"Umorean ere emakumeok gure esparrua aldarrikatu behar dugu"

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 6a, 14:00

Biraka eta biraka, badator Birakabareta Tolosara Zikloiaren bitartez; hainbat artista izango dira taula gainean, horietatik hiru eskualdekoak.

Zikloiaren haizeak ez du etenik eta indar handiz iritsiko da bihar Birakabareta ikuskizuna Tolosako Topic aretora. 19:30ean izango da emanaldia eta lau saiok osatuko dute. Horietako bat Itziar Saenz de Ojerren klown bakarrizketa izango da. Jaiotzez donostiarra, Lizartzan dagoeneko bederatzi urte daramatza bizitzen. Ikuskizuna aurkezten eta saio osoari borobiltasuna emanez, Bea Larrañaga eta Irantzu Mantxo ariko dira. Larrañaga, izatez errenteriarra, bederatzi urte daramatza bizitzen Tolosan, eta Zikloia egitasmoaren antolatzaileetako bat da. Mantxo tolosarrak eta Larrañagak klowna erabiliko dute beren aurkezpen lanerako.

Zer da 'Birakabareta'?

Bea Larrañaga: Biraka dabilen kabaret bat da. Gainontzeko kabaretetan bezala, talde ezberdinez osaturik dago. Pieza motzak dira eta tartean aurkezle papera egiten duten pertsonaiak ere badaude.

Zikloiaren seigarren urtea da honakoa. Ordudanik, biraka ibili gara herri ezberdinetan. Forma ezberdinetan eskaini dugu eta talde ezberdinekin gainera. Aurkezleak beti neskak izan dira, hasiera-hasieratik eta beti ere euskaraz eskaini izan dugu. Aurten badago erdaraz parte hartzen duen talde bat.

Kontatu ezazue apurtxo bat zuei buruz. Noiz hasi zineten antzerki munduan?

Irantzu Mantxo: Antzerki munduan duela dezente hasi nintzen. Aprobetxatuz Tolosan kultur etxeko antzerki taldea zegoela, Elena Aranbarrirekin. Orain dela urte dezente ere harremana banuen Asvineneakoekin, eta bertan parte hartzen zuen May Gorostiagak. Han bazegoen talde nahiko indartsua klownarekin probatu nahi zuena. Ni ere gogotsu nenbilela, sartu eta geroztik sortu genuen taldetxo bat, eta gaur egun Amarotzen biltzen gara. Taldea Pailaztana Klown Taldea da. Aurten emakumezkoak bakarrik geratu gara, gizonezko bakar batekin, baina oso gustura. Oso mundu berezia da eta pila bat ikasten gabiltza.

Itziar Saenz de Ojer: Egia esan antzerkian gutxi ibili naiz. Gehiena klowna egin dut. Duela dozena bat urte deskubritu nuen; ikastaro bat egiten hasi nintzen, orduan Donostian bizi nintzela. Geroztik, Bazen Behin Klown taldea sortu genuen eta urte hauetan guztietan hor ibili naiz, gehiago edo gutxiago, tarte horretan hiru seme-alaba izan ditut eta. Denbora gehiena haiekin pasatzen dut baina mundu hau ahaztu gabe.

B.L.: Hernanin tailer batean hasi nintzen. Hiru urtez aritu nintzen hor eta ondoren Asvinenean hasi nintzen, erabat, May Gorostiagarekin, baita antolakuntzan ere. Gauza pila bat ikusten ere eman nuen denbora, horrela pila bat ikasten baita. Han Pailaztana Klown Taldea sortu genuen. 2010. urtea izan zen hura. Orduan, ikastaro trinko bat egin genuen Ana Perezekin. Talde polita osatu genuen eta baita gure artean klaseak hartu eta eskaintzen ere aritu ginen.

Ondoren, Amarotzen hasi ginen klowna egiten, duela sei bat urte. Ikastaro trinko pila bat egin ditut, dena probatuz... Honelakoa baita mundu hau. Beti ikasten jarraitzeko aukera ematen du. Behin mundu honetan sartu eta bizitza osorakoa da. Oso gustura ari naiz.

Lehen laborategi batean aritzen nintzen, laborategiko teknikaria bainintzen. Dena utzi nuen, zertarako eta antzerkia egiteko. May Gorostiagak eta biok Intujai antzerki taldea sortu genuen, eta egunero antzerkiarekin amesten dugu.

'Birakabareta'-ko artista izateaz gainera, antolatzailea ere bazara. Nola uztartzen dira bi lan hauek?

B.L.: Aurten horrela atera da. Ea zer moduz doan! Lana da baina esan ohi den moduan, gustuko lekuan aldaparik ez! Disfrutatzeko prest gaude.

Guztira lau emanaldi eskainiko dira 'Birakabareta'-ren barruan. Nola izango da zuen parte hartzea?

I.M.: Kasu honetan emanaldi motzak izango badira ere, Beak eta biok aurkezle papera beteko dugu. Klownaren bitartez, emanalditxo horiek lotuko ditugunak izango gara. Oso ondo pasatzea, publikoarekin asko jolastea espero dugu aurkezpen horien bitartez. Sorpresa ugari ere izango dira.

I.S.O.: Eskainiko diren pieza motz horietako bat nirea izango da. Klownerako bakarrizketa moduan prestaturik daukat. 15 bat minutu irauten du, eta nire pailazoak dituen sexu arazoen inguruan ariko naiz. Hortik aurrera ez dut gehiagorik esango!

Klownak beti izaten du publikoarekin harremana eta ni ere saiatuko naiz hori mantentzen. Klownak duen alde oso berezi eta polita da publikoa beti kontuan hartzea. Ohiko antzerki batek normalean gidoi finko bat izaten du, eta guk nahiz jakin nondik nora joango den emanaldia beti sorpresak izaten dira. Inoiz ez duzu berdina esaten edo inoiz ez doaz gauzak berdin. Horrek bere lilura ere badu.

Inprobisazioa, beraz, kontuan hartzeko elementua da... Aurkezpenean ere bai?
 
I.M.: Hori da. Gidoitxoren bat baduzu, ondoren zer aktore aterako den badakigu, baina klownaren magia hori da, emozioekin jolastu behar duzula: ikuslegoa nola sentitzen duzun, zu nola zauden, ondokoak nola erantzuten dizun... Gauzak aldatu daitezke eta horregatik irekita egon behar zara. Askotan bere ausardia puntua dauka baina zoragarria da; asko engantxatzen du.

Aurten 'Birakabareta' erabat emakumez osaturik egongo da... Nondik dator ideia?

B.L.: Aurkezleak beti emakumezkoak izan dira. Antolatzen dugun egitasmo guztietan emakumeak bere tokia, bere papera du. Garrantzitsua da guretzat. Aurten aukera hori izan dugunez, aprobetxatu dugu. Horretaz baliatu gara, emakumeak taula gainean bere presentzia izateko.

Aukera gutxiago dute emakumeek antzerki munduan, klown munduan aritzeko?

I.S.O.: Nik dudan esperientziatik, parte hartu izan dudan ikastaroetan-eta emakumeen presentzia handia da, baina gero esango nuke, eszenatokietan-eta, gehien bat umorezko emanaldietan, presentzia gutxiagotzen dela. Sentsazioa dut, umorea beti oso maskulinoa izan dela eta grazia egin izan digute maskulinitatetik egin den umorea, baita askotan ere emakumearen figura baztertu izan duen umorea. Zentzu horretan inportantea iruditzen zait emakumezkoak ateratzea betiko aktore rol guapa horretatik. Umorea, naturaltasunetik, emakumeena, presente egotea garrantzitsua iruditzen zait. Uste dut aukera askorik ez dagoela, baina seguruena ere askotan emakumeak moztu egin garelako orain artean. Ez dakit, erredikulua gehiago sentitzen dugulako; ez dakit, gauza asko badaude hausnarketarako...


 

I.M.: Erabat ados. Askotan aipatu izan dugun kontua izan da taldean eta hausnarketarako bidea ematen diguna. Badakigu klown munduan erreferentziazkoak diren gehienak gizonezkoen irudiak direla. Hortaz, lan handia dugu egiteko eta gainditu beharreko muga asko oraindik. Erridikuluarena da bat, gizarte mailan dagoena emakumearekiko. Gugandik hasita, ama ere bagara, eta askotan erredikulua sentitzen dute gugatik. Rol asko kudeatu behar ditugu. Lan asko dugu egiteko. Gure umoreak askotan ez du zerikusirik gizonezkoek duten txiste edo umore erraz puntu horrekin. Hemen ere beraz, gure esparrua aldarrikatu behar dugu.

B.L.: Askatasun momentua eskaintzen du honek eta emakumeok aprobetxatu behar dugu. Gure eskubidea dugu, gizonak bezala eszenatoki baten gainean egoteko. Disfrutatzeko aukera bat da, baita gure buruaz barre egiteko aukera ere, askotan ez dugu eskubide hori hartzen eta.

Klown figurak horretarako bidea ematen du?

I.M.: Bai, gehien bat norbere buruaz barre egiteko aukera ematen du.

Klown izateak norberaren burua ezagutzeko bidea ematen du?

I.M.: Ariketak ondo eginez gero errealitate gordina ikusten da eta batzuetan ikusten duguna ez zaigu gustatzen. Baina, noski, hausnarketa egiteko, ikasteko, hainbat gauza moldatzeko ondo datorkigu. Imajinatu amorrazioa edo haserrea dela ateratzen dena, eta momentu horretan emozioekin jokatu behar duzu. Eta zintzoki jokatzen badugu, askotan aterako zaizu gustuko ez duguna.

Luxua da, toki bat edukitzea, hori bota eta horrekin jolasteko, amorrazio edo tristura horrekin. Horrela ere buelta emateko aukera izan dezakezu, buelta eman eta beste emozio edo egoera batera iritsi. Hori da inportanteena.

I.S.O.: Klowna terapia moduko bat da, zure burua ezagutzeko oso tresna polita eta indartsua da. Eta batzuetan krisiak ere ematen dira, batzuetan zure alde ilunena ikus dezakezu, gustuko ez dituzun gauza asko. Eta horiek asimilatzea, onartzea, horri buelta ematea ez da ariketa erraza batzuetan, baina behin horri buelta ematen diozula eta disfrutatzea lortzen duzula, gero gozada da eszenatokian zaudenean edo ikastaro batean ariketak egiten zaudenean. Sentsazio oso indartsuak sentitzen dira. Eszenatokira atera, zuretik hainbeste jarri eta ikusten duzunean publikoak nola erantzuten duen, sekulako oparia da.

B.L.: Publikoak pilo bat enpatizatzen du. Azkenean, guztioi gauza antzekoak gertatzen zaizkigu. Zutaz barre egitea, arazoei buelta ematea, eta horrekin jolastea... publikoak eskertzen du. Honela, komunikazio polit bat sortzen da.

Zikloiak bidea ematen die hain ezagunak ez diren artistei euren burua publiko aurrean aurkezteko. Zer nolako garrantzia du horrek?

I.M.: Ezinbestekoak dira. Eskertzekoa da nola mugitzen diren May Gorostiaga eta Bea Larrañaga, eta egiten duten lana, eta nola jartzen gaituzten harremanetan artista guztiak, nola aukerak ematen dizkiguten elkar ezagutzeko, baita ekartzen dizkiguten antzerkietarako modu eta historia ezberdinak. Oso zainduak gainera, euskaraz izatea, kale antzerkia izatea, erakargarria, umorezkoa... hori dena lortzea, uztartzea. Horrek izugarrizko lana dauka. Eta zer-nolako malabarak egin behar dituzten ekonomia aldetik. Gero, askotan kritikak jasotzen dira, baina ekartzen duten programazioa urtetik urtera opari bat da. Ez dakit gero publikoak nola ikusten duen, baina zoragarria da.

I.S.O.: Luxua ere bada. Duela bederatzi urte Tolosaldean bizi naizela eta hemen nagoenetik harrituta nago zer-nolako mugimendua dagoen, gehien bat Amarotzen, Intujairi esker, eta Tolosan ere zer-nolako mugimendua dagoen antzerki mailan; baita taldeei ematen zaien aukera eta kanpotik ekartzen diren gauza horren ederrak. Hau luxu bat da eta eskertu behar dut horrelako aukerak ematea. Umeei begira ere aukera polita izaten da. Askotan gauzak dohainik izaten dira, gainera.

B.L.: Guretzako plazera da Itziar eta Irantzurekin kontatzea. Hasieratik esan genuen garrantzitsua dela gertukoen plaza izatea. Denok dugu eskubidea eszenatoki batera igotzeko, artista pila bat daude inguruan eta hori ere balioan jarri behar da. Beti kanpokoa ekartzen aritu beharrean bertakoa ere zaindu beharra dago. Kanpokoak etorri eta haietaz pila bat ikasten dugu. Batzuetan ez dira hain ezagunak, baina oso maila handia dute, eta bertan duguna ere bai. Ikuskizunak aprobetxatzeko dira eta jendea animatzen bada, errepikatuko dute.

Aprobetxu nahi baduzue aukera ikuskizuna ikustera joateko gonbidapena luzatzeko...

I.M.: Birakabareta-n espero zaituztegula, eta baita esan Zikloiaren emanaldi guztiek merezi dutela, eta animatu beste emanaldi horietara joatera ere.

B.L.: Aipatu ere Birakabareta-n, Itziar eta Irantzuz gain, beste hainbat artista egongo direla. Esaterako, Xafol-K, klaketa eskaintzen duen taldea da; antzeztutako klaketa da, gainera, eta oso ikuskizun polita egiten dute. Laia Sales valentziarrak ere parte hartuko du. Tú si que vales telebista saioan izan da, eta Risto Mejideren oniritzia du gainera, oso ona zela esan zuen. Mar Marcos ere izango da, Laiarekin batera beste ikuskizun bat eskainiko du berak. Birakabareta Topic-en eskaini ahal izatea gainera, guretzat luxu bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!