Intxurre libre nahi dutela adieraziko dute asteburuan

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 10a, 11:32

Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute; tartean Intxurren bertan ospatuko den bazkaria

Libre asteburua ospatuko dute Tolosan, Intxurre herrikoaren alde eta epaiketa politikoen aurka. Aitor Sukia antolakuntza lanetan ibili da, eta berak azaldutakoaren arabera «betiko moldeetatik aterata» aldarrikatzeko beste modu bat bilatu nahi izan dute asteburu honetan.

Tolosan Intxurre izeneko mendia zegoela ikusirik, hortik sortu zen larunbateko egitarauaren proposamena.

Larunbatean, 09:00etan abiatuko dute eguna Triangulotik Aldabara kotxe karabanan joango baitira. Handik mendi martxa egingo dute Intxurre tontorrera, eta bertako gotorlekuaren historia azalduko du Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleonek. Gainera, hamaiketakoa eta bertsoak izango dituzte, trikiti eta panderoz alaituta. Argazki bat ere aterako dute.

14:30ean herri bazkaria egingo dute Intxurre tabernan, eta joan nahi dutenek izena eman beharko dute Raku eta Asteasuarra tabernetan. Ikasle eta langabetuek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta langileek 15, egunean bertan.

Bazkalondoren tabernaren historia ezagutuko dute J.M. Agirreren eta Koldo Maizen eskutik, eta bertsoak eta kantu herrikoiak ere izango dituzte. 19:30ean, triki-poteo laranja izango dute.

Intxurre eta beste 107 herriko tabernen aurkako sententzia emana dago, baina Sukiak esan bezala ez dakite «noiz» gauzatuko den. Horregatik, aurrera begira «mobilizazioak egon behar dutela eta egongo direla» ere gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!