Zulotik atera, salto gaztetxera!

Erabiltzailearen aurpegia Ezpala Gaztetxea 2015eko urriaren 14a

Duela urtebete jarri ginen Tolosako Gazte Asanbladan martxan, 2014ko urriaren 18an, zehazki. Orduan Gazte Eguna izan zen esku artean genuen proiektua eta, haren ostean, asanblada gorpuzten joateko denbora bat hartu genuen.

Azkenik, hainbat ideiaren artean eztabaidatu ostean, Gaztetxea okupatzea erabaki genuen aurtengo uztailaren 24an. Larramendi auzoko eraikin bat okupatu eta auzolanean egon ginen eraikina txukuntzen, ametsa egi bihurtzen, baina egunean bertan egin zuten desalojoa ertzainek. 

Hala ere, gure aldetik behintzat, Tolosan gazteok errealitate berri bat eraikitzeko asmoa martxan da, eta frenurik gabe. Horregatik, bidean eraso edo oztopo ezberdinak izan arren, garbi dugu Tolosako gazteok barrenean dugun, eta inaktibo, elkarrengandik aldenduta edo lokaletan mantentzen gaituen txorimaloarekin amaitu arte, ez dugula etsiko.

Eta panorama honen guztiaren erdian GAZTEBURUA da gure bidearen hurrengo geltokia.

Jendeak galdetuko du, zer da gazteburua? Ba, batetik, Gazte Egunaren urteurrena eta, beraz, asanblada berarena ere izan,da. Bestetik, oraindik egunerokotasunean itzalita dagoen Tolosan jarraitzen dugula kontuan hartuta, beste behin ere, Tolosako gazteok kalera atera eta gazteok gazteontzat eraikitako errealitate batean sakontzeko geltokia da GAZTEBURUA.

Gazte guztiekin egingo den bidea da hau. Baina zulo ilun bat bihurtzen ari den Tolosa honetan, gazteon arteko elkartasun eta adiskidetasun eza egoera normaltzat hartzen hasia da, eta honekin datorren jarduerarik eza eguneroko ogi bihurtu da. Egoera honek, atsekabetu beharrean, indarrak ematen dizkigu, badugulako zer aldatu. Eta, horretarako, pixkanaka egingo dugun bide honetan ezinbestekoa da gauzak aldatuko dituen baldintzak praktikan jartzea. Hau da, behar den momentuan benetako aldaketak emateko saltoak ematea, ezingo baitugu beste gazteri bat eraiki, jarraikortasun eta egunerokotasunean horretan egon gabe. Horretarako saltoa da gaztetxea eta okupazioa tresna.

Gaztetxerako salto horrek ez du atzera bueltarik, apustua egina dago! Baina, aldi berean, garbi daukagu gaztetxea saltoa bada, ondoren ezin dugula erori eta lurrean geratu, aurrera jarraitu behar dugula. Horregatik sartzen gara gaztetxe barrura, irekitzeko, eraikitzeko. Tolosako gazte guztiei, nahiz proiektu eta gazte talde desberdinei, irekitzeko.

Gazteok gazteontzako eta gazteen beharretara egokituko den Tolosa eraikitzeko.

Bukatzeko, eta, hau guztia azaldu ostean, aipatu dugun bide hau, Tolosako gazteria aktibatzeko bide hau, luzerako proiektu edo erronka gisa ikusten dugunez, momentu honetan bizi dugun egoeran azpimarratzeko hiru lelo ditugu.

Zulotik atera!

Gazteburura gozatzera!

SALTO GAZTETXERA!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!