Idoia Lahidalga Galtzaundiko arduradunaren esanetan: «Asko jasotzen dute. Ez soilik euskara mailan, baizik eta bertan sortzen den giroak modu errazean ikasten laguntzen duelako». Dagoeneko «pozik» daude, eta urtez urte goraka doa kopurua. 60 pertsonek eman dute izena, eta oraindik ere eman daiteke.
Astean ordubetez elkartu ohi da taldetxoa. Alde batetik euskara dakien hiztuna eta nolabait gidatuko duena dago, eta bestetik euskara praktikatu nahi dutenak. Ez du izaten irakasle baten ardurarik boluntarioa denak, eta bere ardura euskaraz hitz egiterakoan eroso sentitzearena litzateke.
Maria Angeles Zubillaga da horietako bat, eta «euskarak oraindik ere bultzada handia behar duelako» animatu zen egitasmoan bere aletxoa jartzera. Arantxa Gonzalez orain dela bi urte animatu zen mintzalagunera hiztun moduan. «Beldurra» hitza erabili du. Bilobekin bakarrik hitz egiten zuen euskaraz, eta mintzalagunari esker ohitura hartu du: «Lagun artean edozertaz hitz eginez, konfiantza hartzen ari naiz». Ezagunekin
Ricardo Sanchezek Euskal Herriko hizkuntza delako ikasi behar dela adierazi du, eta hiru urte daramatza euskaltegian ikasten. Lagun artean eta seme-alabekin hitz egin ahal izateko animatu zen mintzalagunera. «Pozik» sentitzen da orain.
Ilusioa transmititzen du proiektuak, eta jendeak aurrera pausoak ematen dituela ikusteak. Zortzi hiztunen bueltan elkartzen dira taldeak. Baina deia luzatu dute hiztun gehiago nahi lituzketela nabarmenduz, eta Galtzaundi Euskara elkartetik pasatzea besterik ez da egin behar.
Hizkuntzari mesede eginez, bizilagunari ere laguntza ematen zaio ordubetez. Lagunak egiteko, ondo pasatzeko eta euskara ikasteko balio du Mintzalagunak.