Gazteburua, aurreikuspen guztiak "gainditzen" ari da

Maier Ugartemendia 2015eko urriaren 17a

Gazteburuaren egun potoloena ospatzen ari dira eskualdeko Tolosan; bazkaltzen ari dira orain, baina gazteen arteko jokoak, elektrotxarangarekin poteoa, zahagi ardoa eta kontzertuak dituzte aurretik

Duela urtebete sortu zen, Tolosako Gazte Asanblada eta, iaz Txorimaloek iragarritako festa egunak Gazteburua izenburua hartu du aurten, urteurrena aldarrikapenekin uztartzeko. Joan den asteburuan hasi ziren festa ospatzen Zabalarreta parkeko akelarrearekin. Inpernu eta Kortxoenea gaztetxeetako kideek esperientziak ezagutuz, kantuan biribildu zuten gaua. Asteburu honi, berriz, ostegunean eman zioten hasiera street boulder eskalada txapelketarekin. Asanbladako kideen esanetan "partaide asko" izan ziren, eta txapelketa "ondo" joan zen. Ostiralean, bertso musikatuen saioa zen eta "karpa bete" zenez eta "jende pila bat gerturatu" zenez antolatzaileak "gustura" daude emaitzarekin. Ondoren, El experimento filma proiektatuko zuten.

Gaur goizean, 3x3 saskibaloi txapelketa eta patata tortilla lehiaketa izan dituzte, eta momentu honetan Plaza Berrian aurkitzen dira ehun lagun inguru bazkaltzen.  Gazte Asanbladako kideen esanetan, "uste baino jende gehiago" bildu da bazkaltzen eta "oso pozik" daude bildutako jende kopuruarekin. Bazkalondoren, gazte jokoak eta elektrotxarangarekin poteoa dute. Indarrak berreskuratzeko zahagi ardoa izango dute gauean, eta ondoren Skasti, Laket eta Sukarra 37 taldeen emanaldiek parranda ziurtatuko dute Plaza Berrian.

Oraingoz lortutako emaitzekin "oso gustura" daude gazte asanbladako kideak, "aurreikuspen guztiak gainditu" baitituzte.

Aurrera begira, Gazteburuaren eta gazte asanbladaren helburua gaztetxe bat izatea da, eta "hemendik gutxira gaztetxe baten barruan" egotea espero dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!