Izarne Olano: "Izarne altu bat ez litzake Izarne izango"

Barrura begiratzeko leihoak dira garrantzitsuak. Besteen begietara nolakoa zaren erakusten dute. Begitara begira jarri gara Izarne eta biok. Begiek dir-dir eta ahotsak dar-dar egin didate; eta barrura begiratzeko itxita nuen leiho bat zabaldu didate bere erantzunek.

Botikarik handiena du Izarnek, irribarrea. Bidelagunik fidelena, bizipoza; minak eta penak arintzen dizkiona. Erronkarik funtsezko bezain konplikatuena aspaldi lortutakoa da, den bezala maite baitu bere burua. Txikia da Izarne. Eta txikia izateak egin du horren handi.

Txiki-txikitatik jakin izan duzu txikia zarela?
Nire bizitzako lehen urteetan normal hazi nintzen. Ez da jaiotzetik dudan zerbait. Normaltasunaren kanonen barruan jaio nintzen, gainontzeko haurren pisua eta altuera nuen. Hiru urte bete arte ohiko hazkuntza-prozesua izan nuen. Baina, hiru urte inguru nituenean, gurasoak ohartu ziren ez nintzela besteen erritmoan hazten, atzean geratzen ari nintzela.

Hortaz, ez naiz jaiotzetik horrelakoa. Baina, haurtzaroko urte horiek gogoratzen ez ditudanez, nire oroitzapen zaharrenean ere txiki gogoratzen naiz.

Gurasoak hiru urterekin ohartu ziren ezohikoa zela zure hazkuntza. Zuk noiz izan zenuen egoeraren berri?
Hasiera-hasieratik garbi azaldu zidatela diote nire familiarrek, eta nik normaltasunez hartu nuela. Haur batek badaki medikuarenera doanean zerbait oker dagoela. Bada, nik ere ikusi nuen hazteko arazoak nituela. Naturaltasunez bizitu nituen lehen urte horiek.

Hazkuntzaren jarraipena egin didate, probak eta probak, etenik gabe, baina sekula ez didate zer gaixotasun dudan zehazki esan. Esan zidaten lehen gauza akondroplasiarik ez nuela izan zen; ipotxak bezala ezagutzen ditugunek dutena. Ez da nire kasua; baxuagoak dira, jaiotzetik detektatzen da, beste gorpuzkera bat dute, genetikoa da...

Medikutik medikura ibiliko zinen, erantzun bila...
Gutxiago hazten hasi nintzenean Bilboko Gurutzeetara joaten hasi nintzen. Eskuko erradiografiak egiten zizkidaten, hezurren adina neurtzeko. Hazkuntzarako hormona falta zitzaidala ikusi zuten, eta, ondorioz, hormona injektatzen hasi zitzaizkidan. Bost urte nituen orduan.

Zenbat urtez injekzioa jartzen egunero-egunero?
Hamabi urte bete nituen arte gauero ziztatzen nintzen. Hazten lagundu zidan, baina ez zidan arazoa konpondu. Batzuei balio izan die, baina niri ez. Zentimetro batzuk egin nituen gora, baina ez uste bezainbeste.

Etsigarria izan behar du, hazi nahi eta ezin...
Ez nintzen etsitzen. Haztean poztu, besterik gabe. Zazpi urte horietan ez nuen egunero-egunero hartu. Etenaldi batzuk egin nituen, zenbateko onura egiten zidan alderatzeko. Aldea bazegoen, baina ez behar adina.

Gainera, hormonek albo ondorioak ekarri zizkidaten; perthes izeneko gaixotasuna. Egun batean izugarrizko hankeko minarekin jaiki nintzen. Ezin nuen oinez ibili. Ezkerreko hankeko femurraren burua gastatu zitzaidan.

Orduan, beste mediku batengana joaten hasi nintzen. Hau da, altueraren errebisioa Gurutzeetan egiten nuen, baina hankeko arazoa tratatzera Basurtora joaten nintzen. Hormongatik izan zitekeelakoan, injektatzeaz uzteko gomendatu zidaten.

Azkena galdu behar dena itxaropena dela diote...
Pubertarora normal iritsi nintzen; beste haurrak bezala, baina altuera baxuagoarekin. Hilekoa jaitsi zitzaidan, bularrak eta ileak hazi... Bakoitzak bere denbora behar izaten du, baina gainontzeko nerabeekin batera gertatu zitzaizkidan aldaketak niri ere.

Hamasei, hemezortzi urterekin hazkuntza-prozesua amaitu egiten da. Urte horiei begira geunden, medikuek ere ez baitzekiten hazten jarraituko nuen ala gainontzekoek bezala hazteari utziko nion. Itxaropena hor zegoen. Baina ikusi zuten hamasei urterekin azken zentimetroak hazi nituela.

Nola bizitu zenuen egoera hori?
Orduan izan nintzen kontziente bizi osorako horrela izango zela, medikuek ere ikusi zutelako hazteko esperantza amaitu zela. Nirekin egin zezaketen guztia egin zutela. Beti polikiago joan naiz, atzetik; eta, azkenean, txikia gelditu naiz.

Eta nola heldu zenion ihesbiderik ez zuen arazoari?
Inolako arazorik gabe. Ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait, istripu baten ondorioz bat-batean itsu geratzen den edo esku bat galtzen duenaren kasua bezalakoa. Nik betidanik bizi izan dut egoera hau. Hamasei urte bitarteko hazkuntza prozesua denbora nahikoa izan nuen kontziente izateko txikia nintzela.

Prozesu luzea izan da oso, eta denbora tarte horretan medikutik medikura ibili naizela gogoratzen dut. Haurtzaroa medikutan igaro dut. Euskal Herria zeharkatu nuen, alderik alde, mediku, osteopata eta naturista askoren ateak jo ditut, soluzio bila. Jabetzen nintzen txikia nintzela, begi-bistakoa da.

Barneratuta neukan. Horregatik, kontzientziatu urteen poderioz egin naiz.

Eta barneratu?
Gogorra da nahi ez duzun zerbait barneratzea, baina txikitatik onartu dut nire burua. Gogoan dut zenbaitek iseka egiten zidatela, nola ikastolan, hala kalean. Hori gogorra da, baina, aldi berean, normala da. Haurrek badute inozentzia krudel hori.

Baina tira, ez zen erraza gainontzekoak baino txikiagoa zinela ikustea, gauean besteak bezalakoa zinela amestea, eta esnatzean hori ez zela horrela ohartzea.

Hala ere, ez dut inoiz drama bat egin kontu honekin. Haur zoriontsua nintzen, lagun askokoa eta hara eta hona bizitzaz gozatzen zuena. Lotsagabea ere banintzen, eta nire burua defenditzeko gai. Orain ere bide beretik jarraitzen dut.

Esan daiteke horrekin bizitzearen aldeko hautua egin duzula...
Hamasei urterekin, gehiago haziko ez nintzela ikustean, hankak lurrean jarri nituen momentua iritsi zen. Esan nuen: Izarne, horrela geldituko zara betiko.

Une horretan, aukera bakarra operatzea zela esan zidaten. Femurra hautsi eta burni bat sartzean oinarritzen zen operazioa. Erreabilitazio oso luzea zuen, pixkanaka-pixkanaka, hankak luzatzen joango zitzaizkidan. Torloju moduko bati birak eman behar nizkion horretarako. Asko jota hamar zentimetro luzatu nintekeen.

Orduan erabaki nuen ez nuela horrelakorik egingo. Operazioa gogorra zen, ikasketak eten behar nituen, urtebete gurpil-aulkian egon beharra nuen, eta, gainera, hanka gehienez 10 zentimetro haziko zitzaidan. Hanka, zeren behatzak, eskuak, besoak eta oinak ez zitzaizkidan luzatuko. Horrek zenbateraino konponduko zidan bizitza? Oztopoak berdin-berdin izango nituen.

Ohituta nengoen txikia izaten. Nahiago izan nuen txikia nintzela onartu eta nere burua maitatu.

Anarik dio hobe dela duda lagun bezala erabiltzea ozpoto bezala baino. Zuk beti izango duzu bestearen aldeko hautua egiteak zer emaitza ekarriko zituenaren duda?
Operazioak, gaur egun ere, ez nau konbentzitzen. Baina bai, akaso bai pentsatzen dudala urteak pasa direnez eta medikuntzan ere teknologiak aurrera egin duenez, badagoela nire ametsetan dagoen Izarne altuago bat bihurtuko nauen operazio bat. Hau da, garai hartan proposatu zidatena edo orain proposatuko zidatena ezberdina dela pentsatzen dut. Baina ez naiz informazio bila ere hasi. Eta ez naiz hasiko.

Tarteka etortzen zait gogora. Baina nik erabaki bat hartu nuen, eta uste dut ondo hartutakoa dela, irmo eusten diot erabakiari, ez naiz damu. Pozik bizi naiz, beraz, zertarako emango dizkiot horri bueltak? Nik orain ez dut Izarne altu bat irudikatzen. Izarne txikia da. Izarne altu bat ez litzake Izarne berdina izango.

Galdera batzuk ez dute erantzunik izango, hau kasu, baina ez dut erantzun horien beharra sentitzen.

Fisikoak eragiten du izaeran...
Pertsona bakoitza bizitzan izan dituen bizipen eta esperientzien araberakoa da. Ni egungo Izarne naiz txikia izanda eduki ditudan bizipen eta esperientzia horiengatik guztiengatik. Horregatik ez dut imajinatzen Izarne altu bat.

Zuk lortu duzu arazorik ez duten askok lortzen ez dutena, zure burua maitatzea.
Nik amesten dut altua izango banintz zer oztopo ez nituzkeen izango. Baina nik ikasi dut horrelakoa izaten, konplexurik gabe. Naizen bezala maitatzen lagundu dit gaixotasunak.

Zer detaile txikitan da ezberdina zure egunerokoa?
Alde batetik, altuerari lotutako oztopoak daude. Edalontzi bat hartzeko, altueran badago, aulki baten beharra daukat. Trenera igotzeko zailtasunak izaten ditut, atea zabaltzen duen botoia sakatzera ez bainaiz iristen geltoki batzuetan. Hainbat tabernetako ispiluetan ez naiz ikusten, leku itxietako kontzertu asko ikusi gabe entzuten ditut, ezin dut nahi dudan arropa erosi, altzari askotara ez naiz iristen...

Horren aurrean, eskerrak gurasoei, amak arropa neurrira mozten baitit eta aitak altzariak nire neurrira jarri. Oztopo hauek dagoeneko ez ditut traba bezala ikusten, nire bizitzaren parte baitira. Nire bizi-estiloa hori da.

Baina badaude eragozpen handiagoak. Oztoporik handiena gizartea da. Kalea atera eta begiradak jasotzea, seinalatzea edo trufatzea. Horren konponbidea ez dago nire esku, baina behintzat, ondo eramateko gai naiz.

Ondorioz, zure gaixotasuna fisikoki nabarmena izateak albo kalte psikologikoak izatea dakar.
Eguneroko bizitzako gauzarik nekagarriena da jendearen jarrera desegokiari aurre egitea. Ohituta nago, baina...

Detaile horiek guztiek azkenean pisu handia izango dute, ezta?
Gertukoek ezagutzen naute eta naizen bezala maite naute. Baina, egunero, jende ezezagun askorekin gurutzatzen gara kalean, uste ditugunak baino gehiago. Gainera, lotsagabe batzuek komentarioak ere egin izan dizkidate. Horrek motxila gero eta beteagoa izatea dakar eta ez da samurra.

Horrelako jokabideen aurrean, pentsatzen dut ezberdin minduko zaituztela haurrek inozentzian egindako komentarioek heldu kontzienteenak baino.
Haurren kasua normala iruditzen zait. Ulertzen dut begiratzea, nik 2,40 metro neurtzen dituen bati begiratuko niokeen bezala. Galbaherik ez dutenez, asmo txarrik gabeko galderak egiten dituzte «begira ama! Ze ama txikia!» kasu. Sarritan gurasoei azalpenak eskatzen dizkiete. Hori ez dut gaizki hartzen, grazia egiten dit. Gurasoak zer erantzun ez dakitela gelditzen dira, eta are gehiago lotsatzen dira nik entzun dudala ohartzen direnean. Askotan gurasoen erreakzioaren zain geratzen naiz.

Baina, askotan, gertuko jendeak okerrago pasatzen du nik baino. Horrelako egoeren eta iseken aurrean, niri babestu beharrean sentitzen dira. Eta, azkenean, nik amaitzen dut beraiei lasaitzen. Izan ere, nik urte mordoa daramat egunero-egunero horrelakoak jasaten eta ondo daramat. Gertukoenei arrotzagoa zaienez, estualdi handiagoa pasatzen dute.

Nola arintzen duzu pisu hori?
Duena baino garrantzia gehiago ez ematen ikasi dut. Ezentzunarena egiten.

Bizipoza lagungarria izan al zaizu penak eta tristurak arintzeko?
Ezin dut honelakoa izatea tokatu zaidalako burua altxa ezinik egon. Ukaezina da momentu txarrak igarotzen direla, baina hori guztioi gertatzen zaigu. Guztiok ditugu arazoak, guztiok ditugu buruhausteak. Hortaz, guztiontzat da baliagarria bizitzari irribarretsu begiratzea.

Poztasuna da botikarik onena.
Ni pozik bizi naiz. Oso.

Gurasoek mugarik ez marrazteak ere lagunduko zizula pentsatzen dut...
Nire mugak izan ditut, haur guztiak bezala, baina inoiz ez naute gurasoek are gehiago mugatu. Ez gara inoiz nire egoeraz lotsatu eta bizitza normal bat eraman dugu. Horrek aurrera egiten lagundu didala esango nuke. Inoiz ez dizkidate ateak itxi, aurkakoa. Nahi dudan hori egin izan dut, lortu dut. Bat gehiago izan naiz.

Eta lagunekin, edo lagunak egiterakoan?
Lagunen artean bat gehiago naiz. Jende berria ezagutzerakoan, ordea, berak hartuko duen ezusteko horretan pentsatzen dut. Lanbidez kazetaria naiz, hortaz, ezagutzen ez nauen jende askorekin elkartu behar izaten dut, eta badakit ikusten nautenean harritu egingo direla. Ez dutela esperoko. Baina hori ere nire bizitzaren parte da eta ohituta nago.

Azalpenak emateko beharra sentiarazi duzu?
Ez, begi-bistakoa delako. Azalpenik eman gabe dena esanda dagoelako.

Hala ere, ziur, noizbait azalpenak eman behar izan dituzula...
Gogoan dut lanera nindoan egun batean, Tolosako tren geltokian, emakume batek Gran Hermanoko Txikirekin nahastu ninduela. Gaztelaniaz galdetu zidan eta ni zer esan ez nekiela gelditu nintzen, ez bainekien txikia nintzela zioen edo Txiki nintzela uste zuen.

Nahastu egin ninduela konturatutakoan, oker zebilela erantzun nion, gaztelaniaz. Tematu egin zen ni nintzela. Sinistuta zegoen ni nintzela, baina, famatua nintzenez oharkabean pasa nahi nuelako esaten niola ezezkoa. Emozionatuta zegoen. Bere fan bat zen, antza. Denbora luzez eduki ninduen han, berarekin, euskaraz azaldu nion arte ez nintzela Txiki eta hurrengoan errespetu gehiagorekin hitz egiteko, hanka sartzen ari baitzen. Euskaraz egin nionean konturatu zen egia esaten ari nintzela eta bakean utzi ninduen.

Eguna umore txarrez hasi ordez, egoera horren harira par pixka bat egin eta sinadura bat egin behar niola pentsatu nuen trenean nengoela...

Konparaketak mingarriak izan daitezke, ezta?
Behin baina gehiagotan alderatu naute berarekin. Esaten didaten moduaren arabera, mina egin diezadakete. Ni txikia naiz, bai; baina ni ez naiz Txiki.

Gainontzekook baloratzen ez ditugun detaileak estimatzen dituzu.
Noski. Txikitan, etxeko tinbrea jotzera iristeak poztu ninduen. Gogoan dut, adibidez, Dragon Khanen ibili nintzen eguna. Zentimetro baten faltan atrakziora igotzen utzi zidaten. Parkean behin baino gehiagotan egon ondoren, lortu egin nuen. Izugarria izan zen. Egun hori ezin hobeto gogoratzen dut. Orain tontakeria bat dirudi, baina egun hartan gainontzekoak bezalakoa sentitu nintzen. Ziur horretarako oztoporik izan ez duenak ez diola horrenbesteko garrantzia ematen, baina niretzat lorpen bat izan zen.

Honetan guztian, instituzioek zer paper dute?
Ematen duten laguntza ekonomikoa da, eta hori ere eskasa, bereziki krisi garaian. Laguntzek behera egin dute, orokorrean, baita esparru honetan ere. Jasotzen diren laguntzak batez ere deskontuei lotutakoak dira, familia ugarien kasuan bezala.

Zer laguntza jasotzen dituzu?
Elbarritasun agiria daukat eta, esan bezala, horrek laguntza batzuk ematen ditu. Dena den, agiri horren baitan, bi puntuazio daude, menpekotasunarekin eta mugikortasunarekin lotutakoak. Nik horrelako arazorik ez dudanez, ez ditut puntuazio horri dagozkien laguntzak jasotzen. Horregatik, kotxea ezin dut elbarrien aparkalekuan utzi, adibidez, irisgarritasun arazoak ez ditudalako.

Orokorrean, jasotzen dudan laguntza ekonomikoa da. Kontuan hartuta nire gurasoek dirutza gastatu dutela nire gaixotasunaren erruz, eskertzen da, baina dirua gutxienekoa da.

Laguntzak azalekoak dira oso...
Lehen esan bezala, ez ditut puntuazio horiek ematen dituzten laguntzak eskuratzen. Kotxearen adibidea erraza da ulertzeko. Kotxe propioa erosi behar izan dut, niretzako homologatuta egon behar duelako eta aitarena erabiltzea legez kanpo dudalako. Ezaugarri berezi batzuk izan behar ditu eta, ez kapritxoz, legeak aginduta baizik.

Hala ere, mugikortasun arazoak ez ditudanez, elbarrien laguntzarik jaso gabe erosi dut. Euro guztiak nik ordaindu behar izan ditut, eta diru asko da.

Laguntzarik handiena nork eman diezazukete?
Norbanakoek. Egunerokoan min handiena horrek egiten duela uste dut. Ni zoriontsu bizi naizen arren, badago jendea ezberdina izateagatik sufritzen duena. Horregatik, errespetuz eta enpatiaz tratatu behar ditugula uste dut. Instituzioek lagundu dezakete, baina diruarekin baino gehiago, bihotzarekin lagundu dezakegu.

Niri behintzat, begi onekin eta hitz goxoekin ikusten nautenak indarra ematen didate. Meritua dudala esatera gerturatzen zait jendea; lagunak eta ez horren lagunak. Edozein herritar edo ezagunen ahotik pertsona handia naizela entzutea pozgarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!