Erreferentziazko jaialdia

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 16a, 12:14

Olatz Peon, Julian Rodriguez eta Joxean Muñoz, jaialdiaren aurkezpenean.

Gainditzen elkarteak antolatuta, Zeinu Hizkuntzan Egindako Zinemaren VI. Nazioarteko Jaialdia hartuko du Tolosak.


Seigarren urtez antolatu du Gainditzen pertsona gorren elkarteak Zeinu Hizkuntzan Egindako Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. «Garrantzitsua da jaialdia, jende asko etortzen baita bertara», azaldu du Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kideak, eta Espainiako Estatuan egiten den nazioarteko jaialdi bakarra dela nabarmendu du: «Indar handia du Tolosan egiten dugunak. Galiziara, Bartzelonara, Madrilera joan naiz, eta esaten digute hemen egiten dugun jaialdiak garrantzia handia duela».

Cannes jaialdian kritikaren saria eskuratu duen The Tribe film luzea Euskal Herrira ekarri ahal izan dela nabarmendu du Rodriguezek. Bilbon eta Gasteizen ikusi da, eta Donostian eta Tolosan ikusi ahalko da. «Garrantzitsua da pelikula zeinu hizkuntzan dagoelako eta baita ere sentsibilizatzeko gizartea eta ikusteko gor komunitatea zer den», azaldu du Rodriguezek. Tolosan Topic aretoan emango da film hori, urriaren 23an.

Jaialdia datorren astelehenean hasiko da eta egun nagusia urriaren 24a izango da, Tolosako Leidor aretoan egingo den film laburren lehiaketa eta sari banaketarekin. Donostian hainbat film emango dira datorren astearen hasieran, tartean unibertsitateetan eta zenbait eskoletan. Ostegunetik aurrera Tolosan egingo dira ekitaldiak. Besteak beste, Topic bisitatzeko aukera ere izango da, bisita gidatuen bitartez.

Urriaren 24ean egingo den lehiaketan hamar film laburrek parte hartuko dute. Lehenengo aldiz pelikula asiar bat izango da, Indiakoa hain justu, eta Errusiatik film bat etorriko den lehengoa aldia ere izango da. Ingalaterrako film bat ere ikusteko aukera izango da. Beste zazpiak Galizia, Katalunia eta Espainiakoak izango dira. Bestalde, lehiaketaz kanpo egongo den Boli Kostako dokumental labur bat ere ikusi ahalko da. Rodriguezek filmen kalitatea nabarmendu du.

Jaialdiaren aurkezpenean izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria. Peonek azaldu duenez, jaialdia «Tolosak duen beste altxorretako bat da». Gainditzen elkarteari eskertu dio jaialdia antolatzeko «egiten den lan guztia», eta «baita ere, gor komunitatearen inguruan egiten duten sentsibilizazio eta lan guztia. Azken finean gor komunitateak dituen mugak gainditzeko gizarteratzea beharrezkoa da, gizarte guztiak parte hartu behar duelako muga horiek gainditzen, herritar guztiak ditugulako eskubide berdinak».

Bere aldetik, Muñozek zorionak eman dizkio Tolosako herriari, «erreferentziala den jaialdi bat eta beste inon egiten ez den ahalegin bat egiten jakin delako». Bestalde, eskerrak eman dizkio Gainditzen elkarteari, «erakusten ari direlako zenbateraino garen hizketan egiten dugunok mugatuak. Eta mugatuak gara gure hiztun izateari heltzen diogulako eta ez garelako jabetzen badirela beste hizkuntza batzuk, esate baterako zeinuen hizkuntza. Eta ez bakarrik ez dakigu mintzatzen hizkuntza horretan, ez dugu ezagutu ere egiten hizkuntza horren atzean dagoen kultura oso bat eta horren atzean dagoen gizaki izateko bizipen oso berezi bat». Muñozek gaineratu duenez, «urtero jaialdi honek salatzen du gure muga hori, eta gure jakin-min eskas hori. Urtero gogorarazten digute badagoela aberastasun bat benetan erakargarria eta deskubritu egin beharko genuela».

 

Egitaraua

Tolosan egingo diren ekitaldien zerrenda.

Urriak 22, osteguna

10:00 eta 12:30. Tolosako Inmakulada ikastetxean, Escolta eta Mantenimiento psiquiátrico filmak.

Urriak 23, ostirala

18:00. Ongi etorria Tolosako Topic-en. Ondoren, bisita bertako museora.

20:00. The Tribe filma emango dute Topic-en.

Urriak 24, larunbata

11:00 eta 12:15. Bisita Topic-era. Aldez aurretik izena eman behar da.

16:30. Tolosako Leidor zinema aretoan, film laburren emanaldia. Sarrerak sei euro balio ditu. Guztira hamaika film ikusiko dira, hainbat herrialdetakoak. Saioaren amaieran zinemaldiaren sari banaketa egingo da.

21:30. Afaria erretirodunen elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!