Tolosa munduan eta mundua Tolosan jartzen duen lehiaketatzat deskribatzen dute, urtero, Tolosako Abesbatza Lehiaketa, eta gaurko agerraldia ez da gutxiagorako izan. 47. aldiz, nazioarteko ahots talderik onenek zapalduko dute Leidor aretoko oholtza, eta tolosarrek nahiz ingurukoek ahotsen arte hori gozatzeko pribilegioa izango dute.
Xabier Ormazabal Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkaria, Olatz Peon Tolosako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria eta Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko ordezkaria izan dira aurkezpen ekitaldia.
Ruizek Tolosako kultur jardueren oparotasuna azpimarratu du, eta aurtengo berrikuntza bat aurreratu ere bat: "Lehenengoz, Tolosatik bi emanaldi eramango ditugu Donostiako Kutxaren aretora. Garrantzitsua da kulturaren fokua hiriburutik mugitzea, eta halaxe gertatuko da, aurten, berriz ere, abesbatzekin".
Denis Itxasok, berriz, Euskal Herriko kantu-tradizioa hizpide izan du: "Lehiaketak garrantzia du Euskal Herri osoan, kultur hitzordu gisa. Izan ere, Euskal Herrian oso errotuta dagoen abesbatza tradizioak nazioarteko proiekzioa izango du aurten ere".
Hari berari tira nahi izan dio Tolosako alkate Olatz Peonek, TEEren 47 urteko ibilbideari gorazarre eginez: "Bidean zailtasun asko izan dituzte, baina lehiaketaren kalitateak ez du, urte bakar batez, kalitaterik galdu". Bide beretik, euskara protagonista izango dela nabarmendu du alkateak: "Abesbatza horiek guztiak euskararen inguruan elkartuko dira, eta euskal kultura nahiz hizkuntza ezagutuko dituzte, beraz, tolosarrei dei egiten diet emanaldiez goza dezaten".
14 abesbatza eta 3 kontinente
Xabier Ormazabal antolatzaileak zehatz-mehatz azaldu ditu 47. lehiaketaren nondik norakoak. Hasteko, aurten parte hartuko duten abesbatzez aritu da: ahots nahasi nahiz berdinekin batera, haur abesbatzak ere ariko dira. Izan ere, duela zenbait urtez geroztik, haur abesbatzak eta ahots taldeak txandakatu egiten dira lehiaketan. Horrela, aurten haur eta gaztetxoen txanda izango da.
Hamalau abesbatza, 12 herrialde eta hiru kontinente izango dira, Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketaren gatza eta piperra eta, Tolosako lehiaketako saioetan aritzeaz gain, Euskal Herrian nahiz Cantabrian dozenaka kontzertu eskainiko dituzte.
Ormazabalek azpimarratu duenez, urtean zehar lan handia egin behar izan dute lehiaketako kalitatea mantentzeko: "Parte hartzeko eskaera asko jasotzen ditugu, eta aukeraketa lan handia egin behar izaten dugu".
Horrela, beraz, auren ere abesbatzen kalitatea erabat bermatuta izango dute ikus-entzuleek. Bide horretan, hiru abesbatza gazte eta bikain nabarmendu ditu TEEKo ordezkariak: "Eskola berezietatik datozen abesbatza gazteak izango ditugu aurten, txikitatik abesten ari direnak. 18 eta 20 urte bitarteko abeslariak diren arren, bizitza osoa daramate ahotsa lantzen, eta izugarrizko maila dute. Suediatik, Norvegiatik eta Japonetik datoz, eta ea hemen ere horrelako ohitura sortzeko isla gisa balio duten".
Xabier Lete eta obra behartua
Urteroko moduan, Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketak euskarazko obra behartu bat izango du errepertorioak. Aurten, Ez Dok Amairuren 50. urteurrenari keinu txiki bat egin nahi izan diote, eta Xabier Leteren Maiteagoak poemak emango dizkio, hitzak, obra behartu horri; musika, berriz, Xabier Sarasolaren sorkuntza lana izango da.
"Lehiaketaren helburuetako bat gure hizkuntza munduratzea da, eta lortzen dugu, nazioartetik etorritako abesbatzen bikain abesten baitute euskaraz; areago, askok beren ohiko errepertoriora gehitzen dituzte euskarazko lanak. Beraz, hemengo konpositoreen lana sustatzeko ere bide bikaina da lehiaketa", dio Xabier Ormazabalek.
Bihar bertan abesbatzen topaketa izango da, San Frantzisko elizan, baina, egiazki, datorren urriaren 30ean hasiko da abesbatza lehiaketa polifonia saileko emanaldiarekin. Sarrerak salgai dira jada, Topic zentroan nahiz kutxasarrerak.net atarian.
EGITARAUA:
URRIAK 30, ostirala
18:30. Polifonia saileko emanaldia.
Laiks (Letonia)Stockholms Musikgymnasium Choir (Suedia)
Cantus (Norvegia)
Mikrokosmos (Frantzia)
20:30. Folklore saileko emanaldia.
Laiks (Letonia)Stockholms Musikgymnasium Choir (Suedia)
Cantus (Norvegia)
Mikrokosmos (Frantzia)
URRIAK 31, larunbata
11:00. Haur abesbatzen emanaldia.
Marczibányi gyermekkara (Hungaria)
Coro infantil de la Jorcam (Madril)
Girl´s choir Tiara (Letonia)
Cor Amics de la unio (Herrialde Katalanak)
Children´s choir Musamari (Estonia)
Children´s choir Lira (Bielorrusia)
16:00. Polifonia saileko emanaldia.
Emil darzins chamber choir (Letonia)
Tous ensemble (Argentina)
CWU chamber choir (AEB)
Suginami Gakun High School & Kikuka ensemble (Japonia)
18:00. Folklore saileko emanaldia.
Emil darzins chamber choir (Letonia)
Tous ensemble (Argentina)
CWU chamber choir (AEB)
Suginami Gakun High School & Kikuka ensemble (Japonia)
AZAROAK 1, igandea
11:30. Tolosako 47. Abesbatza Lehiaketako amaiera ekitaldia.
19:00. CWU chamber choir abesbatza estatubatuarraren emanaldia, San Frantzisko elizan.