Orixe Institutuko kideak, Finlandiako hezkuntza ezagutuz

I. Terradillos / N. Roldan de Aranguiz 2015ko urr. 7a, 10:40

Joserra Zalakain, Orixeko zuzendaria da eta Finlandiatik iritsi berria da ikastetxeko beste hiru irakaslerekin batera. Europako Erasmus Plus egitarauari esker Helsinkiko ikastetxeak, bertako hezkuntza metodologia eta hango irakasleak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Finlandia aukeratu izanaren arrazoiak zerrendatu ditu Zalakainek: «Hezkuntzako ranking guztietan Finlandia beti goiko postuetan kokatzen delako eta bestetik, lehenago ere Laponian izan ginelako». Europar programa horretako partaide izatea ordea ez da erraza suertatu, eta Orixek harrotasunez esan dezake aukeratua izan dela: «Oso zorrotza izan da, eskaera handia dago», aitortu du zuzendariak.

Bost eguneko programa bete dute Tolosako ordezkariek, horrela hezkuntza munduko ildo ezberdinak jorratu ahal izateko. Lehena, berrikuntzarena izan da: «Egunero etorkizunera begira daude gainera, aurreikusten zer etorriko den».

Bigarren ildoak ikaslea izan du jomugan. «Ikaslea erdi-erdian nola jarri ikasi dugu, bere behar guztiak asetzeko». Irakaslearen txanda izan zen hurrengoan, metodologia aztertzeaz gain «etengabeko formakuntza» zein beharrezkoa den jabetu ziren. Landutako azken puntua internalizazioarena izan da. Horiek guztiak jorratu ahal izateko adituen hitzaldiak, mahainguruak, tailerrak eta garrantzitsuena dena, praktikan jartzeko tailerrak izan dituzte.

Finlandian gure sistemarekin aldaera ugari antzeman dituzte tolosar ordezkariek. Adibidez, han haurrak 4-5 urte arte ez dira eskolara joaten, ordura arte etxean irakasten diete gurasoek, horretarako estatutik diru bat jasoz. Behin eskolan hasita, programa trinko bat dutela azpimarratu du Joserra Zalakainek. Programa horrek indar guztiak jartzen ditu irakurketa eta ulermena lantzeko, «trebezia normalak diren horietarako baliabide pila jartzen dituzte». Haurren batek horretan zailtasunik erakusten badu gainera, laguntza eskaintzen zaio.

Finlandiako hezkuntza sistema eta gurea mailaz maila azterturik ezberdinak dira. Baina aldaerarik nagusietako bat irakasleen aukeraketan datza. Hemen –publikoan behinik behin– azterketa, oposaketa eta zerrenda bidezkoa bada, han zuzendaritza arduratzen da bere irakasleak kontratatzeaz eta ordaintzeaz. Zalakainek azpimarratu nahi izan du Finlandiako irakasle bat aurkezteko orduan zergatik kontratatu zuten esandakoa: «Enpatia eta alderdi emozionalagatik». «Hemen horrelakorik ez da ezagutzen», laburbildu du zuzendariak.

Irakasle izatea Finlandian «oso ondo kontzideratua» dagoela aitortu du Orixeko zuzendariak: «Magisteritza ikasteko baldintzak gogorrak dira, sartzeko eskatzen den nota oso altua da. Onenak sartzen dira Magisteritza ikastera».

Azken finean, guztiak du eragina Finlandiako hezkuntza sistemaren kalitatean. Joserra Zalakainek horrela laburbiltzen du hango egoera: «Oso ondo loptuta dagoen sistema da, malgua erabat eta edozein momentutan gainbegiratua, eraberritua izateko prest». «Irakasleengan konfiantza dago, hanka sartzen bada hobetzeko balio dezakeela ulertzen da». 

Politika kontuan hartu beharreko beste elementu bat da, hezkuntzari dagokionean. Gurean hezkuntza sistema politizatua baldin badago, «han ez da hori gertatzen. Edozein alderdi agintean dagoela, ez du inolaz ere aldatzen». 

Finlandiako eskoletan oso kontuan hartzen den beste elementu bat arkitektura eta diseinua da. Eskolak eraikitzeko orduan ikasleen behar errealetan fokatzen dira. Esaterako, gurean «leku hotzak» direla zalantzarik ez du Joserra Zalakainek, «lau pareta  eta pasilo amaigabeak». Finlandian ordea, «balio-anitzeko espazio pugari daude, edozein txokotan, wifiarekin, kantina edo kafetegia ere erabat integratuta dago, ikasleek deskantsatzeko txokoak dituzte, gurean ez  dute toki duinik deskantsatzeko, irakurtzeko... Honek guztiak bere eragina du ikasleen produkzioan».

Alor hauek guztiak sistemaren oinarrian badaude ere, estrukturalak badira ere, eta hortaz gurera ekartzeko zailak, momentuz behintzat, badaude beste batzuk aplikatu daitezkeenak: «Konfiantzazko giroa lortzea», adibidez. «Gauzak argi eta garbi esanda» ikasleekin konfiantzazko giroa lortu daitekeela aurreratu du, horrek bere eragin positiboa lortuz. Bestetik gainera, «metodologiari» garrantzia ematean jarri du abiapuntua Zalakainek. Esaterako, «benetan oinarrizkoak diren alorretan» atentzioa jarriz: idazketa eta ulermena dira bi adibiderik garbienak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!