Gobernuak "entzungorrarena" egiten duela salatu du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 6a, 12:32

Agintaldi hasierako balorazioa egin du Tolosako oposizioak, pleno aretoko agerraldian.

Ibai Iriarte eta Onintza Lasa izan dira bozeramaleak, EAJko udal gobernuaren lehen hiru hilabeteetako jarduna baloratzeko. Kritikak plazaratu dituzte, batetik, eta, era berean, zenbait erabakirekin "pozik" daudela ere azaldu dute.

Ezertan hasi aurretik, uda igaro eta balorazioa "tentuz" aztertzeko erabakia hartu zutela azaldu du Iriartek: "Hauteskundeak galdu ondoren, ekainean, azaldu genuen bezala, EH Bilduk jarduna erantzukizunez eta seriotasunez egingo du". Horrela, udal gobernuari laguntzeko prestutasuna "behin eta berriz erakutsi" dutela nabarmendu dute: "EAJko udal taldea, ordea, entzungorrarena egiten ari da gure proposamenen aurrean".

Horrela, jeltzaleek udaleko informazioa jasotzeko "zailtsunak" jartzea salatu du oposizioak, eta batzordeak "tramite hutsa" direla gobernu berrian: "Bileretara erabakiak hartuta joaten dira, eta asmo horiek berresteko baino ez dira izaten bilerak".

Baieztapen horren aurrean, bi kasu azpimarratu dituzte Ibai Iriartek eta Onintza Lasak. Batetik, udaleko barne-antolaketan azaldu dira desados, Merkataritza, Turismoa eta Azoken departamendua kudeatzeko moduagatik.

Tolosako Udalak, abuztuaren 25ean dekretu bidez, merkataritzari begira sortutako sail berria dinamizatzeko zerbitzu bat kontratatzea erabaki zuen, klausula administratiboak onartuz. Horrela, hiru enpresari egin zieten proposamena, departamentu horren kudeaketaz arduratzeko. Hiru horietatik bik aurkeztu zuten beren egitasmoa, eta pasa den irailaren 28ko gobernu batzarrean erabaki zutenez, Prospektiker S.A. enpresari esleitu diote Merkataritza, Ostalaria eta Azokak saila urtebetez dinamizatzeko ardura. Lanaren truke, Tolosako Udalak  71.999,84 euro ordainduko du (BEZa barne).

Erabaki honen aurrean, EH Bilduk joan den astearteko ohiko osoko bilkuran ere azaldu zuten egonezina, eta agerraldian errepikatu dute beren iritzia: "Departamentu horren pribatizazioa martxan da". Gainera, beste zenbait udal sailetan ere langileak berrantolatu dituztela dio oposizioak, eta ez daude ados.

EAJren jardunari egindako kritikaren bigarren zutabea hondakin bilketaren kudeaketan dago. Izan ere, azken osoko bilkuran onarturiko kreditu aldaketetan, 135.000 euroko partida bat zegoen, edukiontzi berria erosteko; EH Bilduk azalpenak eskatu zituen hasieratik. "Argi da, bai ala bai, hondakin bilketa sistema aldatuko dutela, aurrekontu hori gorde dutelako. Azalpenak eskatu ondoren, ordea, ezarriko duten sistema zein den ez dakitela erantzun zuen Olatz Peon alkateak. Horregatik, horren aurrean arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu, eta erabakia hartu aurretik txosten tekniko nahiz ekonomikoak aintzat hartzeko".

Agintaldia hasteko,  "etenaldia"

Beren proposamenek "erantzunik ez" izatearekin batera, beste kexa bat ere azaldu dute EH Bilduko kideek: proiektu eta gai zenbaitetan "etenaldia nabari da".

Adibidetzat, 2015eko parte hartze aurrekontuak jarri dituzte, eta 500.000 euro erabiltzeko herritarrekin harturiko erabakiak oraindik gauzatzen hasi ez izana leporatu diote udal gobernuari: "San Esteban auzoko brikogunea; Laborde-Labaien eremuan hiri parkea egitea; Alde Zaharreko bizilagunentzat konpost gunea jartzea eta skate-parka margotzea, besteak beste".

Era berean, Usabal kiroldegiko harmailak udan eraikitzen hasi beharko zuketela dio EH Bilduk, eta Amarotz auzoan 1.300.000 euro zertan erabili erabakitzeko parte hartze prozesua oraindik hasi ez izana ere gaitzetsi dute.

Azken kritika moduan, jada abiarazita zeuden egitasmoak "goitik behera aldatzea" salatu du oposizioak, eta Bidebidetako aparkalekuaren proiektua moldatzeko asmoa, nahiz Kulturzale txartela %50 garestitzea aipatu dituzte.

Alde onak

"Oposizio eraikitzailea" egiteko asmoa berretsi dute oposizioko kideek, eta beren "prestutasuna" azaldu EAJri, "Tolosa indartsu, bizi eta dinamiko baten alde". Horrela, udal jarduneko zenbait punturekin "pozik" daudela azaldu du Onintza Lasak: "Pasa den agintaldian abiarazitako zenbait proiektuk martxan jarraitzen dute, adibdiez, Mugi Tolosak. Bide horretan jarraitzea nahiko genuke, Haurren Hiriarekin, Lapurdi plaza egokitzeko proiektuarekin, parte hartze aurrekontuekin, mantentze planarekin nahiz irisgarritasun planarekin".

 


     

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!