90 urte eta gero, "Gure Xabiertxo" berriz itzuli da Tolosara

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 8a, 12:08

Eusko Legebiltzarrak eta Sancho el Sabio fundazioak antolatu dute erakusketa eta ikusgai izango da Aranburu Jauregian abendua bitartean. Inaugurazio ekitaldian, Eusko Legebiltzarreko eta Tolosako Udaleko ordezkariak izan dira, Ixaka Lopez Mendizabalen ondorengoekin batera.

1925ean, duela 90 urte, Tolosan ikusi zuen argia lehenengoz Xabiertxo liburuak. Ixaka Lopez Mendizabalek idatzi eta Jon Txiki Zabaloren irudiekin osatu zuten garai hartan euskarazko irakurgai bakarrenetakoa zena. Behar bati erantzuteko sortu zuen testu liburu hau Lopez Mendizabal idazleak, euskara eskoletan sartzen hasia baitzen. 

Koldo Ordozgoiti, erakusketaren komisarioak inaugurazio ekitaldian aipatu bezala, "loraldi hori, bat batean eten egin zen 1936an eta Xabiertxok bere bidea egin behar izan zuen erbestean, berriz ere hemen ikastolen mugimendua piztearekin batera berreskuratu zuten arte".

Hain zuen, Tolosara ekarri duten Gure Xabiertxo erakusketari, hiru panel berri gehitu dizkiote garai hartan Tolosan bizi zen giroaren berri emateko. Alde batetik, 1936ko uztailaren 15ean ikasturte amaierako bi argazki jaso dira eta bestetik, hilabete exkax beranduago, abuztuaren 11n, Francoren aldeko indarrak Tolosan sartu zirenean Lopez Mendizabal inprimategiko liburuak hartu eta plaza zaharrean erre zituztenekoa. Udara honetan jaso dute argazki horren berri. 

Tolosako erakusketaren buruan panel handi bat aurkitu ahal izango da, Euskal Pizkundeari erreferentzia egiten diona. Olatz Peon alkateak nabarmendu duenez, "belaunaldi horrek, kultur susperraldi loraldi horretan, euskal hiztun komunitatek zer esana eta zer egina bazuela erabaki zuten. Amestu eta egin ere, egin zuten".

Euskal Pizkundeko kideek erbestera egin behar izan zuten bidea gogoratu du Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak: "Xabiertxo kultur berpizkundearen emaitza izan zen. Liburu bikaina eta gainerako guztien antzindari eta iturri. Hainbat belaunalditako pertsonen maitasuna jaso du liburuak".

Ixaka Lopez Mendizabal eta Jon Txiki Zabalo izan ziren Xabiertxoren egileak baina inaugurazio ekitaldian nabarmendu dutenez, aitabitxi eta amabitxi asko izan ditu liburuak: Euskalerriaren Alde, Eusko Ikaskuntza, Elbira Zipitria, Maritxu Barriola, Karmele Esnal, eta ikastolen mugimenduko andereñoak, instituzio eta pertsona horiek apustu egin zuten obra honen alde. Miren Lopez Mendizabal, Ixakaren bilobak ere horrela azpimarratu nahi izan du, "aitonak idatzi bazuen ere, liburua zabaldu zuten andereño horiek gabe ez zan guregana iritsiko Xabiertxo. Lopez Mendizabaletarren partetik gure eskerrik beroenak haiei".

Tolosako Aranburu Jauregian, asteartetik larunbatera, arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara ikusi ahal izango da Gure Xabiertxo eta bisita dohainik izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!