"Zure ametsetan sinisten baduzu, joan eta egin"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2015ko urr. 11a, 11:00

Duela zazpi urte bizimodua erabat aldatu zuen Iraitz Ezkergain tolosarrak. Familia, lagunak eta lana hemen utzi eta Frantziako Alpeetako La Grave herrira joan zen bere zaletasunaz disfrutatzera: mendian eskiatzera.

Ez da urtean zehar egun askotan herrira gerturatzen Iraitz Ezkergain (Tolosa, 1978). Oporraldi batean La Grave-era (Frantzia) joan eta bere bizitza goitik behera aldatzea erabaki zuen. Ordutik ona, asko bidaiatu, jende asko ezagutu eta asko ikasi duela dio mendi eskiatzaile eta gida tolosarrak.

Noiz hasi zinen mendian?

Eskiekin mendian ibiltzen hogei urterekin hasi nintzen. Ni beti, familiarengatik eta, Larraitz aldean ibili izan naiz menditik gertu eta konexioa beti izan dut mendiarekin. Tolosa da gehienez jasaten dudan herria, hau baino handiagoetan estresatu egiten naiz.

Pixkanaka kirola egiten hasi nintzen mendian. Garai haietan, surfean gehiago ibiltzen nintzen eta 29 urterekin mendian fuerte ibiltzen hasi nintzen. Bizitza guztia goitik behera aldatu nuen. Eskiatzea dut gustuko eta hortik bizitza aurrera ateratzea posible ote zen probatu nahi izan nuen.

Bidaia bat egin nuen Alpeetara eta han ikusi nuen beste bizimodu bat izatea posible zela.


Zein da gogoan duzun lehenengo oroitzapena mendiarekin lotuta?

Nik ez dakit nondik datorkidan pasio hau. Nire etxean inor ez da eskiatzailea izan.

Gogoratzen naiz, umea nintzen batean, gustura ibili nintzela mendian. Aitona-amonek Larraitzen dute baserria eta negu batean kristoren elurtea izan zen. Aitonak behorra mailoan zuen eta arduratuta zegoen animaliarengatik. Hamaika bat urte izango nituen eta gogoan dut aitonari esan niola ni joango nintzela behorraren bila. Aitonak harrituta begiratu zidan eta han joan nintzen ni, izugarrizko elur pilaren artean behorraren bila. Sekulakoak pasa behar izan nituen mendian baina behorrarekin bueltan etorri nintzen baserrira. Ez du zerikusirik orain egiten dudanarekin baina ondo pasa nuela dut gogoan.

Bizimodua aldatzeko erabakia Alpeetarako bidaia hartan hartu zenuen?

Ez. Nire lehen bidaia izan zen Alpeetako hura. Aurretik snowboardean ibiltzen nintzen eta justu urte horretan, eskiatzen hasi nintzen. Orain bizi naizen La Grave (Frantzia) herrira joan ginen oporretara. Astebeteko oporraldia igarotzera joan ginen eta gaizki pasa genuen. Oso lur-eremu handia da hura eta galduta, elur txarrarekin... desastre joan zen dena! Gustura ibili ginen, ordea, furgonetan joan ginen sei lagunak.

Gogoratzen naiz, handik bueltan gentozela, zer edo zerk nire barruan bazekiela berriro ere hara bueltatuko nintzela, baina ez oporretan. Ikusi nuen leku egokia aurkitu nuela. Betidanik nire ametsa denboraldi bat eskiatzeko leku batean egitea zen.


Aurretik argiketaria nintzen eta hamar opor egun, soilik, izaten nituen urtean. Horren ondorioz ez nuen mugitzeko denbora askorik izaten. Ondoren lanez aldatu nuen.

Baina bidaia hartan zerbaitek arreta piztu zidan, ez eskiatzeko erak bakarrik. Bueltan hasi nintzen eszedentzia eskatu behar nuela pentsatzen. Urtebete bakarrik neraman lanean enpresa berrian eta zortez, dena ondo atera zitzaidan eta urtebete egin nuen eskiatzen. Katastrofiko samarra izan zen urtea egia esan; furgoneta apurtu nuen, belauna ere bai... Bueno, baina hala ere, gustura egon nintzela eta, aurrera jarraitu behar nuela ikusi nuen. Enpresara berriro joan eta ez nintzela bueltatuko esan nien.

Horrela hasi nintzen bizitza aurrera ateratzen. Aurrena hizkuntzak ikasi behar izan nituen, eta ostalaritzan hasi nintzen La Graven.

Lanbide askotan aritu behar izan duzu?

Ostalaritzan hasi nintzen, errazena zelako lana aurkitzeko garaian. Herri txikia da hura eta jendea ezagutzen joan nintzen. Nik lan asko trukean egiten ditut. Hasi nintzenean ez, orduan diruaren truke ibiltzen nintzen gehiago. Geroago hasi nintzen, diruaren truke beharrean, lanak materialaren truke egiten.


Hala ere, denetik egin dut han: igeltsero, argiketari... Gertatu izan zait, ideiarik izan gabe igeltsero lanak egiten ote badakidan galdetu eta baietz esatea; lanean hasi, lehen egunean azuleju guztiak erori eta antzerako desastreak egitea [barreak]. Baina horrela ateratzen dut bizimodua aurrera.

Norvegian ere aritzen zara lanean.

Bai. Nire lehen urtean, bi norvegiar zeuden La Graven. Oso lagun onak egin ginen baina hurrengo urtean ezin izan zuten etorri. Faltan botatzen genituen eta hamar lagun bisitan joan ginen beraiengana. Astebeterako joan ginen eta azkenean, hiru astetarako geratu nintzen Norvegian.

Apirilean joan nintzen eta erabaki nuen uda bertan igarotzeko lana aurkitu behar nuela. Etxera etorri eta e-mail pila bat bidali nituen lan eske Norvegiara. Orduan ere zortea izan nuen eta eskalatzeko Norvegiako punturik garrantzitsuenetako batean dagoen taberna batean hartu ninduten. Uda bertan pasa nuen lanean eta horrela hasi nintzen bertara joaten.

Orain, martxoaren erdialdean joan eta abuztuaren amaiera arte egoten naiz Norvegian gida lanak egiten.

Orduan, Tolosan zenbat egun egoten zara urtean zehar?

Bueno, urte guztiak desberdinak izaten dira. Aurten gehiago egon naiz gida eskolako azterketak nituelako. Bataz beste, udaberrian hiru bat aste eta udazkenean hilabete bat edo bi etortzen naiz.

Familia eta lagunak ikusteko beharra izaten duzu?

Denetik izaten dut. Paper kontu guztiak egitera hona etorri behar izaten dut. Imajinatu zer nolako nahaste-borrasteak izaten ditudan horren gutxi etorrita!


Gero, familia eta lagunak ikustera ere gustura etortzen naiz, garrantzia du beraiengana bisitan etortzeak. Hemen egoten naizenean etxean sentitzen naiz. Hori bai, hiru hilabete jarraian hemen egoten banaiz nerbioso ere jartzen hasten naiz.

Hartu zenuen erabakia hartzeko, pasioa izan behar du zuretzat mendiak.

%100ean bete behar zaitu. Nahiz eta ni ziur nengoen hartzen nuen erabakia zuzena zela, beldur handia izan nuen hemengo lana uztean. Gainera, hemengo jendeak ez zaitu babesten horrelakoetan. Erabaki zoroa zela esaten zidaten, baina nik argi nuen probatu egin behar nuela. Sekulako muturrekoa hartzen banuen berriro bueltan etorriko nintzela erantzuten nien.

Nik askotan esaten diot jendeari: zure ametsetan sinesten baduzu, eta gogor egiten baduzu horretan, joan eta egin. Kolpeak hartuko dituzu baina azkenean ondo sentitzen zara. Nahi duzuna egiten ari zara eta nahi duzun bezala. Alde horretatik oso pribilegiatua sentitzen naiz.

Mentalki gogorra izan beharko da.

Bai. Autokarabanan bakarrik bizi naiz eta hotz asko ere pasa behar izaten dut. Hotz asko, hezetasun asko eta bakardade handia. Nik bakarrik bidaiatzen dut baina gutxitan egoten naiz bakarrik. Bakarrik bidaiatzen gustatzen zait, bidean norbait interesgarria ezagutu eta berarekin norabidea aldatzea posible delako.


Hemen —Tolosan— sekulako segurtasuna dugu. Han ez da existitzen hemengo segurtasun hori, hemendik bi hilabetera zer egingo duzun ere badakizun segurtasun hori. Han batzuetan planak hiru aste lehenago sortzen dira, agian. Ikasi beharra dago, ordea, lasai egoten. Nik, ziur aski, itxaroten egon behar hori daramat okerren.

Eskiatzea da zure zaletasun nagusia.

Hori da. Zailtasunean eskiatzea bilatzen dut baina baldintzek uzten badute. Kondizio egokiak ez badira pistan ere gustura ibiltzen naiz. Eskiak jantzita baldin banago, gustura nago ni.

Positibotik gehiago du negatibotik baino egiten duzunak zuretzat.

Badaude aspektu negatiboak, baina toki guztietan bezala. Balantzan jarriz gero, positiboak askoz ere gehiago dira negatiboak baino. Okerrena gida eskolarena daramat, beraien menpe asko egon behar dudalako eta horrek askatasuna asko mugatzen duelako.

Gero, pentsatzen jartzen naiz eta ikusten dut lau hizkuntza hitz egiten ditudala orain dela zazpi urte bi, soilik, ezagutzen nituenean. Bidaiatzeak aberastasun ikaragarria ematen du. Jende asko ezagutzen duzu horri esker eta oso jende desberdina gainera.

Jende desberdin asko gaude mendian baina guztion pasioa eskiatzea da. Han klase arteko desberdintasun gutxiago ezagutu dut jendearen artean tratatzerakoan. Adibidez, banku bateko zuzendaria izandako gizon bat etorri, dirua erruz duena, eta elkarrekin eskiatzera joateko proposatzen dit. Hemen, horretarako ere klaseak mantendu egiten dira; zaila da klase altuko norbait klase baxuko besteren batengana etortzea. Han, mendian gaudenean, denak berdinak gara. Azkenean, bata bestea zaintzen egoten gara gu, egiten dugun eski klasea arriskutsua delako.

Arriskutsua izanda, lesioekin zer moduz?

Ni momentuz dezente errespetatu naute. Kolpeak izan ditut, belauna ere puskatu dut, baina oraingoz ezin naiz kexatu.

Niri beldurrik gehien, pendizek baino gehiago, elur-jauziek ematen didate. Nahiz eta saiatu, duzun informazio guztiarekin, behin ere ez zaude %100ean seguru. Gainera okerrena da, elur onena elur-jauzirako arriskurik handiena egoten denean izaten dela. Zaila da jakitea zer egin jokoa balantza horretan dagoenean. Askotan atzera ere egin behar da. Nik ez dut arazorik horretarako baina askotan presioak izaten dira.


Batzuetan sekulako frikiekin joaten naiz eskiatzera eta esaten dut: Horiek zer esango dute nik hemen ez badut sentitzen? Azkenean, horrelako maldak sentitu egin behar dituzu. Goizean jaiki eta ez baduzu ezer sentitzen, ez joatea da onena. Hor %100 kontzentratuta egon behar duzu eta argi izan behar duzu hor ez dagoela saiakerarik, hasiz gero ezin dela dudarik egin. Hotzean pentsatu behar da eta lehenengo, bakoitzak bere burua errespetatu behar du.

Noiz arte ikusten zara horrela?

Oraindik ez dut uste nire mugara iritsi naizenik. Bizitza guztian ez naiz horrela ikusten baina oraindik gehiago egin dezakedala uste dut. Nire urterik fuerteena aurrekoa izan zen. Beste maila batean sartu nintzen eta beste gauza batzuk dastatu ahal izan nituen. Azterketa batzuk izan ditut aurten, ordea, eta nire burua ez zegoen horretara zentratua. Asko eskiatu dut aurten, baina ez nik nahi nuen bezain gauza fuerteak egiten.

Zein da zure hurrengo helburua?

Helburu eta proiektu asko ditut. Momentu honetan lan munduko proiektuak ditut buruan. Esaterako, Pirinioetan eski esperientzia berezia eskaintzea, helikoptero eta autoz eginiko eski bidaiekin.

Eskiatzeko helburuetan, ez ditut helburu finko batzuk inoiz jartzen. Buruan beti ditut batzuk. Aurten, adibidez, zein jaitsi nahi nituen banekizkien baina burua horretarako eduki ez dudanez, ez ditut egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!