Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketa

Mikrokosmos abesbatzaren artea, txapeldun

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 1a, 17:17

Amaitu da Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketa, goizeko amaiera ekitaldiarekin; Frantziako Mikrokosmos ganbera abesbatza izan da nagusi, parte hartu duen kategoria guztietako txapelak soinean jantzi baititu Loïc Pierre zuzendariak.

Laburra bezain intentsoa izan da aurtengo abesbatza lehiaketa, Tolosan. Ganbera abesbatzak eta haurrenak izan dira protagonista, eta bi egunetan ahotsaren magiaz liluratu dituzte Leidor aretoko ikus-entzuleak.

Sario guztietara joaten diren entzuleen, nahiz batzuetara soilik bertaratzen direnek, gustuko izaten dute, gaurko sari banaketa ekitaldiaren aurretik, pronostikoak egitea. Eta, egiazki, belarria ondo finduta dute askok eta askok: Mikrokosmos abesbatzaren artea ezbaian jarri ezinezkoa da, haien emanaldi bat entzuten duenarentzat.

Hain zuzen ere, horretan saiatu da Loïc Pierre zuzendaria: "Lehiaketa bat baino, kontzertu bat prestatu dugu hona etortzeko, abestien artean isiltasuna mantenduz, antzerkia eta abesbatza uztartuz". Izan ere, talde berritzailea da frantziarra, eta gaur egungo obrak jorratzen dituzte beren errepertorioan.

Mikrokosmos abesbatza ezaguna da, gainera, Tolosan, behin baino gehiagotan parte hartu izan baitu lehiaketan. Bigarren postuak eskuratu izan dituzte eta, parte hartu zuten aurreko aldian, puntuaziorik altuena jaso bazuten ere, kanporatu egin zituzten, emanaldi luzeegia eskaintzeagatik.

Gaur, ordea, eskura zitzaketen txapela guztiak eskuratu dituzte frantziar gazteek, abesbatzen inguruko estereotipoak erabat hautsiz, eta koruari abangoardia ukitua emanez. Polifonia, folklore, ikuslego eta sari nagusiaren jabe eginik, Tolosako Abesbatza Lehiaketa ordezkatuko dute, 2016an, Varnako (Bulgaria) Europako sari nagusian. 

Etorkizun dirdiratsua duten ahotsak

Mikrokosmos abesbatzak moldeak puskatzen baditu, Herrialde Katalanetako Cor Infantil Amics de la Unió-ren lana ere bide bertsutik joan da oholtzan. Dantza eta interpretazioa oparitu zizkioten, atzo, haur abesbatzen saioan eta, noski, horri guztiari, eskainitako obren interpretazio fina ere bai.

Horrela, bada, herrialde eslaviarren tradiziozko itzala gainditu, eta Josep Vila Joverren neska-mutilek lehen saria eskuratu dute, haur abesbatzen sailean.

Ikusi, jarraian, epaimahaiaren erabakia:

 

IKUSLEGOAREN DV SARIA

MIKROKOSMOS - FRANTZIA

 

EUSKAL OBRA BATEN INTERPRETAZIO ONENAREN EUSKO JAURLARITZAREN SARIA

 

EMILS DARZINS MIXED CHOIR - LETONIA

Xabier Sarasolaren  MAITEAGOAK obraren interpretazioagatik.

 

HAUR ABESBATZAK

 

HIRUGARREN SARIA

GIRLS CHOIR OF THE MUSAMARI CHORAL SCHOOL - ESTONIA

 

BIGARREN SARIA

GIRL’S CHOIR OF RIGA CATHEDRAL “TIARA” - LETONIA

 

LEHEN SARIA

COR INFANTIL AMICS DE LA UNIO - KATALUNIA

 

 

GANBERA ABESBATZAK- POLIFONIA

HIRUGARREN SARIA

CANTUS - NORVEGIA

 

BIGARREN SARIA

SUGINAMI GAKUIN HIGH SCHOOL & KIKUKA ENSEMBLE - JAPONIA

 

LEHEN SARIA

MIKROKOSMOS - FRANTZIA

 

 

GANBERA ABESBATZAK - FOLKLOREA

 

HIRUGARREN SARIA

EMILS DARZINS MIXED CHOIR - LETONIA

 

BIGARREN SARIA

SUGINAMI GAKUIN HIGH SCHOOL & KIKUKA ENSEMBLE - JAPONIA

 

LEHEN SARIA

MIKROKOSMOS - FRANTZIA

 

 

KUTXA SARI NAGUSIA ETA 2016AN VARNAN (BULGARIA) OSPATUKO DUTEN ABESBATZEN EUROPAKO SARI NAGUSIRAKO SAILKAPENA

 

MIKROKOSMOS - FRANTZIA

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!