«Guk lehen aldi hartako ideia dugu: 'Goza ditzagun zuzenekoak'»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 11a, 11:33

Imanol Ubeda tolosarra «oso pozik» dago Peiremans-en itzulerako harrerarekin; igandean ariko dira Tolosan, Bonberenean.

Hamar urteko efemeridea zetorkion, aurten, Peiremans + taldeari, eta ezin hobeto biribildu dute urtemuga, zuzenekoetara itzuliz. Imanol Ubeda tolosarra da lau kideetako bat, eta etxean jokatuko du asteburuan, zazpi kontzertu preziatuetako azkena Bonberenean eskainiko baitute.

Joan zinetela, baina oraindik hemen zaudetela esanez itzuli zarete.
Esan daiteke txiripaz izan dela. Joan den udan, afari txiki bat egin genuen, hamargarren urteurrenaren aitzakian, eta, han, erdi txorakeriatan hasi ginen, urteurrena ospatzeko emanaldi bat edo beste egitea ondo legokeela esanez. Egutegiak begiratzen hasi, eta azaroan denok aukera genuenez, aurrera egin genuen. Egia esan, duela hamar urte ere, antzeko egoeran geunden: Gorka [Urbizu] Berri Txarrakekin zebilen, topera; ni Bide Ertzeanekin eta Txiki Kashbadekin.

Badirudi Euskal Herria benetan poztu dela zuen erabakiarekin.
Gu, egia esan, seko harrituta gaude. Duela hamar urte, bost kantuko disko hark izan zuen bere oihartzuna, baina ez zen oraingoaren parekoa izan. Eta, lauzpabost emanaldi haiek ere ez zuten horrelako jakinminik piztu. Horregatik, harrituta gaude, alde batetik, baina, bestetik, oso pozik gaude harreragatik, eta asko eskertzen dugu.

Denborak ahanzturara eraman beharrean, alderantzizkoa egin dio Peiremansi. Zergatik?
Ez daukagu oso argi. Pentsatzen dut, bere garaian, batzuei ez geniela denborarik eman Peiremans deskubritzeko. Baina, kantuek beren bidea egiten jarraitu dute eta jendeak kantuak entzuten jarraitu du. Beste faktore garrantzitsu bat izan liteke Berri Txarraken momentu ona. Arrakasta handia du eta, pentsatzen dut, asko eta asko hortik datozela, Gorkaren egitasmo hau ezagutzeko gogoz.

Sare sozialen abiadura bizia ere izan liteke, beharbada?
Bai, hala da, hori ere pentsatu dugu. Itzulerak sare sozialetan berehala oihartzun handia izan zuen, eta hor egin genuen lehen termometro lana. Duela hamar urte ez zegoen Whatsappik, eta Facebook-ek eta Twitter-ek ez zuten egungo oihartzunik. Youtube ere hastapenetan zen eta, eskerrak, izan ere, orain, edozein emanalditan edozer grabatzen dizute. Hori oso gaizki daramagu musikan gabiltzanok, baina, tira, hala da eta hala eraman beharko dugu.

Itzulerak arrakasta izan du, baina, Peiremans + galtzaileei gorazarre egiteko sortu zen, nolabait.
Batu ginenean, talde paralelo moduko bat sortzeko izan zen eta, abesti eta diskotxo horrekin, egitasmo labur bat egin nahi genuen. Izenburua jartzeko, berriz, kantuak irakurriz-eta, pentsatu genuen galtzaileekin loturiko zerbait izan behar zuela. Horrela, Realeko jokalari batekin gogoratu ginen, Frédéric Peiremansekin. 2002 inguruan fitxatu zuen Javier Clemente orduko entrenatzaileak, eta Realak dirutza ordaindu zuen. Baina, kontua da, oso lesio larria izan zuela, ez ziola bueltarik eman, eta ezin izan zuela Realean debuta egin. Gero Eibarren aritu zen, utzita, baina han ere ez zen osatu, eta, azkenean, erretiratu egin zen. Beraz, bere izena gure taldea izendatzeko erabiltze horrekin keinu bat egiten genion. '+' hori jarri genion ondoan, adierazi nahian, bizitzan denok izan garela, noizbait, Peiremans. Eta, izan ez bagara izan, izango gara. Baina, galtzailearena oso gaizki eramaten da gizarte lehiakor honetan, eta super-aitatxoa, super-langilea eta super-laguna izan behar duzu. Badirudi ezin zaizula ezer okertu, bestela lurra jo duzula. Kurioski, ordea, denoi egokitzen zaigu garai txarrak kudeatu beharra.

Proiektu paralelo batean aritzeak zer eskaintzen dizu zuri, pertsonalki?
Gu denon taldeak nahiko garaikideak dira, eta beti mantendu izan dugu harremana, kontzertuetan-eta topatu izan garelako. Berriro elkartzea, beraz, plazer handi bat da, musika lagunekin egitea, oso gustagarria delako. Horrez gain, norbere ohiko erritmotik aldentzeak ere badu ederretik: beste modu batera jo, beste modu batera konposatu, beste modu batera abestu,... Hori beti da polita. Garrantzitsua iruditzen zait bestelako dinamiketan ere aritzea, saio eta kontzertu bakoitza beti ikasgai bat delako.

Kantu berriekin itzuli zarete. Gordeta zenituzten, ala elkartu ondoren sortu dituzue?
Berriro elkartzea erabaki genuenean, berehala ikusi genuen oso errepertorio txikia genula. Era berean, lehengo Peiremans taularatzearekin batera, gaurko Peiremans ere islatu nahi genuen, nola edo hala. Eta kantu berriekin egin nahi genuenez, lauzpabost abesti konposatu ditugu oso denbora laburrean; horietatik bi grabatu ditugu. Egia esan, nahiko lanpetuta pasatu ditugu bi hilabete, entsegu eta kantu berriekin, baina lanpetu bezain atseginak izan dira egun horiek.

'Bemidji' du izena, kantu berrietako batek, eta AEBetako hiri bat dela dio Wikipediak. Loturarik?
Bai. Bada oihartzun pixka bat baduen telesail bat: Fargo. Coen anaien film bat izan zen, eta telesaila egin zuten, gero. Kontua da, Fargo Bemidji-n grabatzen dutela. Abestia eta hitzak Gorkarenak dira eta, telesail hori ikusten duenez, letrak oihartzun hori piztu zion, nahiz eta hitzek dimentsio orokorrago bat ere baduten. Berak oso gustukoa du izenburuekin jolastea; gure lehen diskoan ere bazen Send Flowers izeneko abesti bat. Beraz, ukitu jolasti bat eman nahian-edo jarritako izenburua dela esango nuke.

Iragarritako zazpi kontzertuen ondoren, zuen jarraitzaileek gehiagoren itxaropenik izan dezakete?
Peiremansen aurretik bagenbiltzan, eta Peiremans eta gero ere baditugu hitzordu eta egitasmoak. Ederra litzateke jarraitzea, baina nik oso zail ikusten dut, musikaz gain ere baditugulako bestelako zereginak. Guk lehen aldi hartako ideia dugu: goza ditzagun zuzenekoak, eta listo. Jende asko galdezka ari zaigu, abesti berriak euskarri fisikoan argitaratuko ote ditugun jakiteko. Egia esan ez digu denborarik eman orain argitaratzeko, baina ez dugu baztertzen; dena den, hitz egiteko daukagu hori ere. Zaleei beraz, esango nieke, ahal izanez gero, goza dezatela oraingo agerraldi hauekin, eta sareratu ditugun bi abestiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!