Txupina lehertu eta abestia estreinatu, festei ekiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 29a, 16:02

Tolosako Larramendi auzoko jaiak hasiko dira bihar, eta igandera bitarte izango da zer ospatua

Larramendi auzoak bizilagun uholdetxoa hartu zuen duela zenbait urte, eta horrek bizi uholdea ere ekarri zion plazari. Besteak beste, auzoko festak berreskuratu zituzten, eta aurten laugarrenez ospatuko dituzte, hiru egun eta gauko egitarauaz.

Bihar bertan lehertuko da txupinazoa, baina, aurtengo jaien berrikuntzarik bereziena musikaren bidetik iritsiko da. Izan ere, Larramendi auzoak abesti propioa du jada. Xabier Zelaia Txirri tolosarrak sortu du kantua, eta gaur iluntzean entzun ahal izango da, estreinakoz, Tolosako Musika Bandaren emanaldian.

Bide beretik, larunbateko danborradan ere abestia joko dute. Aipatzekoa da, gainera, danborrada jendetsua izango dela, 100 auzotarrek baino gehiagok eman baitute izena; tartean, 80 haur ariko dira makilekin danborrak joz.

Kalejira batean, bi erritmo

Xabier Zelaia Txirri izan da Larramendi auzoko pieza sortzearen arduraduna: «Bizpahiru urte daramatzagu, jada, Iraunkorrak txarangarekin Larramendi auzoko danborradan jotzen. Horrela, danborradako zuzendaria esan eta esan ari zitzaidan auzorako pieza bat sortzeko, eta pasa den irailean hasi nintzen jardun horretan, abestia osatu arte».

Zelaiak sortua du, lehendik ere, txarangazale tolosarren artean ezaguna den Kaletxirri abestia; Bonberenea Txarangaren diskorako sortutako kantuetako bat da. Horrela, Larramendiko pieza ere kalejiraren erritmoan entzun ahal izango da: «Ohiko kalejira baten forma du, baina, Kaletxirri piezan erritmoa aldatzen ez den bezala, Larramendikoan aldatu egiten da. Bi erritmo nahastea erabaki dut, beraz».

Jaiak, mahaiaren bueltan

Auzoko abestia eta lau kontzertu izango dira musika zaleentzat. Baina, Euskal Herri osoan bezala, Tolosan ere, ez da festarik mahairik eta otordurik gabe.

Horrela, larunbatean nahiz igandean izango da, Larramendin, auzotarren epelean bazkaltzeko aukera. Bazkalondoek ere izango dute zer esana, eta ez, soilik, etxeko txikienentzat: erritmo latindarrez nahiz txaranga doinuz girotuko dituzte. Joxe Mendizabalekin, jaiei zuku guztia atera nahi diotenek izango dute dantzarako azken aukera, eta piñata erraldoiarekin, hurrengo urtera arte zain geratu beharko dute larramenditarrek.

 

Egitaraua

URRIAK 30, OSTIRALA

17:30. Txokolate jatea.

18:30. Txupinazoa jaurtiko dute eta, jarraian, buruhandiak eta dultzaineroak ariko dira.

19:30. Tolosako Musika Bandaren emanaldia izango da plazan, hainbat estreinaldirekin. Tartean, Xabier Zelaiak sortutako auzoko abestia eskainiko dute.

20:00. Pintxo potea.

22:00. Karaokea.

23:30. Kontzertuak izango dira, Agoraphobia eta Pepe Botika musika taldeen eskutik.

URRIAK 31, LARUNBATA

10:00. Dultzaineroen diana.

11:00. Haur holasak, mural margotzea GKo Galleryko Garikoitz Muruaren eskutik, eta zunba klasea.

14:00. Auzo bazkaria karpan, txartela erosi dutenekin.

16:00. Haur jolasak.

17:00. Txarangak auzoa girotuko du.

18:00. Auzoko danborrada.

20:00. Son Kandela taldea.

21:00. Zezen suzkoa, auzoko gaztetxoenentzat.

22:00. Dantza latinoak.

23:30. Kontzertuak izango dira karpan, Son Kandela eta Ingo al Deu musika taldeen eskutik.

AZAROAK 1, IGANDEA

09:00. Txistularien diana, jaien azken eguna iragartzeko.

11:00. Tortilla lehiaketa.

12:00. Toka txapelketa izango da, eta irabazleek gazta jasoko dute opari.

14:00. Kuadrillen bazkaria, norberak bere jakiak eramanda.

17:00. Dantzaldia Joxe Mendizabalen eskutik.

19:00. Piñata erraldoia.

20:00. Jaien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!