Hiru aditu eta errealitate bat: gizarte bazterketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 26a, 15:16

Bihar hasiko dira, Tolosan, Herritartasuna mugarik gabe jardunaldiak; migrazioa eta pobrezia jorratuko dituzte, besteak beste.

Albistegietan nagusi dira, gaur egun, pobrezia, gizarte bazterketa nahiz migrazioa bezalako gaiak. Albiste izaera horren indarra galtzen dute, ordea, sarri; atzendu egiten zaizkio jendeari, berrien etengabeko soka horretan. Siriako errefuxiatuen argazkiek duela zenbait aste munduari bira eman bazioten ere, estatusa galdu du arazo horren larriak, eta gauza bera gertatzen da beste zenbait gairekin. Horrela, Herritartasuna mugarik gabe gizarteko arazo zenbaiti jarraipena eman eta konponbiderako zubiak eraikitzeko antolatu du Tolosaldea Garatzeneko migrazio sailak, Tolosako Udalaren eta ZutaNi elkartearen laguntzaz.

Hiru aditu izango dira protagonista, eta kultur etxeko areto nagusia plaza, pobrezia, migrazioa eta gizarte baztertzea mahai gainean jartzeko. Agendan, berriz, bihar bertan egin beharko diote, lehenengo txokoa, gaiarekiko interesa dutenek.

Olatz Peon alkateak azaldu du garapena nahi izatea ondo dagoela, "baina ez da inor bidean utzi behar". Horrela, migrazioak azkenaldian eskaini dituen irudiek "Europaren lotsa" sortu dutela nabarmendu du: "Hausnarketa egin behar da, zer gertatzen ari den ondo ezagutuz eta zein gizarte mota nahi dugun erabakiz, arazoa ez baita, soilik, politikoa edo soziala". 

Bide horretan, hitzaldi sorta zurrumurruei aurre egiteko beste bide bat ere izango dela azaldu du Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikariak: "Esamesei aurre egite horretan, iturri batzuk proposatu ditugu hiru aditu horien bitartez, analisi sakon bat egiteko, eta gaiaz ez ahazteko. Izan ere, gai hauen jarraipena uholdeka joan ohi da komunikabideetan".

Informazioaren lehen lerrotik, entzuleenganaino

Herritartasuna mugarik gabe jardunaldietako hizlarien pisua nabarmendu du Olatz Peon alkateak: "Esparru horietan adituak dira, pertsona garrantzitsuak baina, era berean, oso komunikatzaile onak dira guztiak. Beraz, gaia ezagutzen dutenek bezainbeste gozatuko dute, gaiarekiko interesa dutenek baina ezagutzen ez dutenek ere". 

Aditu horietan lehenengoaren txanda bihar izango da, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Karlos Zurutuza kazetaria ariko da, Migranteak, errefuxiatuak: nortzuk dira? hitzaldia eskainiz. Gatazka armatuetan aditua da Zurutuza, eta informazio oso eguneratua du esku artean, Moralesen arabera. Horrela, Europara iristen ari diren pertsonak zergatik iristen diren eta nola bizi diren azalduko du, "jende uholde" izena jaso duten arren, izen-abizenak dituzten herritarrak baitira.

Migrazioa, sarri, pobreziarekin estu lotuta joaten da, baina baita bakarrik ere. Asteartean, hilaren 29an, Gustavo Garcia ariko da, kultur etxean, Laguntza ematetik herritartasun eskubideetara: joan-etorriko bidaia? hitzaldiarekin. Batetik, egungo gizarte mota deskribatuko du eta, baita herritarrek nahi duten gizartea zein den esan ere: elkartasun gizartea ala pertsona guztien eskubideak bermatzen dituena. Gainera, krisia amaitzen ari dela dioten arren, hainbat herritar oraindik ere pobrezia egoeran bizi direla erakutsiko du.

Azkenik, azaroaren 3ko saioak biribilduko du hitzaldi sorta, SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzaga eta Gerard Carrereren Nola (ez) aurre egin errefuxiatuei? hitzorduarekin. Gainerako hitzaldiak bezala, 19:00etan izango da, kultur etxeko areto nagusian, eta Europako babes politika izango dute hizpide. Izan ere, Europar Batasuneko nazio guztiek asilo eskubidea onartu duten arren, praktikan aurkakoa egiten dutela azalduko dute, beren babesa eskaintzen duten herritarrei oztopoak jarriz.

Eskualdeko diagnostikoa bidean

Jardunaldien aurkezpenean, Tolosako pobrezia maila ere hizpide izan da. Udalak abiarazi berri du herriko diagnostiko bat osatzeko egitasmoa eta, Tolosakoaz gain, eskualdeko egoera ere aztergai izango dute, batak besteak eragina duelako. "EAEn muturreko pobrezia ez da hain larria, akaso, baina jende askok ez ditu ondo bizitzeko behar dituen baliabideak", dio Moralesek.

Azkenik, aipatzekoa da eskualdean jende askok bere burua eskaini duela errefuxiatuei laguntzeko. Laguntza hori guztia, ordea, bideratu egin behar da, eta ZutaNi elkartea horretan ari da, elkartasun horri forma eman eta babesa zein norabidetan eskaini beharko litzatekeen argitzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!