura osasungarriak irakasteko tailerra izango da, barazkiak txotxongiloak egiteko baliatuz. Azkenik, hirugarren tailerra ingelesa ikasteko bide bat izango da, Elduaien akademiaren eskutik.

Tailerren bide beretik, azkenik, helduentzako solasaldi edo mahai inguruak bilduko ditu 33. Titirijairen egitarauak. Ipuinen egokitzapenaren ingurukoa izango da bata, eta txotxongilo konpainia berriak sortu eta aurrera ateratzearen zailtasunak hizpide izango ditu, beste batek. Haur txikiei begirako antzerkiaren ekarpenak landuko dituzte beste solasaldi batean, eta "sinestezina" dela azaldu zuen, aurkezpenean, Idoia Otegik. Azkenik, helduentzako txotxongilo ikuskizunak ere jorratuko dituzte.

Sarrerak eta informazio osatuagoa Topic zentroan bertan eskuratu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!