Bi kolpe, mahai gainean

M.Iraola 2015eko azaroaren 2a

Tolosa Eskubaloiak pasa den urteko txapeldunaren aurka irabazi du (33-30) intentsitate handiko neurketa baten ostean, eta galdu gabe jarraitzen du.

Igoera postua eskuratzeko lehian aurrerapauso garrantzitsua eman du Tolosa Eskubaloiak Eibarri irabazita. Neurketa bikaina bi taldeek Usabalen eskaini zutena, emozioz beterikoa eta azken unera arte borrokatutakoa.

Hasieratik mahai gainean lehen kolpea eman zuen Tolosak, mezu batekin: "Irabaztera gatoz!". Lehen ordu laurdenerako tarte ederra zabaldu zuen etxeko taldeak: 10-5. Defentsan nahiz erasoan fin ibili ziren, aurkariei aukera askorik eman gabe, eta alde berbera mantendu zen atsedenaldira arte: 19-14.

Eibarrek, ordea, ez zuen amore eman, eta bigarren zatiaren hasieran asko estutu zuen. Tolosarrek hamar minutuko tartean ezin izan zuten golik sartu, eibartarrek egindako defentsa onaren ondorioz, eta 40. minuturako gol bakarrera urbildu ziren: 22-21.

Gauzak zailen zeuden unean, eta Usabalera joan ziren zaletuen laguntzaz, eman zuen Tolosak bigarren kolpea mahai gainean: "Aurten bai!". Lanean jarraitu zuten, urduritasunak alde batera utzita, eta berriro ere lau goleko aldea zabaldu zuten markagailuan: 26-22. Aipatzekoak une horietan Urtzi Otegiren geldiketak eta Iñigo Arratibel, Aitor Diaz de Cerio eta Ioritz Goikoetxearen golak. Azken txanpan ongi eutsi zioten tarte horri, 33-30 amaitu arte.

Eta kontuak kontu, iritsi da seigarren garaipena, eta Tolosak galdu gabe jarraitzen du, Uhartek bezalaxe. Biak sailkapenaren goialdean daude berdindurik. Goian mantentzeko borrokan jarraitu behar: larunbatean Trapagaran aurkari zuzenaren aurka jokatuko du, 18:45ean.

Bigarren taldea, garaipenaren bidera itzulita

Bi neurketa jarraian galdu ostean, bigarren taldeak garaipena eskuratu du Legazpiren aurka, 29-25. Defentsako akats batzuk lehen zatia baldintzatu zuten, eta atsedenaldira bi goleko desabantailarekin iritsi ziren: 13-15. Bigarren zatian, ordea, hasieratik nagusitu ziren urdinak. Eneko Ziganda, Carlos Limousin eta Ander Uranga izan ziren goleatzaile nagusiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!