Abesbatzen tradizioa puskatu eta gaur egungo musika formatu horretara egokitzen iaioa da Mikrokosmos, Frantzia osoko abeslari gazteekin.
Oso ondo ezagutzen duzu Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Zer iruditzen zaizu, oro har?
Lehiaketako giroa ikaragarria da, emanaldi asko daudelako. Gainera, munduan ezagutzen ditudan lehiaketen artean, oholtza ondo erabil daitekeen bakarra da Tolosakoa. Horregatik etorri izan gara askotan, [barreak].
Azkenean irabazi duzue. Prestakuntza aldatu al duzue?
2006an, Europako Sari Nagusian, puntuaziorik altuena jaso genuen, baina kanporatu egin gintuzten denbora tarte luzeegiz kantatzeagatik. 2008. urtean, berriz, lehiaketa barruko kontzertua eskaintzera etorri ginen. Berriro itzuli ginen 2010ean, eta bigarren sailkatuak izan ginen, eta baita 2012an ere.
Epaimahaiaren arabera, abesbatza berritzailea zarete.
Bai, Mikrokosmos sortu genuenez geroztik, berritzaileak izaten saiatu izan gara, musika, antzerkia eta zinema uztartuz. Horrela, konpositoreei lan asko eskatzen diegu, enkarguz. Gaur, adibidez, eskaini dugun azken obra, danborrak joz, obra berri bat da, hemen estreinatu dugu.
Abeslari guztiak Frantziako eskualde berekoak al dira?
Ez, ez, Frantzia osoko abeslariak dira. Paris, Lille,...
Profesionalak dira?
Ez, ez dira profesionalak, pasiodunak dira.
Non elkartzen zarete, beraz?
Tours-en elkartzen gara, eta Vierzon-en ere bai; Tours-en aldamenean dagoen hiri bat da.
Elkartzen zaretenean luze ariko zarete, ezta?
Hilean bi asteburu oso eskaintzen dizkiegu entseguei eta, horrez gain, bira ere egiten dugu.
Frantzian izen handiko zuzendaria zara, eta pasioa pizten duzu kantarien artean.
Uste dut ezagunagoa naizela atzerrian, Frantzian bertan baino. Baina saiatzen naiz pasio hori pizten, bai.
Lehiaketarekin pentsatu beharrean, zure abesbatza-ideia lehenesten saiatu izan zara.
Mikrokosmos antzerki troup bat bezalakoa da, eta ideia guztiak partekatu eta eztabaidatu egiten ditugu, asko. Horrela, Tolosan eskaini duguna gure ideia eta errepertorioarekiko oso fidela izan da; gaur egungo musika bakarrik egiten dugu. 2006an eta 2012an, errepertorio desegokia aukeratu genuela esan zuen epaimahaiak, oso zaila. Aurten oreka lortu dugula uste dut, epaimahaiaren aurrean. Izan ere, ikuspegi orokor batekin landu dugu Tolosakoa, eta lehiaketa kontzertu bilakatzen saiatu naiz, tartean isiluneak errespetatuz, antzerki-isilune horiek. Abeslarientzat komenigarriagoa da horrela taularatzea.I