Etxean ere garaile

A. Imaz 2015ko urr. 5a, 11:44

Bigarren garaipena eskuratu du Tolosa Eskubaloiak, 31-21 Barakaldoren aurka. Lidertzan da, Uharterekin berdinduta.

Bitik bi. Ezin hobeto hasi da Tolosa Eskubaloi taldea. Etxetik kanpo erakustaldia eman eta gero, Usabalen zaleen aurrean ere garaipenarekin hasi du denboraldia. Moralez gainezka dira.

Lehen zatian estu hartu zuten bizkaitarrek talde tolosarra. Alex Noguesen taldeak ez zuen erasoan asmatu, akatsak tarteko. Horrez gain, Barakaldoko erdiko jokalariak bikain jokatu zuen, eta pibotekin egindako jokoak min egin zien. Ondorioz, talde urdinak ez zuen alde askorik zabaltzeko aukerarik izan. Atsedenaldira 14-11ko emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian akatsak zuzendu zituen Tolosak, eta defentsan nahiz kontraerasoan egindako lanak aldea areagotzea eragin zuen. 31-21 amaitu zen norgehiagoka.

Iker Ortiz izan zen goleatzailerik onena, zortzirekin. Ioritz Goikoetxeak beste bost sartu zituen. Garaipenaz gain, Tolosarentzat beste bi berri on bat izan zen, Urtzi Otegi eta Aitor Iturralde taldera itzuli baitziren, beren lesioetatik sendatu eta gero. Datorren astean Elgoibarren jokatuko du, larunbatean, 19:30ean.

Bigarren taldeak, berdinketa

Bigarren nazional mailako taldeak ezin izan zuen garaipena eskuratu Ordiziaren aurka, horretarako aukera bikaina izan bazuen ere. Izan ere, amaierarako ordu laurden faltan, bost goleko errenta zuen, baina azkenean 31-31ko berdinketa besterik ezin izan zuen lortu talde urdinak.

Atsedenaldian 14-12koa zegoen markagailuan, baina bigarren zatia erabat aldrebestu zen. Ordiziarren pibotak eta alboko jokalariek trantsizio azkarrak egin zituzten, aldiz, tolosarrak motel aritu ziren. Azkenean, 31-31. Dena den, denboraldi hasieraren balantze positiboa egin du talde tolosarrak: lehen urtea du maila honetan, eta dagoeneko hiru puntu ditu. Asteburuan Urdulizen izango du puntu gehiago eskuratzeko aukera.

Eskubaloi eskolako izen ematea, zabalik

Eskubaloi eskola martxan da dagoeneko, eta oraindik izena emateko aukera dago. Alebin eta benjaminek (2004, 2005, 2006 edo 2007an jaiotakoak) igande goizetan burutuko dituzte entrenamendu saioak, 09:30etik 11:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!