Sistema aldatuz gero, "tasak erori" egingo direla dio EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 26a, 17:44

Azaroan urtebete egingo du Tolosako hondakin bilketa sistema berriak, eta EH Bilduk balorazio bat egin nahi izan du; ekainetik hona tasa zertxobait jaitsi izana "degradazio boluntariotzat" jo du Ibai Iriartek.

2014ko azaroa zen, hainbeste zeresan emandako gaiaren errenkada amaitu zenean. Tolosako Udalak txip bidezko edukiontziak ezartzea erabaki zuen, organikoa eta errefusa bereizita jasotzeko, egun mugatuekin. Urtebete igaro ondoren, orduko udal gobernuko kide Ibai Iriartek eta Lore Agirrek "aldaketari zenbakiak jartzeko" agerraldi bat egin dute eta, besteak beste, "lan ona" egin zutela azpimarratu.

Hasteko, prozesuaren hasiera ekarri nahi izan dute gogora, sistema aldatzeko oinarriak aipatuz: "Helburua desberdin pentsatzen dutenen adostasuna lortzea izan zen, guztion marra gorriak errespetatuz. Horregatik, edukiontzi bidezko sistema ezartzea, herritar guztiok sailkatzea betebehar bat izatea eta Europar Batasunak eta udalak ezarritako gutxienekoetara iristea izan zen: lehen urtean %60ko tasara iristea, eta bi urtean %80kora", azaldu du Ibai Iriartek.

Helburu horien gainean sistema "berritzailea" martxan jarri zuten Tolosan, eta urtebeteko epean emandako datuak errepasatuz, zorionak ere eman nahi izan dizkiete herritarrei. Izan ere, %29,72ko birziklatze tasa izatetik, Tolosako tasa %73,23ra pasatu zen, hilabete bakarrean. "Iazko abendua izan zen gehien birziklatu zen hilabetea eta, aldiz, inauterietan datu okerrenak izan genituen". Hala ere, sistema egonkortuta dagoela uste du EH Bilduk, %73tik gorako tasak lortu baitira ia hilero.

Bilketaren zenbakiei begiratu dieten bezala, datu ekonomikoen gainean ere jarri dute begirada, eta duela urtebete ezarritako sistema merkeagoa dela azaldu du Lore Agirrek: "Bilketa gastuak eta tratamendu gastuak hartu behar dira kontuan. Horrela, lehengo sistemarekin 143.500 euro erabiltzen zituen, Tolosako Udalak. Orain, berriz, sistema berriarekin, 115.700 euro bideratzen dira bilketa nahiz tratamendura". Bide horretan, zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta tratamendu gastu gutxiago izaten direla ere azpimarratu nahi izan du Agirrek.

"Kanpotarrentzat eredu dena, zergatik aldatu?"

EH Bilduk gaitzetsi egin du sistema aldatu nahi izatea, besteak beste, hainbat ordezkari politikok, gizarte eragilek nahiz elkartek "eredugarritzat" hartu baitute Tolosakoa: "Mutrikun edo Azkoitian EAJren babesarekin martxan jarri zuten sistema bera, baina Tolosan ez zen posible izan". Horregatik, "ez dugu ulertzen kanpoan eredu dena, hemen zergatik kendu nahi duten, sistema errotik aldatuz".

Erabaki ofizialen berririk ez dutela jaso salatuz, zenbait partidaren aldaketen bidez egungo udal gobernuak zein sistema jarriko duen badakitela azaldu du EH Bilduk: "Bosgarren edukiontzia ezarri nahi dute, nahi adina errefusa botatzeko aukerarekin, eta sortzaile bereziei gaikako bilketa kenduz, baina badakigu sistema horrek ez dituela egungo emaitza onak emango.

Izan ere, EH Bilduk, datuaz aztertuz, bilketa tasa altu horien gakoa errefusa dela dio: "Ongi bereizten duenak, errefusa astean behin jaitsita nahikoa duela ikusi du urtebetean, hasieran beldurra besterik sartu ez bazuten ere. Horregatik, birziklatze tasak erori egingo dira sistema berriarekin".

Ekainaz geroztik, "beherakada"

Ibai Iriartek eta Lore Agirrek azaldu dutenez, datuak esku artean izateko denbora behar izaten da, eta abuztura bitarteko datuak soilik dituzte. Dena den, ekainetik honako birziklatze tasetako beherakada txiki batez ohartarazi nahi izan dute: "Udalaren pasibitatea eta utzikeria erakusten du horrek eta, gure ustez, hau guztia degradazio boluntario bat da, estrategia bat, sistemaren aldaketa arrazoitzeko", azaldu du Iriartek.

Horrela, beraiek ezarritako sistema hobetzeko zenbait proposamen egin dituzte, udal gobernuari elkarlana luzatuz, "betiere, etorkizun orekatu eta jasangarriago baten alde". Batetik, zenbait gunetan edukiontzi gehiago behar direla uste dute eta, era berean, edukiontziak ixteko sistema hobetu egin behar dela. Azkenik, sistemaren jarraipen etengabea egiteko helburuz, hondakinen mahaia berriro deitzeko iradokizuna egin nahi izan du Ibai Iriartek. 

Bukatzeko, galdera bat ere bota dute airera, udal gobernu berriarentzat. Sistema aldatu eta birziklatze tasak erortzea atzera pausoa izango dela uste dute, eta aldaketak beti hobera egin behar direla. Horregatik, birziklatze tasa horiek hobetzen ez badira, udal gobernua zein konpromiso hartzeko prest dagoen jakin nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!