Natura, ondare bezain motor

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 13a, 12:57

Energia jardunaldiak asteartean hasiko dira, eta eredu praktikoak uztartuko dituzte, pil-pileko gaien inguruko solasaldiekin.

Udalen ituna sinatu zuten hamaika udalen artean da Tolosakoa eta, besteak beste, CO2 emisioak murrizteko konpromisoarekin bat egin zuen erakundeak. Horrela, aurten ere energiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuarekin batera. Naturak eskaintzen diguna nola erabili? gaiaren itzalpean, baliabide naturalak, energia berriztagarriak nahiz legearen mugak hizpide izango dira.

Euskal Herria plazan egin dute aurkezpen agerraldia, Topic zentroan bertan izango baitira bi saio. Patxi Amantegi ingurumen zinegotzia izan da bertan, eta alboan izan ditu Iñigo Muñoz ingurumen teknikaria, Garbiñe Maiza Zuhaizki enpresako ordezkaria, eta Alfredo Chorens eta Jon Ander Agirrezabala Tolosaldea institutuko ikasleak. 

"Aurtengo jardunaldien berezitasuna, jardunaldiak Tolosako errealitatera gehiago gerturatzea izango da", Iñigo Muñozek azaldu duenez. Modu horretan, mahai inguruetako zenbait hitzaldi tolosarrak izango dira. Horietako bat da Garbiñe Maiza, eta asteartean ariko da, 19:00etan, Toipc-eko mahai inguruan. Egurra izango dute hizpide, energia iturri nahiz eraikuntzako material gisa eta, besteak beste, Zuhaizkin efizienteak diren egurrezko leihoak ekoizten hasi direla nabarmendu du: "Egurraren jasangarritasunaz ariko gara, eta basoak era jasangarrian kudeatzeko moduez ere bai. Halaber, Egurrak CO2a hartu eta oxigenoa botatzen duenez, horrek klima aldaketan dituen eraginak ere aipatuko ditugu. Azkenik, etxebizitza efizienteak eta horien balioak mahai gainean jarriko ditugu". Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko Ekosfera programako kazetariaren gidaritzapean, Reyes Urbizu (Baskegur), Juan Carrasco (Arregi pellet) eta Jon Zulaika (Naturzaindia) lagun izango ditu Maizak.

Baliabide naturalak ondare izatetik motor izatera pasatze horretan, adibide praktikoek ere izango dute beren tartea, aurtengo energia jardunaldietan. Izan ere, bideo esperientzia batzuk osatu dituzte, astearteko saiorako. Batetik, Tolosako Alde Zaharreko etxebizitza baten adibidea ezagutu ahal izango da: biomasazko berogailua ezarri dute bertan. Bigarrenik, Laskorain ikastolako Sakramentinoetako eraikinaren birgaitzea ere adibidetzat baliatuko dute.

Egurraren zaku berean, eguzkia ere energia iturri berriztagarria da. Azken aldian, gainera, aktualitateari erabat lotutako gaia da, duela gutxi onartu baitute, autokontsumoaren dekretua. Hori abiapuntu hartuta eta, Tolosako Ingurumen Zentroko Kakun Orbegozoren gidaritzapean, hiru adituk beren esperientzia partekatuko dute, ostegunean, bertaratuekin: Mondragon Unibertsitateko Ander Goikoetxea, Ebener Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteko kide Fede Zabala eta Usurbilgo Lanbide Eskolako Oier Aranzabal izango dira hizlariak.

Ekopelleta ezagutzeko bisita irekia

Mahai inguru eta solasaldiekin batera, txango bat ere antolatu dute aurten, energia jardunaldien egitaraua osatzeko. Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuko ikasleekin batera, Urnietako Arregi Ekopellet enpresa bisitatzeko aukera izango da, asteazken goizean. "Pelleta nola, zertarako eta zergatik erabiltzen den ezagutuko dugu", azaldu dute ikasleek, jendea animatuz.

Horrela, autobusa doan izango da, bertaratu nahi dutenentzat. 11:15ean irtengo da Tolosako zezen plazatik eta, 11:30ean, berriz, Samaniego ikastetxeko geltokian hartzeko aukera izango da. Izena emateko, ingurugiro@tolosa.eus helbidea nahiz 943 65 25 44 telefonoa erabil daitezke.

EGITARAUA:

Azaroak 17, asteartea

19:00-20:30. Mahai ingurua:
Egurra energia iturri eta eraikuntzarako material gisa.

Moderatzailea: Jokin Aldazabal (Euskadi Irratia)

Gaiak:
- Egurra eraikuntzarako eta energia iturri bezala erabiltzea jasangarria al da? (Reyes Urbizu, BaskEgur)
- Eraikuntzarako egurrezko produktuen abantailak. (Garbiñe Maiza, Zuhaizki).
- Egurraren erabilera energetikoa. Biomasa. (Juan Carrasco, Arregi pellet planta).
- Egurraren erabileraren arriskuak gure ekosistemarentzat. (Jon Zulaika, Naturtzaindia).

Azaroak 18, asteazkena

Arregi Ekopellet plantara (Urnieta) bisita irekia, Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuaren eskutik. Irteera: zezen plazan 11:15ean, eta Samaniegon 11:30ean.
Izena emateko, ingurugiro@tolosa.eus / 943 65 25 44.

Azaroak 19, osteguna

19:00-20:30. Mahai ingurua:
Eguzki energia eta autokontsumoa.

Moderatzailea: Kakun Orbegozo (TIZ)

Gaiak:
- Eguzki energia gorde al daiteke? Nola? (Ander Goikoetxea Arana, Mondragon Unibertsitatea).
- Autokontsumoa posible al da orain? (Fede Zabala, Ebener Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkartea).
- Autokontsumoko esperientzia praktikoa (Oier Aranzabal, Usurbilgo Lanbide Eskola).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!