Xabiertxo: 1925-2015. Jaio zenean bezain bizi

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 18a, 14:30

'Gure Xabiertxo' Eusko Legebiltzarrak eta Sancho el Sabio Fundazioak sustatu duten erakusketa Tolosara iritsi da. Aranburu Jauregian izango da ikusgai, abenduren 5a bitartean.

,

Koldo Ordozgoiti, erakusketaren komisarioak azaldu du ekimen honen zergatia: «Xabiertxo, Ixaka Lopez Mendizabalen lana, Txiki Zabaloren irudi grafikoarekin jantzia, ez dugu ausaz aukeratu. Euskal Pizkundea deritzan kultur berpizkundearen emaitza izanik, liburu bikaina da, guztiok maitatu izan duguna, gerora etorri direnen aitzindari eta iturri». Eusko Legebiltzarrak sustatu du erakusketa eta Gasteizen, Bilbon eta Donostian erakutsi ondoren iritsi da Tolosara. Olatz Peon alkateak nabarmendu duenez, «pozik nago erakusketa hau Tolosan jaso dugulako eta aukera baliatu nahi dut, Ixaka Lopez Mendizabal eta John Txiki Zabaloren oinordekoei nire aitortza egiteko».

Aurten, Xabiertxo lehen aldiz argitaratu zeneko 90. urteurrena beteko da, eta entziklopedia txiki hau ondoz ondoko hainbat belaunaldik erabili izan dute etenik gabe. Haren gorabeheren bidez, gure herriaren azken aldiko historiaren zati bat gogoratu dezakegula esan du Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak: «Erakusketak gure historia hurbila erakusten digu. Argitaraldi data bakoitza, euskarazko irakaskuntzaren historiaren lekukoa da, baita XX. mendeko euskal kultura eta gizartearena ere».

Hain ezaguna dugun liburu txiki eta xumea da erakusketaren oinarrian dagoena. «1923an sortu zen behar bati erantzuteko. Garai hartako aldizkari inportanteenetako batek, Euskalerriaren Aldek, urtero deialdi bat ateratzen zuen hainbat arlotan eragiteko. Urte hartan irakurketarako liburu bat egiteko deialdia egitea erabaki zuten. Lehiaketa itxia zen eta azkenean, Ixaka Lopez Mendizabalek eta John Txiki Zabalok irabazi zuten lehiaketa. Handik bi urtetara argitaratu zen lehen aldiz, 1925ean, Ixakaren aitak, Eusebio Lopezek zeraman inprentan argitaratua. Izugarrizko zabalpena izan zuen»

Handik sei urtera, 1932an, bigarren argitalpena izan zuen liburuak: ederrestua eta hobetua. Ixaka Lopez Mendizabalek zaraman, ordurako, etxeko inprentaren ardura. Alor horretan ere iraultza emana zen, inprentako materialetan salto handia eman zen urte gutxian. Euskal mugimenduan ere belaunaldi aldaketa eman zen garai horretan. Peonek gogoratu ditu belaunaldi hartako gizon emakumeak: «Jende multzo hori ekarri behar dugu gogora. Euskal hiztun komunitateak zer egina eta zer esana bazuela erabaki baitzuten. Erabaki, amestu eta lan handia egin zuten Euskal Pizkundeko kideek». Mugimendu horren aitzindaritza, Aitzolek eraman zuen eta beste hainbat gizon eta emakumeekin batera euskal kulturaren garapena ziurtatu zuen. «Ixakak zubi lana egin zuen, aurreko belaunaldikoa izanik, hurrengoarekin elkarlanean jardun baitzuen», dio Ordozgoitik. Tolosan erakusketa zabaltzearekin batera, panel batean ekarri dituzte gogora Euskal Pizkundeko kideak eta haiek egin zituzten lanak.

Loraldiaren etena, 36ko gerrarekin

XX. mendeko 30eko hamarkadan euskal kulturak garapen izugarria izan zuen. Bide zabal eta handia topatu zuen euskal kulturak pizkundearen mugimenduarekin. Ikastolak ere zabaltzen zihoazen batean eta bestean. «Euskaraz ikasteko, euskara irakasteko eta euskarazko hezkuntzarako materialen beharrizanei erantzuteko sortu zen Xabiertxo. Euskara liburuaren bitartez munduratu zela esan daiteke», nabarmendu du Tejeriak. Ordozgoitik ere liburuaren handitasuna azpimarratu du: «Xabiertxoren helburua zen, ikastoletan hezten hasten ziren umeei bide bat ematea euskara ikasteko eta euskararen bitartez mundua ikasteko. Hazi eta hezteko beharrezkoa dena dago liburu txiki eta xume horretan. Esangurari begiratuta, handia da, ordea, liburua».

Oparotasun horren lekuko da, Aranburu Jauregian jarri duten erakusketarako propio prestatuko panela. 1936ko uztailaren 15ean Jesus Elosegi tolosarrak ateratako bi argazki dira. Tolosako ikastolan ibiltzen ziren umeen ikasturte amaierako argazkiak dira. Tartean da, Xabier Lopez Mendizabal, hamaika urteko mutikoa. Andereño batzuk ere ageri dira argazkian, haien artean, Maria Dolores Arbilla Mendizabal.


Jesus Elosegi Irazustarena argazkilari bikainak bere zaletasuna lanbide bihurtu zuen. 1932an Tolosaren bihotzean, Rondilla kalean, argazkigintza estudioa zabaldu zuen. Eusko Gaztediko eta Eusko Alderdi Jeltzaleko kide, buru belarri parte hartu zuen herriko mugimendu sozial eta kulturaletan. Garai hartako kronika osatzen dute haren argazkiek eta argazkiotan dago jasota Euskal Pizkundearen memoria, orduko giroa eta garaia. Ikasturte amaierako talde baten erretratuak dira, orain, Aranburu Jauregian ikusgai daudenak. Gelaren barruan ateratakoa da lehen argazkia, beren jantzi onenekin eta jasotako sariekin ageri dira umeak. Bigarrena, Laskorain kalean, ikastola atarian ateratakoa da.

Argazki horiek atera eta hiru egunera inork gutxi pentsatuko zuen zer nolako ekaitza etorriko zen. Estatu kolpe faxista eman zen uztailaren 18an. Handik hilabete eskasera sartu ziren tropa frankistak Tolosan. 1936ko abuztuaren 11n, «herrian sartu eta ordu gutxira, 17:00etan, Ixaka Lopez Mendizabalen argitaletxeko eta liburutegiko liburuak hartu eta balio ez zutela kontsideratu zituztenak, Plaza Zaharrean erre zituzten. Frankistekin batera sartu zen kazetari batek, Eusebio Esparzak, Diario de Navarrako kronikan kontatu zuen. Fuego purificador jarri zion izenburua kronikari. Merezi du irakurtzeak», esan du Ordozgoitik. «Juan Garmendia Larrañagak ere kontatu izan zuen behin baino gehiagotan bere bizitza markatu zion gauzetako bat izan zela Plaza Zaharreko erreketa».


Propio Tolosarako prestatutako beste panel batean kontatzen da, udaletxeko plazan liburu-txondorrarekin egin zuten sutea. Ixaka Lopez Mendizabalen liburutegi pertsonala eta idazlanen zati bat baino ez zuten erabili sua egiteko, gerora, «udaleko aguazil batek handik berrogei urtera Xabier Lopez Mendizabali aitortu zionez, Ixakaren liburuekin bazkatu ziren urtetan Tolosako udaletxeko galdarak».

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak ere, une historiko horretan jarri nahi izan du arreta: «Gerrak eta intolerantziak, Euskal Pizkundeko kideak hil, erbestera behartu edo isildu egin zituen. Euskarazko irakaskuntza debekatu egin zen. Baina debeku eta espantu guztien gainetik, herri honek eta Xabiertxoren aita -ama bitxiek ez zuten amore eman. Ixakak Argentinako lur emankorretan birsortu zuen Xabiertxo. Eta frankistek okupatutako Euskadin, ikastola klandestinoetan liburua erabiltzen hasi ziren berriro. Milaka euskal haurren lagun bilakatu zen».

'Xabiertxo'-ren biziberritzea, erbestean eta klandestinitatean

Ixaka Lopez Mendizabal eta bere sendiak erbestera alde egin behar izan zuten. Argentinako lur zabaletan birsortu zuten liburua. Andres Irujorekin batera, euskal gaiak bilduko zituen Ekin argitaletxea gauzatu zuen tolosarrak Buenos Airesen. Sebastian Amorrorturen laguntza izan zuten horretarako eta haren eskutik etorri ziren Xabiertxoren bi berrargitalpenak: zeharka Euzko Deyan 1941ean emanaldika argitaratu zen eta zuzenean 1943an liburu moduan, Artes Graficas Sebastian de Amorrortu e Hijos inprimategian.

Euskal Herrian suteetatik salbatutako liburuak agortzen hasi ziren pixkanaka. Maritxu Barriolak, isilean eta modu klandestinoan berrargitaratu zuen '32ko edizioa Donostiako Alvarez Iraola inprentan. Ordozgoitik gogoratu duenez, «belaunaldi oso bat euskalduntzeko eta alfabetatzeko beharra zegoen eta horretarako beharrezkoa zen Xabiertxo; Txillardegik berak ere erabili zuen liburua, osaba baitzuen Alvarez Iraola».


Bizkaian ere behar berdina izan zuten euskaldunek. Era legalean argitaratu ezin zitekeenez, Karmeldarren laguntza izan zuten Xabiertxo zabaltzeko. Karmel aldizkarian, faszikulutan argitaratu zuten liburua aldizkarian sartuta. Aldizkariak, erlijiosoa zenez, ez zuen zentsura pasa behar izaten, baina ez zion asko iraun askatasunak handik bi urtetara aldizkaria itxi egin baitzuen. Orduan, Xabiertxo bizkaieraz izenarekin argitaratzea lortu zuten. Xabier Peña Albizu izan zen bultzatzaileetako bat.

Sebastian Amorrortu eta Peña Albizu Gure Xabiertxo erakusketaren izen propioetako batzuk dira. Liburuak 90 urtez bizirik iraun dezan, ezinbestekoa izan baita hainbat lagunen konpromisoa. Ixaka Lopez Mendizabal eta John Txiki Zabalo izan ziren Xabiertxoren gurasoak, baina gaur liburu horren aditzera badugu, urteetan izan dituen aita-amabitxiei esker izan da. Etengabe sortu eta birsortu zuten liburua. Tolosako alkateak bereziki gogoan hartu ditu ikastoletako andereñoak: «Gizarteko giroa nahasia zenean, kalitatezko hiztun komunitate bat sortzearekin amestu zuen ikastolen mugimenduak, haur, irakasle eta gurasoen erabateko konplizitatearekin». Miren Lopez Mendizabalek ere esker hitzak izan ditu andereñoentzat, «aitonak idatzi bazuen ere, zuek gabe ez zen guganaino iritsiko».


Miren Lopez Mendizabal Ixaka zenaren biloba da. Tolosako erakusketaren inaugurazio ekitaldian hunkituta hitz egin zuen, «orain irakasle naizen aldetik deskubritu dut aitona bere garairako gizon modernoa eta berritzailea zela». 1977an hil zen Ixaka. Handik bi urtera Nazio Batuen Haurraren Nazioarteko urtean aitorpena egin zioten Xabiertxori. Haur liburuen ohorezko zerrendan txertatu zuten. Urte hartan egin zuten liburuaren azken argitalpena aitzakia hori baliatuta.

Ordozgoitik gogoratu du Lopez Mendizabaltarren itzulera erbestetik: «1967an, Argentinatik bueltan, argitaletxea errekuperatu gabe, berriz ere, Alvarez Iraolaren inprentan argitaratu zuten Xabiertxo. Handik hiru urtera, 1970an, Xabierrek bere aitari omenaldia egiteko argitaratu zuen, dagoeneko etxeko enpresan, eta azken edizioa '79koa izan zen, NBEren aitorpena jaso ondorengoa».

Euskara geroratzeko tresna

Belaunaldiz belaunaldi iraun du Xabiertxo liburuak eta transmisio horren lekuko izan da Lopez Mendizabal sendia. Miren bilobak kontatu du: «Pozik gaude ikusita zenbat pertsona hurbildu zaizkigun ahizpari eta bioi, Xabiertxori buruz dituzten oroitzapenak kontatzera; nola gogoratzen duten halako ipuin eta halako marrazkia, nola gerra ondorenean, liburua, altxorra balitz bezala gordetzen zuten; nola ihesi, itsasontzian zihoazela, umeei bidaia errazago egitearren Xabiertxo irakurtzen zieten... Zenbaitek erakutsi ere egin digute liburua, erdi hondatuta, erabileraren ondorioz zahartuta».

Ez iragana eta ez oraina bakarrik, etorkizuneko bidea erakusten digu Xabiertxok. «Liburuak heziketarako duen balioaz gainera, euskara maite dugunoi beste irakasbide bat ematen digu: gure hizkuntza erabili egin behar dugula». Hori da geroa bermatzeko modua Tejeriaren ustez. Iritzi berekoa da Peon, «euskara haurrei eta zakurrei hitz egiteko hizkuntza baino ez zela esaten ziguten garai batean. Paradoxikoa bada ere, gaur egun, euskararen erabileraren inguruko ikerlan nagusiek diote indargunea eremu ez formaletan jarri behar dugula; eta horretan dihardugu ahaleginean euskal instituzioetan, udal guztietatik hasi eta Eusko Jaurlaritzara bitarte».

Xabiertxoren izpiritua gure egunetara iritsi dela uste du Miren Lopez Mendizabalek, «neska-mutilak, ondo pasaz eta ikasiz, euskara maitatzera hel zitezela amesten zuen aitonak eta harro nago amesten zuen hura betetzen ari delako. Eskerrik asko, aitona».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!