«Heavy metal klasikoa egin dugu: oso melodikoa, erraz entzuteko modukoa»

Mikel Iraola 2015ko urr. 2a, 12:47

Bere lehen lana argitaratu du Konbenio del Metal talde tolosarrak, Arbeit Macht Frei. Larunbatean aurkeztuko du lehen aldiz jendaurrean, Bonberenean, 22:30etik aurrera. Heavy metalak lekua duela dio Joseba Usabiaga taldeko abeslariak.

Lehen diskoa izango duzue.
Bai, zortzi abesti egin ditugu. Ez da erraza izaten estudioan sartzea. Bertsioak eginez hasi ginen, baina suertez taldean sartu den azken gitarra jotzailea, Xabier Valverde, oso musikari ona da, eta pixkanaka berak bultzatu gintuen kantu propioak egitera. Miguel piano jotzailea eta bere artean hasi ziren konposatzen. Guk nahi izan dugu, baina ez dugu horrelako baliabiderik. Orain Xabik eman digu bultzada hori.

Nolako esperientzia izan da estudioan sartzearena?
Ona. Estudioan izanda geunden beste gauza batzuekin, baina ez Konbeniorekin. Bonberenean grabatu dugu eta ondo joan da, nahiko azkar, ondo ikasita eraman baikenuen.

Garrantzitsua.
Bai, lana guztiz errazten du. Beti daude akatsak eta zuzendu beharrekoak, baina noski, garrantzitsua da etxeko lanak eginda eramatea.

Bestelako estudioetan izanda zeundela aipatu duzu. Ezberdintasunik topatu duzu oraingoan?
Poxpolo eta Konpainiakin grabatu izan dut, eta nik bikoizketa batzuk ere egin behar izan ditut. Beraz, alde horretatik diferentzia bakarra ahotsa izan da. Abestiak ez dira errazak eta tonu aldetik batzuetan sufritu egiten dut. Bi ordu pasa ondoren, Konbeniorekin estudioan askoz gehiago nekatu naiz beste gauza batzuetan baino. Abesti bat erraza ez bada eta sufritzen badut, bost aldiz errepikatu behar badut... pentsa. Esandakoa, hobe etxetik ikasita eramatea...

Ze ezaugarri ditu diskoak?
Heavy metal oso klasikoa da. 80. hamarkadako musika taldeetan inspiratuta. Teklatu asko ditu, eta oso melodikoa da, erraz entzuteko modukoa. Heavy metala entzuten duen jendeak uste du buia izango dela, baina heavy metala zabala da.

Estreinaldirako urduri?
Oraindik ez. Hasi baino lehen jarriko naiz agian. Lanak ondo eginda eramanez gero, ez dauka zertan gaizki atera. Eta ateratzen bada, zer egingo diogu? Zuzeneko kontuak dira eta jendeak ulertzen du. Urduritasuna kalterako da.

Sorpresarik izango da bihar?
Diskoan ez dugu kolaboraziorik izan, gure denbora librean grabatu dugulako eta ez genuelako jendea konprometitu nahi. Kontzertuari begira, ordea, 40 minutu dira, eta horregatik, beste orduerdia erantsiko diogu bertsioak eginez. Hor kolaborazio batzuk izango ditugu: Atila, Kixmi-ko abeslaria... Etortzen direnei ere diskoa oparituko zaie sarrerarekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!