Urteko hitzordua Bedaion, bertako nahiz kanpotarrentzat

Itzea Urkizu 2015ko urr. 23a, 12:16

Azoka berezia ospatuko dute, igandean; postuak, tailerrak nahiz jakiak eskuragarri izango dira

Gertakari historiokoek eta administrazioak hala eskatuta, Tolosari lotua da Bedaio. Geografiak, ordea, gainerako auzoek baino bizitza are propioagoa egitera bultzatzen du mendi arteko txokoa. Horrela, urtean badituzte zenbait hitzordu garrantzitsu bedaiotarrek, eta iritsi zaie udazkeneko egutegian gorriz magotuta zutena: azoka berezia.

Igandean bertan izango da, Bedaioko frontoian, 10:00etatik 14:00etara, eta ikusmirarako plan bikaina eskainiko diete, bertako zein kanpokoei. Batetik, garaiko produktuak izango dira protagonista, negua ate joka dela: bertako babarruna, barazkiak, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, intxaurrak, sagarrak nahiz gaztainak. Finean, udazken amaiera dastamenaren bidez aditzeko hamaika zapore eskuragarri izango dira.

Bedaioko azoka berezia, ordea, ez dute lurretik ateratako produktuek soilik berezi egingo, eta tailer txikiak ere izango dira. Horrela, tolare txiki baten laguntzaz, sagardoa egiteko prozesua azalduko dute sagar ekologikoa ekoizten duten bi nekazarik. Era berean, etxean yogurta nola egin erakutsiko dute Larrea Esnekiak enpresako kideek.

Haurren gozamenerako, baserriko animaliak ere plazan izango dira, eta erleen produktuak ere eskuragarri izango dira aurten.

Eta, jaki nahiz edariez gain, bestelako produktu tentagarriak ere bistaratuko dituzte Bedaioko postuetan, izan ere, xaboiak nahiz usain gozodun sedabelarrak ere azokako protagonista izango dira.

Azkenik, aipatzekoa da azken urteotan harrera bikaina izan duela azokako Erakustoki Txokoak, eta aurten ere egokituko dutela gunea. Iaz 1940tik honako ezkontza soinekoak nahiz beste hamaika objektu erakutsi zituzten bezala, aurten antzinako motozikleta bildumarekin osatuko dute erakusketa.

Azkenik, azokan taloa eta txorixoa jan ondoren, gose handiagoa egiten dutenek, Artubi elkartean izango dute bazkaria, 20 euroren truke. Txartelak goiz osoan barrena izango dira salgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!