Eskualdea ezagutzeko azken geltokia, Ataria

Naiara Roldan de Aranguiz 2015eko urriaren 27a

Fleming herri ikastetxeak bisita egin dio gaurkoan ‘Tolosaldeko Ataria’-ri, hedabidea ezagutzeko.

Tren hotsarekin egunari hasiera eman diote gaurkoan Amasa-Villabonako Fleming Herri Ikastetxeko LH4-ko ikasleek. Azken egunetan Tolosaldea eskualde gisa lantzen aritu dira gela barruan eta ikasketa horri saio praktikoa gehitu aldera irteera bat prestatzea erabaki zuten. Trenak ikasketa horren azken geldialdiara ekarri ditu, Tolosaldeko Ataria-ra.

Villabonatik Tolosara, gure erredakziora, 34 neska-mutil gerturatu dira, Nerea Eskribano eta Amaia Agirre irakasleak lagun. Gurean egunkaria, astekaria, webgunea eta irratia nola ekoiztu ikasi dute. Kazetari lanaren inguruko lehen zertzelada batzuk jasotzeko ere baliagarria egin zaie gaurko irteera. Eta baita praktikan jarri ere. Izan ere, irrati estudiora sartu eta Pasahitza irrati saioan zuzenean entzun eta ikusteaz gain, irratsaioaren parte ere izan dira Villabonako neska-mutilak. Kaskoak jantzi eta mikrofono aurrean kazetariaren galderei erantzuna ematea egokitu baitzaie.

Baliteke lehenago edo beranduago ere kazetaritza berriro ere ikasleren baten geltoki bihurtzea. Zeinek daki!

Entzun ikasleen parte hartzea Ataria Irratiko 'Pasahitza' saioan:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!