Hiru kontinentek bat egingo dute, Tolosan, datorren astean. Horrela esanda, nazioarteko goi-bilera bat iragartzeko albistea dirudi, baina, Tolosako Abesbatza Lehiaketak nazioartetik asko duen arren, goi-mailako hitzordua da, zerbait izatekotan.
Asia, Amerika eta Europa, eta lur zati horietatik 13 herrialde, mapetan agertzen ez diren batzuk tarteko; 13 herrialde eta 14 abesbatza eta, ahotsak, kontaezinak.
Mende erdia betetzeko ez du asko falta, azaro hasierako hotz gustagarria kantuz betetzen duen lehiaketak, 47.a izango baita aurtengoa. Antolatzaileek ziurtatu dutenez, urteroko kalitateari eutsiko dio lehiaketak, beste behin ere, eta talde bakoitzaren deskribapena irakurri besterik ez da egin behar, baieztapena egiatik oso hurbil dagoela ikusteko.
Txikitatik hezkuntza formalean musika jaso duten ahotsak; abesbatza eta musika ogibide dutenek osatutako abesbatzak; altueraz txiki izan arren, errege aretoetako hitzordu garrantzitsuenetan abesten duten haurren taldeak,… Horiek guztiak eta gehiago biltzeko lekua izango du Leidor aretoak, eta horiek guztiek eta gehiago entzuteko ohorea, berriz, hango 800dik gora eserlekuetan jesarriko direnek.
Musika eta harekiko pasioa dira, behin batez Tolosan abesbatza onenen arteko lehiaketa bat sortzeko bultzada eman zutenak, baina pasioei ere eragiten die ekonomiak. Horrela, azken urteotan lehiaketako saioak murriztea beste neurririk ezin izan dute arte Tolosako Ekinbide Etxeko antolatzaileek: ganbera abesbatzek urtero parte hartzen dute, baina, ahots taldeak eta haur abesbatzak txandakatu egiten dira, bi urtez behin. Aurten, beraz, hainbeste belarri erakartzen dituen larunbat goizeko haurren saioa berriro izango da egitarauan.
Xabier, Lete eta Sarasola
Lehiaketa mende erditik gertu baldin badago, mende erdia bete-bete egin du, aurten, Ez Dok Amairu taldeak. Euskal artista eta musikarien korronte berritzailea ekarri zuen hark, efemeride biribila eskaini dio Euskal Herriari, eta Tolosako Abesbatza Lehiaketak ere data horren hariari tira nahi izan dio, lehiaketako euskarazko obra behartua aukeratzeko.
Bi Xabier izango dira obra horren protagonista: Lete eta Sarasola. Xabier Lete izango da, batetik, Ez Dok Amairuren ordezkaria, lehiaketan: bere Maiteagoak poemak emango baitizkio, hitzak, obra behartu horri. Leteren arteari musika jartzearen ardura, berriz, Xabier Sarasolarena izan da.
Euskarazkoarekin batera ganbera abesbatzen kantatu beharko dute bigarren obra behartuak ere efemeride batekin lotura estua du. Knut Nysted konpositore norvegiarra aurten 100 urte betetzekoa zen eta, horren harira, bere obra bat aukeratu zuen TEEko antolakuntzak. Bizitza horrelakoxea da, ordea, eta Nysted Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketa ospatu baino lehen zendu zen. Hala ere, bere Peace I leave with you obra entzun ahal izango da Leidorren.
Kontinente, kolore, neurri eta obra nahasketa hori guztia dastatzeko aukera datorren ostiralean hasiko da, eta igandera bitarte luzatu, Agur Jaunak — eta, andreak ere bai akaso— jendetsuaren doinuz.
Egitaraua
URRIAK 30, OSTIRALA
18:30. Polifonia saileko emanaldia.
Laiks (Letonia) Stockholms Musikgymnasium Choir (Suedia)
Cantus (Norvegia)
Mikrokosmos (Frantzia)
20:30. Folklore saileko emanaldia.
Laiks (Letonia) Stockholms Musikgymnasium Choir (Suedia)
Cantus (Norvegia)
Mikrokosmos (Frantzia)
URRIAK 31, LARUNBATA
11:00. Haur abesbatzen emanaldia.
Marczibányi gyermekkara (Hungaria)
Coro infantil de la Jorcam (Madril)
Girl's choir Tiara (Letonia)
Cor Amics de la unio (Herrialde Katalanak)
Children's choir Musamari (Estonia)
Children's choir Lira (Bielorrusia)
16:00. Polifonia saileko emanaldia.
Emil darzins chamber choir (Letonia)
Tous ensemble (Argentina)
CWU chamber choir (AEB)
Suginami Gakun High School & Kikuka ensemble (Japonia)
18:00. Folklore saileko emanaldia.
Emil darzins chamber choir (Letonia)
Tous ensemble (Argentina)
CWU chamber choir (AEB)
Suginami Gakun High School & Kikuka ensemble (Japonia)
AZAROAK 1, IGANDEA
11:30. Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketako amaiera ekitaldia.
19:00. CWU chamber choir abesbatza estatubatuarraren emanaldia, San Frantzisko elizan.
47. Tolosako Abesbetza Lehiaketako parte hartzaileak
LIRA (BIELORRUSIA)
Haur eta gazte abesbatza. Minsk-eko 66. Estatu Eskolako Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira, abesbatzaren oinarri, eta bertako nahiz atzerriko egileekin osatzen dute errepertorioa. Elena Latsapnevaren zuzendaritzapean, hainbat sari eskuratu dituzte 2004tik hona.
AMICS DE LA UNIó (KATALUNIA)
Haur abesbatza. Granollerseko Amics de la Unió 1877an sortutako elkartea da, eta abesbatza hau, 1996an sortu zuten, musika eskolarekin batera. 12 eta 17 urte bitarteko ahots zuriek osatzen dute, eta herrialdeko maila goreneko abesbatzetako bat da, Josep Vila Jover-ek zuzendutakoa.
PEQUEÑOS CANTORES DE LA JORCAM (ESPAINIA)
Haur abesbatza. JORCAM (Joven Orquesta y Coro de la Comunidad de Madrid) elkartearen barruan, 2009. urtean sortu zen haur abesbatza, Madrilen. 6 eta 15 urte bitarteko haurrak diren arren, Madrilgo Errege Antzokiko hau koru titularra da, besteak beste, 2010etik hona.
Tous Ensemble (Argentina)
Ganbera abesbatza. Historiako hainbat garaitako abesbatza musika aztertzeko sortu zen, 2008an, eta baita hori guztia herritarrei gerturatzeko ere. Kide gehienek musika ikasketak egin dituzte, eta gazte profesionalak dira. Hainbat sari jasotako abesbatza da.
CWU CHAMBER CHOIR (AEB)
Ganbera abesbatza. Washington-go unibertsitate zentraleko ikasleen abesbatza da, eta beren soinu ederra dute ezaugarri nagusi. Entzuleek kritika zoragarriak egin izan dizkiete, eta, lan horretan, historiako obra ospetsuenak eta sortzaile gazteenak tartekatzen dituzte.
MIKROKOSMOS (FRANTZIA)
Ganbera abesbatza. Ezohiko abesbatza da, arte koral garaikidea eta sorkutza lantzen baitute. 18 eta 30 urte bitarteko kideek errepertorioa berritzea dute helburu. Beren emanaldiek abesbatzaren mugak puskatzen dituzte, eta diziplina berriei ekiten diete. Tolosan ere sariak jaso izan ditu taldeak.
SUGINAMI GAKUIN & KIKUKA (JAPONIA)
Ganbera abesbatza. Suginami Gakuin goi eskola eta Kikuka ensemble taldeak elkarturik daude abesbatza honetan, eta lehiaketa, kontzertu nahiz grabazio profesionaletan parte hartzen dute. Hau ere abesbatza saritua da, eta Kimiko Fuchigami da zuzendaria.
GIRL'S CHOIR OF MUSAMARI (ESTONIA)
Haur abesbatza. 11 eta 16 urte bitarteko 32 neska dira abesbatzako ahotsak, eta 2006an sortu zuten taldea. Estonian nahiz atzerrian, hainbat lehiaketa eta jaialditan parte hartu dute, eta punta-puntako musikari estoniarrekin aritu dira lanean, baita sariak jaso ere.
MARCZIBáNYI GYERMEKKARA (HUNGARIA)
Haur abesbatza. Lehen Hezkuntzako Zoltan Kodaly musika eskolatik dator abesbatza. Arte eskola bat da, eta behin baino gehiagotan goraipatua izan da. Besteak beste, Hungariako Ondare eta Hezkuntzaren Artea Hungarian sariak jaso ditu. Abesbatzak ere hainbat lehiaketa irabazi ditu.
GIRL'S CHOIR TIARA (LETONIA)
Haur abesbatza. Rigako katedraleko abesbatza eskolan sortu zen haur abesbatza, 1997an eta, 2013an, Tiara izena hartu zuen. Gaur egun, 9 eta 16 urte bitarteko 107 abeslari biltzen ditu eskolak, eta nazioarteko jaialdietan hainbat sari jasotakoak dira.
EMILS DARZINS (LETONIA)
Ganbera abesbatza. Swedbank Choir izenarekin sortu zen, 2003an, eta iaz aldatu zioten izena, gizon-emakume abesbatza honi. Amateur abesbatza izan arren, hamaika ekitalditan parte hartzen dute, eta abesbatza pieza berriei garrantzi berezia ematen diote errepertorioan.
LAIKS MIXED CHOIR (LETONIA)
Ganbera abesbatza. 2005eko urtarrilean sortutako abesbatza kalitate handiko proiektuak egindakoa da, artistikoki nahiz musikari profesionalekin elkarlanean. Besteak beste, Letonian, Estonian, Lituanian nahiz Alemanian eskaintzen dituzte emanaldiak.
CANTUS (NORVEGIA)
Ganbera abesbatza. 1986an sortu zuten, nerabe batzuek, beren ardurapeko koru batean abestu nahi zutelako. 20 urte eta gero, beren ideiei jarraitzea gustuko dute. Beren moldatzeko erraztasuna dute ezaugarri nagusi, eta estilo aniztasuna nahiz musika antzeztua lantzen dute amateur hauek.
STOCKHOLMS MUSIKGYMNASIUM (SUEDIA)
Ganbera abesbatza. Bengt Ollén-ek 1994az geroztik dihardu Stockholms Musikgymnasium-eko abesbatza sailean, eta bere abesbatzen urtero parte hartzen dute nazioarteko lehiaketetan. Eskolak nahiz koruak, entzute handia lortu dute Suediako musika munduan.