"Bigarren urtea garrantzitsua izango da, baina ez dut helbururik jarri nahi"

Asier Imaz 2015ko aza. 4a, 10:15

Atezain bezala zazpi urte aritu ondoren, iaz, txirrindularitzara lotu zen Eukene Larrarte Arteaga (Tolosa, 1998). Bigarren denboraldi honetan, bigarren urteko jubenil bezala ariko da errepidean eta pistan, Caja Rural taldean.

Futbolak hurbildu al zintuen kirol mundura?
Bai. Txiki-txikitan denak futbolean ibiltzen ziren, eta ni ere bai.

Nolatan atezain?
Ez zen izan irrika berezia nuelako; inork ez zuelako nahi, baizik. Denek golak sartu nahi zituzten. Behin atezain jarriko nintzela esan nuen, eta hortik aurrera, Eukene beti atezain.

Zazpi urtez aritu zinen Tolosa CF-en jokatzen.
Infantiletan edo hasiko nintzen, eta jubenilak arte.

Zergatik utzi zenuen futbola?
Agian aspertu egin nintzen. Gauza berriak egiteko gogoa nuen; baina egia esan, buruan une horretan ez nuen ezer berezirik.

Eta txirrindularitza, gutxiago.  
Beste mundu bat da. Edozeinek esango zuen txirrindularitzan bukatuko nuela!

Trantsizioa nolakoa izan zen?
Aitak pixka bat bultzatuta. Txirrindularitza zale amorratua da bera, eta bere laguntzari esker, ateak zabaldu zitzaizkidan.

Aitaren gurpila hartu zenuen, beraz.
Futbola utzi nuenean, askatasun gehiago sentitzen nuen. Uda hartan, aisialdi moduan, aitarekin bizikletaz ibiltzera joaten hasi nintzen. Eta oso gustura sentitzen nintzen. Uda osoa pasatu genuen horrela. Lehiatzeko ideia burutik pasa ere ez zitzaidan egin, baina egun batean albiste bat zuela esanaz etorri zitzaidan aita.

Ona edo txarra?
(Barreak). Caja Ruralekin hitz egin zuen, eta ateak zabalik nituela esan zidan. Lehiakorra izan naiz beti, baina zalantzak nituen. Lehen entrenamenduak nahiko ondo joan zitzaizkidan, eta konfiantza hartu nuen. Aitari eskerrak eman beharrean nago, beraz.

Konfiantza hartu bakarrik ez, Euskadiko txapeldun izatera iritsi zara lehen denboraldi horretan.
Ez nuen espero inondik ere. Bat-batean etorri zen. Nire helburua lasterketak bukatu eta etxera pozik itzultzea izan da. Baina kasu horretan, horrela suertatu zen.

Lehen lasterketa haiek nola gogoratzen dituzu?
Aitarekin ibiltzetik 50 neskakin ibilitzera pasatzea jauzi handia izan zen. Baina nahiko ondo moldatu nintzen, eta pixkanaka ikasten joan naiz.  

Lehen denboraldia besterik ez da.
Hasiberri bat bezala sartu nintzen taldean; ixil-ixilik eta ikasten. Aurten desberdina izango da, egin ditudan akatsetatik asko ikasi baitut. Hala eta guztiz ere, oraindik asko geratzen zait ikasteko.

Eta emaitzak iristen hasi ziren.
Konfiantza hartzen joan nintzen, eta agian ondo ibiltzeko aukerak nituela ikusi nuen. Horrek entrenatzeko eta aurrera jarraitzeko indarra eman zidan. Nire lekua aurkitzen joan nintzen, eta nire burua ere gustura sentitzen hasi zen; «agian, txirrindularitzarako jaio naiz» esaten nion nere buruari.

Eta egun handia iritsi zen.
Apirila izango zen. Larunbatean errepideko lasterketa zen, eta igandean erlojupekoa. Euskadiko txapelketa zen, baina errepideko lasterketarako gogotsu nengoen. Esperantzak nituen, baina dena oso gaizki joan zen. Ez nuen lasterketa amaitu. Lur jota geratu nintzen. Hurrengo egunean erlojupeko lasterketa zegoen; nire ibilbideko lehena. Lasai atera nintzen, esperantzik gabe. Kotxetik denbora onena egiten ari nintzela esan zidan. Ez nuen sinisten. Atzetik zetorrenak bikoiztu egingo ninduela pentsatzen nuen lasterketa hasieran, baina gero, irabaztea lortu nuen.

Denboraldi berriari zer eskatzen diozu?
Ez dut helbururik jarri nahi bigarren denboraldi honetarako. Presio horrek kalte egiten didala ikusi dut. Berez, jubenilen bigarren urtea garrantzitsua izaten da, hurrengo urtean 23 urte azpikoekin arituko garelako. Lasaitasunez hartu nahi dut.

Nolako txirrindularia zara?
Burugogorra oso. Aldapa gora gozatzen dut gehien, aitak beti gora eta gora jartzen zidalako. Pistan ere gustura sentitzen naiz. Alde txarra, presioak gehiegi eragiten didala izan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!