Tolosa, liderrago

M. Iraola 2015ko aza. 2a, 19:33

Tolosak merezimendu osoz irabazi dio Anaitasunari Berazubin, 2-0. Sufritzea ere tokatu zen.

Ikusmina sortu zuen Tolosaren eta Anaitasunaren arteko neurketak. Usabalgo harmailak gainezka ziren bi talde indartsuenen arteko norgehiagoka ikusteko. Berdegunean, berriz, errespetua zen nagusi.

Elkar ezagutzen dute bi taldeek, eta jakitun ziren akats batek balantza desorekatu zezakeela. Baina akatsek ez, asmatzeek erabaki zuten partida. Eta beste behin Tolosaren alde. Urrezko beste hiru puntu eskuratu ditu Justo Lilloren taldeak.

Neurketa polita izan zen, tentsio eta aukera ugarikoa. Markagailua txiki geratu zela ere esan daiteke. Izan ere, lehen zatian gola egiteko abagune mordoa izan zituzten bi taldeek. Argienak, ordea, etxeko taldearenak izan ziren, Fuentes eta Zabaletaren eskutik.

21. minutuan azken honek lortu zuen lehen gola, bere azkartasuna baliatu eta gero. Ordura arte bi taldeek tarte gutxi utzi zituzten aukerak sortzeko. Gerora, ordea, aldea handitzeko aukerak izan arren, atsedenaldira 1-0ekoarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian gehixeago estutu zuen talde azkoitiarrak, baina unerik gogorrenetan ere Tolosak indartsu eutsi zion, defentsan nahiz zelai erdiko borrokan. "Hori izan zen irabazteko gakoetako bat. Ezin genuenean gure jokoa egin taldeak lan asko egin du, borrokatu egin du" azaldu du Lillok, pozik zelaian ikusitakoarekin.

Anaitasunak area kanpoko jaurtiketen bidez sortu zuen arrisku gehien, baina atepean bikain ibili zen Serna. Lasaitasunaren gola, luzapenean iritsi zen, 91. minutuan. Ezker hegaletik erdiraketa bikaina egin zuen Julen Vecinok, eta Gorka Blankok buruz sareratu zuen baloia.

Eta kontuak kontu, Tolosa liderrago da. Izan ere, Mutrikuk berdindu egin zuen Ordiziaren aurka eta Euskaldunak galdu egin zuen etxean. Gauzak honela, lehen postuan jarraitzen du Tolosak, 21 punturekin. Anaitasuna eta Mutriku berdinduta dira, 17rekin, eta Euskalduna da laugarren 14 punturekin. Datorren astean, berriz, Ostadarren aurka jokatuko du Tolosak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!