Antzerki zaletasuna barreiatzera dator Zikloia

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 2a, 13:02

Bihar Amarotzeko Auzo Elkartean Zikloia antzerki zikloko bigarren emanaldia izango da 22:00etan.

Seigarren urtea da Intujai antzerki taldeak Zikloia antolatzen duela. Berazubin eskaini zuten aurreneko emanaldia. Bakarrizketak eskaini zituzten Alex Rabanal, Kike Biguri, Gorka Lariz eta May Gorostiagak Berazubin, joan den irailaren 9an. Auzoaren 50. urteurrena gogoan hartuta antolatu zuten saioa, «aspaldiko lagunak gonbidatu genituen eta emanaldi ederra osatu genuen», aipatu du Gorostiagak. Auzoan bertan jaiotakoa da eta, gaur egun, Intujai antzerki taldean dabil.

«Formatu txikikoak eta ohikoak ez diren ikuskizun eta taldeak ekarri nahi izaten ditugu. Zirkuitu komertzialean ikusten ez diren emanaldiak eskaintzeko ohitura izaten dugu».

Decopivolta taldeak eskainiko du aurtengo Zikloairen bigarren emanaldia, bihar, Amarotzeko Auzo Elkartean. Gorostiagak azaldu duenez, «Valentziatik datorren taldea da, Mar donostiarra da eta Laia valentziarra eta Bartzelonan antzerkia ikasten ari zirela elkar ezagutu zuten. Tulipas ikuskizunean, portaleko bilera batean gertatzen direnak umorez kontatzen dituzte». Gaueko 22:00etan abiatuko da biharko emanaldia.

Decopivolta taldeak azaroaren 6an errepikatuko du Tolosan. Umeentzako gaztelaniaz eskainiko dute, La increible historia de la princesa Jijeronima lana. «Aktoreetako batek narratzailearen papera jokatuko du eta besteak pertsonaia guztiak antzeztuko ditu. Adituak dira taldeko bi neska hauek umeekin lan egiten». Umeentzako beste lan bat izango da lehenago, urriaren 24an: Afrikan zehar. Autu Mautu Arrasateko taldearen eskutik joango da. Kontuak eta kantuak tartekatuko dituzte eta «irudi positiboak eskainiko dituzte Afrikako kontinenteaz. Familia guztiarentzat gomendarria izango da».

Zikloiaren edizio bakoitzean eskaini izan da Birakabareta. Azken urteetan, ordea, emakumeek hartu dute protagonismo nagusia. Topic-en izango da 19:30ean hasita, azaroaren 7an. «Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren bueltan antolatzen diren ekitaldien barruan sartuko da eta aurten nobedade gisa, Topic-en egingo dugu», azaldu du Gorostiagak.

Laia Sales eta Mar Marcos Decopivoltako kideekin batera, Xafol-k klaket taldekoak eta eskualdeko hiru klown ariko dira: Itziar Saenz de Ojer lizartzarra eta Amarotzekoak bertakoak diren, Bea Larrañaga eta Irantzu Mantxo.

Azken emanaldia azaroaren 20an egingo dute aurtengo Zikloiaren barruan. «Le Petitts ridicules taldean aritzen da Joseba Maiza ibartarra. Antzerkia ikastera joan zen Londresera eta Arkaitz Gartziandiarekin batera pieza txiki hau prestatu dute». Ondoren etorriko da Mattin Garikano. «Amarotzeko antzerki artisauekin ibili zen gaztetan eta Madrilen ikasi ondoren inprobisazio eta klownaren arteko ikuskizun bat prestatu du, Indi-go superheroia izenekoa».

Umorea eta kritika izango dira eskainiko diren emanaldien osagaiak. Intujai antzerki taldeko kideen esanetan, «kanpotik ekarri nahi izaten ditugu artistak, baina bertakoei ere aukera emanez».

Formazioari ere garrantzia eman nahi izan diote. Abenduko zubian eskainiko dute 16 orduko ikastaroa, lau egunetan zehar. «Klownaren barruan zein kode dauden ezagutzeko aukera eman nahi dugu ikastaroarekin». Izen emateko, intujai@intujai.net helbidera jo dezakete interesatuek.

Sudur gorria begiko ninietan behar dugula uste du May Gorostiagak: «Pentsa dezagun jende guztiok daramagula jantzita sudur gorria. Imajinatu Aita Santua ere hori jantzita. Mundua bestelakoa izango litzateke eta hobea, ziurrenik».

Zikloiaren filosofiari heldu diote aurtengoa antolatzeko: «Etorri ahala erabakitzen dugu non, noiz eta norekin egin dezakegun zikloa. Pixkanaka bide bat egiten goaz antzerki munduan», dio Gorostiagak.

Gertutasuna da Intujaik antolatzen duen zikloaren ezaugarri nagusia. Artistekin zuzeneko harremana izan baitezake publikoak.

Egutegia

URRIAK 3, LARUNBATA
22:00. Tulipas. Decopivolta taldeak emanaldia gaztelaniaz eskainiko du Amarotzeko Auzo Etxean.

URRIAK 24, LARUNBATA
17:30. Afrikan zehar. Autu Mautu taldeak Amarotzeko Auzo Etxean euskaraz eskainiko du umeentzat saioa.

AZAROAK 6, OSTIRALA
17:30. La incrible historia de la princesa Jijeromina. Decopivolta taldeak umeentzako gaztelaniaz eskainiko du antzerkia Amarotzeko Auzo Etxean.

AZAROAK 7, LARUNBATA
19:30. Birakabareta. Topic-en eskainiko dute euskaraz Laia Salesek, Mar Marcosek, Itziar Saenz de Ojerrek, Xafol-k taldeak, Bea Larrañagak eta Irantzu Mantxok.

AZAROAK 20, OSTIRALA
22:00. Estualdia eta Indi-go superheroia. Amarotzen eskainiko dituzte emanaldiak, Les petits ridicules taldeak eta Mattin Garikanok.

ABENDUAK 5. 6, 7 ETA 8
09:30 - 13:30. Klown ikastaro trinkoa eskainiko du May Gorostiagak Amarotzeko Auzo Etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!