Ororen gainetik, taldea

M.Iraola 2015ko urr. 26a, 17:31

Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du TAKEk Logroñon, Clavijori 64-76 irabazita.

"Nor iruditu zaizue gaurko jokalaririk onena?". Galdera hori luzatu zien TAKEko entrenatzaileak larunbatean Logroñora urbildu ziren Tolosako zaleei partidaren ondoren. Erantzun guztiak ezberdinak izan ziren. Horrek islatzen du kantxan gertatutakoa: "Taldean lortutako garaipena izan zen, denen lanari esker" dio pozik Yon Gonzalezek.

Norgehiagoka serioa jokatu zuen TAKEk Clavijoren aurka. Hasieratik aurrea hartu zuen, eta bigarren minuturako 0-8ko emaitza ageri zen markagailuan. Konfiantza eman zion horrek. Atsedenaldira ere aurretik iritsi ziren: 30-35.

Hirugarren laurdeneko jokoa ona izan zen, eta horrek aldea 20 puntura zabaltzea ekarri zuen. Lasaitasunez hartu zuten hirugarren laurdena tolosarrek, eta etxeko taldeak desabantaila murriztea lortu bazuen ere, garaipena TAKErena zen.

Garaipenaren gakoak azaldu ditu Gonzalezek: "Talde lan bikaina egin zuten. Defentsan oso ongi jokatu zuten, aurkarien erreferente diren jokalariak jokoz kanpo utziz. Barruko jokalarien lana nabaritu egin zen, nahiz eta jokalari bat falta".

Estreinako partidako ezintasun sentsazioak ahazteko balio duen garaipena da, beraz, gai dela erakusten duena.

Nesken garaipen erraza

Nesken taldeak, berriz, hirugarren garaipena poltsikoratu zuen. Cafes Aitona Askatuak zuen aurkari eta erraz gailendu ziren tolosarrak, 26-58. Honenbestez, sailkapenaren bigarren postuan daude, hiru garaipen eta porrot bakarrarekin, orain arte guztia irabazi duen Bera Bera Grosen atzetik. Bigarren postu horretan sendotzeko aukera izango du datorren larunbatean, hirugarren sailkatuaren aurka, Hondarribiaren aurka. Mutilen aurretik jokatuko dute Usabalen, 18:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!