Auzotarren topagune bilakatu den krosa, herri guztira zabalduko da

Asier Imaz 2015ko aza. 10a, 16:42

Larramendi Auzoko Festa Batzordeko kideek eta Plan B tabernako arduradunak, larunbat honetako krosa aurkeztu dute

Aurtengoa, hirugarren edizioa izango da. Giulia Zatteli festa batzordeko kidearen esanetan, topagune bat bilakatu da krosa: «Auzo nahiko berria da, eta gazte jende asko bizi da. Haurrekin plazara jaitsi eta elkartzeko aitzakia polita izaten da krosa; helduek zein haurrek parte hartzeko aukera izaten baitut. Era batera edo bestera, azkenean, jende askok parte hartzen du».

Olga Fidalgo Plan B tabernako arduraduna da. III. Larramendiko Krosaren xehetasunak berak eman zituen. Aurten berrikuntza bat izango dela ere aurreratu du. «Lasterketa larunbatean izango da. Haurrena 15:30ean hasiko da, eta helduena 16:30ean». Txikienak lau multzotan banatu dituzte, eta 15 minutuko tartearekin aterako dira korrikalari txikiak, adinaren arabera. Benjaminek 600 metroko ibilbidea izango dute; alebinek 800 metrokoa; infantilek kilometro bat egingo dute, eta kadeteek 1.200 metro. Haurrak auzotik atera gabe ariko dira.

Helduak Tolosan barrena izango dute euren itzulia. Aurtengo berrikuntza 5 kilometroko ibilbidea izango da. Orain arteko edizioetan 10 kilometrokoa zen egin beharreko ibilbidea. Aurten, esan bezala, bi aukera jarri dituzte. Irteera 16:30ean hartuko dute nagusiek, eta Maxi Eroskiko zubiraino joango dira, hor buelta hartu eta Larramendira itzultzeko. Ibilbide laburra egingo dutenek itzuli bat emango dute, eta luzekoek, bi.


Izen ematea, zabalik
Haurrek egunean bertan eman beharko dute izena Plan B tabernan; dohainik. Lasterketan parte hartzen dutenek, dominak, opariak eta merienda izango dituzte.

Helduek aurrez www.herrikrossa.com webgunean edukiko dute izena emateko aukera. Ibilbide laburrekoek 6 euro ordaindu beharko dituzte, eta luzekoek 10. Egunean bertan hauek ere izena emateko aukera izango dute Plan B tabernan, 15 euroren truke. Lehen hiru sailkatuek, auzoko lehenek, eta lehen beteranoek saria izango dute. Horrez gain, kamisetak banatuko dituzte parte hartzaileen artean, beste hainbat zozketekin batera.
Fidalgok jakinarazi duenez, lasterketa grabatu egingo dute, eta ondoren DVD-an salgai jarriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!