Izaskun Arandia: «Espainiako gerra iman bat da niretzat, beti jarraitzen bainau gaiak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 4a, 10:18
ATARIA / 'To Say Goodbye'

Zineman aritu izan da orain arte, eta antzerkira jauzi egin du, antzerkiaren barruan zinema txertatuz; aspaldiko kontuez aritzeko formula berritzailea darabil Izaskun Arandiak, 'Eskutitzak' antzezlanean

1936ko giroa oholtzaratuko du Eskutitzak antzezlanak, maitasunaren bidetik. Frankista eta errepublikazaleen arteko amodioa izango da; amodio debekatua, beraz. Izaskun Arandia tolosarra (1972) antzezlanaren sortzaileetako bat da, Itziar Eliasekin batera eta, azaroaren 7an, larunbatean, Azpeitian, estreinatuko dute obra.

Debekatutako maitasun istorio bat kontatuko duzue, baina, harago joan eta garaiko giroa ere islatuko duzue, ezta?

Bai. Amodiozko istorioa aitzakia bat dela esango nuke, garaiko gertakari historikoak eta giroa islatzeko. Maila sozialen arteko desberdintasunak, esaterako, asko azpimarratzen dira, eta baita emakumearen papera ere. Egia esan, gauza asko ikusiko dira. Itziar Elias eta biok gara obraren sortzaile, eta bere aiton-amonen amodiozko istorioa du oinarri, benetan gertatutako zerbait, beraz.

Zineman aritu izan zara, orain arte eta, Itziar Elias, berriz, antzerkitik dator. Bion dizipinak uztartu dituzue, nolabait?

Hori da. Zinema sartuko dugu, aurrez grabatutako eszena batzuk obran txertatuz. Eta, horiekin batera, artxiboko irudien birsortze moduko bat ere gehituko dugu, iruditan. Zinemaren konbentzionalismo batzuk ere erabiliko ditugu antzezlanean eta, nik uste dut, nabarituko dela. Izan ere, hasieran, zinerako idatzi nuen gidoi hau, eta Itziar eta bion artean egokitu genuen antzerkira. Nire orain arteko ibilbidea zineman egin dut eta, hau lehen aldi bat izaten ari da niretzat. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaidan zerbait desberdina egitea, eta zinema antzerkiaren barruan sartzea.

'Eskutitzak' obrak benetako istorio bat du oinarri. Nolatan hasi zineten hari horri tiraz?

Istorioaren berri izan nuenean, izugarri hunkitu ninduen. Uste dut Espainiako gerra iman moduko bat dela niretzat, beti jarraitzen bainau gaiak. Nire lehen film luzea, Agur esatea, 1936ko gerran girotutakoa da, eta beste hainbat proiektutan ere gai hori uztartzen dut. Beraz, Itziarren aiton-amonenak asko hunkitu ninduenez, hor istorio polit bat egon zitekeela pentsatu nuen segituan. Nire lan-esparru naturala zinema denez, Itziarri proposatu nion ideia, eta gidoia idatzi nuen; Eusko Jaurlaritzako gidoien garapenerako diru laguntza jaso zuen. Baina, Donostia 2016ko Mugalariak egitasmoaren bitartez, gidoi hori antzerki moduan garatzeko aukera ere sortu zenez, biok lanean jarri ginen, zinemarako gidoia antzerkira egokitzeko.

Aurretik ere garai hori jorratu izanak balio izan dizu, dokumentazio aldetik-eta, 'Eskutitzak' idazterakoan?

Bai eta ez, oso istorio desberdina baita. Eta, Agur esatea eta Eskutitzak Espainiako gerraren barruan girotuta dauden arren, hasieran gertatzen da bata, eta beranduxeago bestea. Eskutitzak gerra hasieran hasten da eta, ondoren, elipsi bat dagoenez, obra 1940. urtean amaitzen da. Oso gai konkretua da, gainera, Azpeitia eta Azkoitia inguruan gertatu zen amodiozko istorio bat baitu abiapuntu, eta inguru hartan gerrak izan zuen eragina hizpide. Alde batetik oso lokala da, baina, era berean, jorratzen ditugun gaiak oso unibertsalak dira. Agur esatea, berriz, 1937an girotua zegoen, eta oso bestelako egoera bat zuen hizpide: Ingalaterrara ebakuatu zituzten haurrei buruzkoa zen.

Punta-puntako aktoreek taularatuko dute gidoi hori, gainera.

Bai, bai. Batzuk antzerki munduan, beste batzuk baino ezagunagoak dira, baina denak oso aktore onak direla uste dut. Ezagunena, beharbada, Joxean Bengoetxea eta Olatz Beobide izango dira, hainbatetan telebistan eta zineman ere agertu direlako. Baina, beraiekin batera, AItor Fernandino ariko da, protagonista lanean, Itziar Eliasekin batera; Itziarrek bere amonaren papera egingo du. Eta Aiora Segano eta Josu Florentino dira beste aktoreak. Eta, obran barrena txertatuko ditugun irudietan, berriz, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola eta Lander Otaola azaltzen dira. Oholtza gainean ez dira egongo, baina grabaketetan egon ziren, eta obraren parte izango dira, beraz.

Aurreko mendeko kontuak taularatuko dituzue, baina, gaur egun errepikatzen diren gauzak izan daitezkeela uste duzu?

Uste dut garai hartan pisu handiagoa zutela desberdintasun sozialek, garrantzi handiagoa ematen zitzaiola. Gaur egun desberdintasunak egon badaude, noski, baina, garai hartan, desberdintasun horien garrantziak baldintzatu egiten zituen bizimoduak. Gure obran oso argi ikusten da hori, eta ez, soilik, familia bat frankista delako eta bestea errepublikazalea. Ideia politikoez harago, sozialki, bi familiak oso-oso desberdinak direlako: errepublikazaleena langile familia da eta, besteak, berriz, herriko jauntxoak dira. Desberdintasun horiek, beraz, garai hartan gaur egun baino nabarmenagoak zirela esango nuke.

Bi emakume ari zarete obra zuzentzen. Zineman nahiz antzerkian, gero eta ohikoagoa da emakumezkoak postu horretan ikustea?

Uste dut, oraintxe bertan, gero eta gehiago jabetzen ari garela, mundu honetan emakume gutxiago dagoela. Eta, jabetze hori lehen pausoa da, berdintasuna lortzeko. Nik gehien ezagutzen dudan mundua zinemarena da, eta, bertan, desberdintasun izugarriak daude. Zuzendari gehienak gizonezkoak dira, eta lanbide teknikoak gizonezkoek hartzen dituzte normalean. Asko pozten nau galdera honek, hai zuzen ere, aurten (H)emen sortu baitugu. Ikus-entzunezko industrietan lan egiten duten emakumeei ikusgarritasuna ematea da egitasmoaren helburua, eta webgunea martxan da jada. Atari horren gakoa datu base bat izango da, eta ikus-entzunezkoen munduan aritzen diren emakumeek beren izena eman ahal izango dute, profil bat sortuz. Modu horretan, ekoizleek edo dena delakoek ikusi ahal izango dute zein emakumezko profesional dauden. Diskriminazio positiboa ezartzen saiatuko gara, eta baita emakumeen lana bultzatzen eta promozionatzen ere. Sare lana izango da, gure webgune eta sare sozialen bidez. Egin beharreko zerbait dela uste dut, diskriminazio positiborik ez bada gertatzen, gure industrian ez garelako sekula berdintasun egoera batera iritsiko.

Eta, noiz izango da erabilgarri datu base hori?

Webgunea martxan dago jada, www.hemen.me helbidean. Baina, datu basea urte amaierarako prest izango da, eta abendu inguruan emakumeek beren datuak sartzeko aukera izango dute.

Larunbat honetan Azpeitian izango da estreinaldia, eta Durangoko azokan ere ariko zarete. 'Eskutitzak'-en agenda betetzen ari zarete, pixkana?

Orain arte sei emanaldi lotu ditugu eta, zoritxarrez, Tolosan ez gaituzte programatu, guk eskaini genuen arren. Niri ilusio berezia egiten zidan Tolosan emanaldi bat eskaintzea, baina ez da posible izango, beraz, Tolosatik gertuen Villabonan izango da, datorren otsailaren 19an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!