Amarotz auzoaren lehentasunak bilatzeko prozesua zabalduko da

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 10a, 09:57

1.100.000 euro zertan inbertitu erabaki beharko dute auzotarrek; Auzo elkarteak auzotarren «parte hartzea» eskatu du  prozesuan

Amarotz auzoaren lehentasunak zeintzuk diren erabakitzeko parte hartze prozesu bat zabaltzea adostu dute Tolosako Udalak eta Amarotz Auzo elkarteak. Prozesua gaur abiatuko da, 19:00etatik 21:00etara Auzoetxean egingo den bilera irekiarekin. Bertan prozesu osoaren prestaketa eta jarraipena egiteaz arduratuko den talde motorra eratuko da, horretarako prest dauden auzotarrekin, eta horregatik auzotar guztiei bilera horretan parte hartzeko deialdia luzatu diete udaletik eta auzo elkartetik.

Tolosako Udalak, 2008an, Orubide erakunde publikoarekin sinatu beharreko hitzarmen urbanistikoa  onartu zuen. Udalak jakinarazi duenez, besteak beste bi puntu hauek zehazten ziren: «Batetik, udalari legez zegokion aprobetxamendua auzoan bertan inbertituko zela. Eta bestetik lehentasuna sarrera-irteera berriak eta ekipamendu berriak egiteari emango zitzaiola».

Sarrera-irteeren urbanizazio proiektua amaituta, aprobetxamendu hartatik gertatzen den 1.100.000 euro inguru, hirigintza arloan zertara bideratu erabaki behar dute auzotarrek, eta aipatu bezala, parte hartze prozesu baten bitartez egingo da.

Gaur egingo den bileran osatuko da talde motorra, baina azaroaren 25era arte bertan parte hartzeko izena eman ahal izango da, eta azaroaren 26an eratu eta lehen bilera egingo da. Auzoaren beharrak eta proposamenak biltzeko bilera irekia, berriz, abenduaren 15ean izango da. Auzo-galdeketa 2016ko martxoan edo apirilean izatea aurreikusten da.

Auzotarren parte hartzea

Xabier Izagirre, Amarotz Auzo Elkarteko kidea da eta bertatik azpimarratu nahi dute prozesu hau «auzotarrentzat» dela: «Auzotarrek erabaki behar dute, beraien ideiak aurkeztuz». Horregatik, auzo elkartetik bereziki auzotarren artean parte hartzearen mezua zabaldu nahi dute.

Izagirreren esanetan «oso positiboa» da parte hartze prozesua zabaldu izana, eta elkartearen helburua «jendearen parte hartzea bultzatzeko» ahalik eta bide gehien zabaltzea izango da.

Prozesurako osatuko den talde motorrean udala eta auzo elkartea egoteaz gain, auzotarrak egon behar dutela dio Izagirrek, «prozesua aurrera ateratzeko». Udala eta Auzo Elkartea «elkarrekin» lanean aritu arren, auzotarren «zerbitzura» daudela azpimarratu nahi du Izagirrek, prozesua aurrera ateratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!