Beotibar frontoia, muslari uholdearen zain

Ataria 2015ko aza. 13a, 10:55

Iazko mus txapelketaren une bat.

Fronton kafetegiak antolatuta, XV. Mus Txapelketa egingo da bihar Beotibar frontoian.

«Muserako giro bikaina izaten da», azaldu du Juantxo Izagirre Fronton kafetegiko arduradunak. Beotibarko frontoian XV. Mus Txapelketa egingo da bihar arratsaldean, Fronton kafetegia delarik antolatzailea. 15:00etan irekiko da izena emateko epea eta 16:30ean hasiko da lehiaketa. Bikoteka egiten da txapelketa, eta bakoitzak 40 euro ordaindu behar ditu. Lau erregetara eta hiru usteletara jokatzen da.

Bikote bakoitzak gutxienez bi partida jokatzen dituela nabarmendu du Izagirrek: «Mus txapelketa hau berezia da, lehenengo partida galtzen dutenek beste aukera bat dute, guzti horiekin beste txapelketa bat jokatzen delako. Hau ez da beste inongo txapelketetan egiten». Horrela, txapelketa nagusia irabazten dutenek 1.300 euro eskuratzen dituzte eta txapeldunordeak 600 euro. Bigarren txapelketa horretan lehiatzen direnen artean, irabazleek 400 euro jasotzen dituzte eta bigarrenek 200 euro. Bi txapelketetako finaletara iristen diren lau bikoteek Fronton kafetegian afaria egiten dute, finalak jokatu aurretik.

Leku askotatik etortzen dira muslariak jokatzera. Iaz, esaterako, Isabatik ere etorri ziren bi bikote. Iaz 149 bikote aritu ziren lehian eta normalean beti ehundik gora bikote aritzen dira. Piloten ordez, kartak izaten dira protagonista egun batez Beotibar frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!