Juanitaren goxua

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 28a, 18:17

XXII. Tolosa Goxua izango da larunbatekoa; ijito besoa eta Juanita pastela izango dira protagonista

Bizipoza pizten dute Tolosako azoka bereziek eta, diotenez, gozoak ere bai. Tenperatura freskoei aurre egiteko, beraz, formula ia perfektua esku-eskura izango da, larunbatean: Tolosa Goxua azoka.

Hogeitabigarrenez, artisau gozogintzaren hiriburu bilakatuko da herria, ijito beso eta Juaniten erritmora. Eta, bi hamarkadatik gora beteta, Tolosa Goxua tradizio izatera  iritsi dela esan daiteke. Adinak, ordea, ez die Tolosako gozoei azukrerik kendu, eta gozogileak lehenengo aldi hartan bezainbesteko mimoz ari dira hitzordua prestatzen.

Denda izaten du azken geltokia gozoak, eta, asteburu honetan, azoka. Horra iritsi bitarte, ordea, lan ordu eta trebezia uztartzea ezinbestekoa da. Hari horri tiraz, aurtengo Tolosa Goxuaren aurkezpena Gozonako lantegian bertan egin dute eta, Olatz Peon alkatearekin eta Nerea Letamendia azoka zinegotziarekin batera, Eceiza, Saizar, Gorosti, Gozona eta Gorrotxategiko ordezkariak ere izan dira agerraldian.

Letamendiak azaldu duenez, udala uztailean hasi zen Tolosako gozogileekin elkarlanean. Izan ere, udal gobernuaren helburuetako bat da azoka bereziok indartzea: «Azokak indartzearekin batera, gaztetu ere egin behar dira eta, horregatik, bereziki jorratu dugu, aurten, azoka berezien komunikazioa. Gainera, belaunaldi berriak ere iritsi dira gozogintzara, eta poztekoa da oso».

Norbere azukre koskorraren bila

Dirudienez, duela mendebete inguru, galdaragile edo kaldereroak pasatzen ziren Tolosatik, herritarren kobrezko tresnak konpontzeko; hungariar jatorriko ijitoak izan ohi ziren. Gozogileek ere haiei ematen zizkieten pertzak, noski, eta, konponketak ordaindu ondoren, ohitura bilakatu omen zen, ijitoei eguneko pastelen zatiak edo soberakinak oparitzea. Pastel zatiak zilindro batean ematen omen zizkieten, eta ijitoek besapean hartuta eramaten zituztenez, hortik letorke Ijito besoa gozoaren izena.

Soberakin horiekin osatutako artelan trebeari, berriz, Juanita izena jarri zioten, behin batez: «Etxekoandre gozogileren batek soberakin horiek baliatu, eta fin-fin, pastel bilakatu zituen, Juanita izena jarriz». Horrela, Juaniten goxua izango da aurtengoa: bizkotxo eta kremaz egindako 4.000 pastel txiki dastagai izango dira, azokan, 12:00etatik aurrera.

Ijito besorik ere ez da falta izango, herritarrek lehiaketan parte hartu ahal izango baitute, beren ijito besoarekin. Bihar izango da izena emateko azken eguna, feriak@tolosa.eus-en edo 943 69 75 21 telefonoan, eta 10:00etatik 11:00etara bitarte eraman beharko dira gozoak, azokara.

«Bost zentzumenen azoka» izango da aurtengoa, bat egin baitute Tolosa Goxuaren hitzorduak eta 47. Abesbatza Lehiaketarenak. Lehiaketako abeslariak Leidorren ariko direnez, bertako ahotsek girotuko dute gozozaleen zerua, eta Tolosa Kantariko kideak bertaratuko dira, 12:00ak aldera, pasteltxoen banaketara.

Juanita, ijito beso eta kantuaren litxarreriaz gain, 14 postu izango dira, goiz osoan, norbere azukre koskorraren bila joateko. Garaiko gozoak postu guztietan izango dira, santuen hezurtxoak, kasu. Etxe bakoitzak, ordea, bere berezitasunak plazaratuko ditu eta, beraz, ez dira falta izango teilak, zigarrotxoak, xaxuak, bonbak, hostorezko tartak nahiz pasteltxoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!