Mendiarte Elkartea, bazkide bila

Mikel Iraola 2015ko aza. 13a, 14:02

Goia, Lopiz, Arin eta Iturbe, hurrenez hurren

Larramendi Auzoan elkarte gastronomiko bat zabaltzeko proiektua abiatu dute hainbat auzotarrek. Aurreratua dute guztia, jendea falta zaie.

Duela urte batzuk, Larramendi auzoan elkarte gastronomiko bat zabaltzeko ideia izan zuten bertako bizilagun batzuk. Bileren joan-etorrian ere ibili ziren, baina ez zuen aurrera egin. Ideian geratu zen. Orain, ordea, indar gehiago hartu du, eta ideia izatetik proiektua gauzara pasa nahi dute. 

Lan horretan dabiltza, besteak beste, Iban Lopiz, Ion Arin, Xarles Iturbe eta Iker Goia. Elkarte berriaren nondik norakoak jendeari helarazten ari dira, bazkideak biltzeko asmotan. Orain arte 30 inguru bildu dira, baina gehiagoren beharrean dira. Izan ere, elkartea 80-85 pertsonentzat aurreikusi duten arren, gutxienez 55 bilduta egiten hasteko moduan lirateke.

Berritasuna eta gertutasuna

Tolosan Elkarte Gastronomiko ugari dira, baina zergatik beste bat? Gertutasuna aipatu du Arinek: "Nik argi dut elkarte batek etxetik urbil izan behar duela. Ibarrako elkarte bateko bazkide naiz, baina orain oso urruti geratzen zait, eta auzoan elkarte bat izango banu askoz ere gehiago aprobetxatuko nuke".

Gauza bera gertatu zitzaion Lopizi, eta horrela sortu zen elkartea sortzearen ideia: "Andoaingo zenbait bizilagun gaude Larramendin, hango elkartea utzi behar izan dugunak. Kabi-Alai elkartean sartzekotan izan ginen baina azkenean denboraz kanpo ibili ginen eta auzoan irekitzea otu zitzaigun".

Hurbiltasunaz gain, Lopizek beste ezaugarri bat ere nabarmendu du: berritasuna. Ez elkartea berria delako bakarrik, araudia eta baldintzak ere "gaurkotuak" direlako: "Beste elkarte askotan gertatzen da sartu nahi izanez gero aspaldiko araudia onartu behar dela. Gurean, denon artean adostu ditugu baldintzak. Adibidez, neska eta mutilak ezberdintasunik gabe tratatuko dira. Bikotekideek ere elkartera joan ahal izango dute, bazkidea bertan egon behar izan gabe, kide atxikitu izango baitira".

Iturbek gaineratu du auzo logikan "beste bizi bat" emango diola Larramendi auzoari: "Larramendi bizi askoko auzoa da. Auzo Elkartea dago, Festa Batzordea dago... eta elkartea beste espazio bat izan ahal da. Guztion artean elkarlanean gauza ugari egin daitezke".

Jendeari, deia

Aipatu moduan, aurreratua dute guztia: Artxipiaga plazan, Arramele Ermita pareko lokal bat hitzartu dute jabe den eraikuntza enpresarekin. Proiektua ere egina dute, eta horretarako behar diren Eusko Jaurlaritzako eta Tolosako Udaleko baimenak ere eskuratu dituzte. Izena ere, bozketa bidez aukeratu ostean, erregistratu dute: Mendiarte.

Urte amaierara bitartean, proiektua gauzatzen hasteko falta zaien jendea batzea dute helburu eta horretara animatu nahi dituzte auzotar eta gainerako herritarrak: "Orain da garaia, izan ere, proiektua egingo ez balitz gure aldetik lanak egiteaz utziko genuke seguruenik".

Ordainketetarako ere erraztasunak eman dituzte: "Hasteko, bazkide izan nahi dutenek ez dute momentuz dirurik jarri beharko, jende guztia biltzen dugun arte. Gero, gainera, ez du ordainketa aldi bakarrean egin behar, lehen bost urtetan alokairua ordaintzen joango baikara eta bost urte horien ondoren erosiko baita lokala".

Informazio gehiagorako eta komunikazio tresna gisa, blog bat eta posta elektroniko bat jarri dituzte jendearen eskura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!