Koska bat gutxiago, garaipen bat gehiago

M.Iraola 2015ko urr. 26a, 13:38

Bostgarrena. Tolosa Eskubaloiak berriro ere irabazi egin du, 29-34 Gasteizko Gure Auzuneren aurka. Sendo jarraitzen du sailkapenaren lehen postuan.

Lehen Nazional Mailara igo berria da Gure Auzune, baina ez da horregatik errazago. "Tranpa duen partida horietako bat zen". Sorpresaren beldur zen Alex Nogues entrenatzailea. Bada, oztopoak gainditu, eta garaipen bat gehiago eskuratu du Tolosak, bostgarrena.

Intentsitate handiko norgehiagoka izan zen. Arabarrek denboraldi hasiera ona egin izanaren zergatiak azaleratu zituzten. Hasieran tolosarrak izan ziren nagusi. Gasteiztarren 6:0eko defentsa ez zen nahikoa izan tolosarrak gelditzeko; etxeko taldeak kontraerasoa baliatu nahi izan zuen, baina Tolosa azkar ibili zen trantsizio jokaldietan eta defentsa ona eginez lehen alde nabarmena lortu zuen markagailuan: 6-10.

15. minutua zen. Baina hortik aurrera ez zuen jaurtiketetan asmatu talde urdinak, eta etxekoak markagailuan hurbiltzea lortu zuten. Atsedenaldira, 15-16ko emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian, jokoaren erritmoak bere horretan jarraitu zuen. Arabarrak intentsitate ugari sartu nahi zioten norgehiagokari. Tolosak uneoro bi edo hiru goleko errenta izan zuen azken hamar minutuetan tarte hori zabaltzea lortu zuen arte. Gure Auzunek defentsa sistema behin eta berriz aldatu zuen tolosarrak gelditze aldera: 6:0, 5:1, mistoa, 4:2... baina ezin. Tolosak golak egiten jarraitu zuen. Azkenean 29-34.

Aipagarria izan ziren Aitor Ibarguren atezain tolosarraren geldiketak partidaren azken zatian. Goleatzaile nagusiak, berriz, Ioritz Goikoetxea (9), Eloi Ronciano (4) eta Aitor Aranburu (4) izan ziren. 

Hurren larunbatean pasa den urteko txapelduna hartuko du Tolosak Usabalen: Eibar. Une honetan Tolosa lider da eta bi puntuko aldea ateratzen dio talde eibartarrari. Garaipena garrantzitsua litzateke, biren tamaina duen oztopoa gainditu eta seigarrena eskuratzeko.

Bigarren taldeak, ezin

Bigarren taldeak ere Gasteizen jokatu zuen. Eneko Zubiria eta Ander Urangak lehen taldearekin jokatu zuten eta hori nabaritu zuen Tolosak. Dena den, 55. minutura arte lehian izan zen, 28-26 izatera iritsi ziren. Azken bost minutuetan, ordea, etxeko taldea nagusitu zen. 32-26 azkenean. Datorren igandean 12:00etan jokatuko du Legazpiren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!