Erritmo eztanda, San Estebango krosean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 12a, 13:34

San Esteban auzoko krosa jendetsua izan da aurten ere, eta erritmoa protagonista izan da, ibilbide lauak hala eraginda; Izaro Rubio eta Iker Pagola izan dira denborarik onenak egin dituztenak, emakume zein gizonen sailean.

 Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko aitzakia ona izaten da, tolosarrentzat eta ingurukoentzat, San Estebango kultur asteko herri krosa. Ibilbide gogorra izaten zen duela bi urtera artekoa, baina, iaz lehenengoz, egin beharreko zortzi kilometroen bidea aldatzea erabaki zuen antolakuntzak, parte hartzea are gehiago zabaltzeko. Modu horretan, San Blaseko aldapa birritan igotzea saihestu dute, eta kros laua osatu behar izan dute gaur ere. Horrek, ordea, erritmoa bizitzea ekarri du, eta lasterketa intentsoa izan da.

Helduek osatu dute, lehenik, lasterketa, Ferialekutik irten eta itzuli txikia egin ondoren, handiari ekinda. Ferialekura itzuli, San Frantzisko pasealekutik Benta Haundira joan, handik Kondeaneko aldapara igo, Plaza Zaharretik Gorriti plazaraino jaitsi, eta Pablo Gorosabel kaletik Araba etorbideraino joan dira, handik Ferialekuko helmuga zeharkatzeko.

Iker Pagola izan da xingola lehenengo zeharkatu dute korrikalaria eta, ondorioz, gizonezkotan garaile suertatu da: "Ibilbide polita da, aldapa gutxiagorekin, eta azkarragoa". Azkartasun horrek bultzata, amaierara bitarte lehen hiru postuak ez dira erabaki, eta esprinean aurreratu da Pagola. Datorren azaroaren 8rako Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari dela azaldu du, eta garaipenak morala igotzeko asko lagunduko diola dio, pozik.

Emakumezkoetan txapelduna Izaro Rubio izan da, ordiziarra, eta krosa egin aurretik, Ordiziatik bertatik Tolosaraino korrika etorri da, maratoia prestatzen ari baita. "Lehen aldiz parte hartu dut lasterketa honetan eta, egia esan, zein parte hartzaile etorriko ziren ez nekienez, ez nekien nola ibiliko ote nintzen". Bigarren sailkatuaren erritmo bizia azpimarratu du irabazleak: "Lurdes beti oso azkar hasten da, eta ni bigarren nindoan, baina minez dabilela uste dut, eta aurreratu egin diot". Ibilbideari dagokionez, gustukoa izan duela azaldu du, nahiz eta bihurgune asko izan: "Jende asko zegoen animoak ematen, eta gustura aritu naiz".

Gizonezkoetan bigarren sailkatua Ibon Gonzalez izan da, tolosarra: "Gaur ez nentorren konfiantza gehiegirekin, entrenamenduak ez baitira oso ondo ateratzen ari. Baina, Ikerrek, Ibaik eta hirurok lasterketa burua hartu dugu nahiko azkar, eta eustea izan da helburua". Zorionak eman nahi izan dizkio Iker Pagola irabazleari: "Oso-oso puntu onean dago, eta esprina jo eta irabazi egin dit. Izugarrizko lasterketa egin du eta aurten oso txukun dabil".

Bide beretik, Lurdes Colombo ere bigarren sailkatua izan da emakumezkoetan: "Izaro ni baino gogorragoa da, maratoia prestatzen ari da, azkarrago joaten da eta banekien berak irabaziko zuela". Berak lasterketak azkar hasten dituen arren, azken kilometroa pisutsua egin zaiola aitortu du: "Joan den astean erori egin nintzen, eta oraindik ez nago sasoi onean". Urte askotan parte hartu izan du, Colombok, San Estebango krosean eta"dudarik gabe", ibilbide berria nahiago du: "Hilerrira igotzeko aldapa izugarria zen, eta nahiago dut ibilbide berria".

 

Gaztetxoenak ere korrikalari

Helduen ondoren, etorkizuneko korrikalariek trebatzeko plaza izan dute San Esteban auzoa. Dozenaka neska-mutil aritu dira beroketetan nahiz luzaketak egiten, itzuli txiki bat egiteko. Abiada bizian irten dira batzuk, eta buru hotzagoz beste batzuk, amaierari begira.

Horrela, joan-etorria amaitu eta sariak zozkatu dituzte irabazlerik gabeko lasterketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!