Hazi bat gehiago erein dute Zerkausian, feminismoa elikatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urriaren 2a

Emakumeen Mundu Martxak Tolosan egin zuen, atzo, geldialdia; batukadak egin zien harrera.

Nazioarteko egunez beterik daude egutegiak, baina martxoaren 8ko nazioarteko egunean zer aldarrikatzen den esatea ere soberan dago, ia. Horrela, Emakumeen Nazioarteko Egunak abiarazi zuen, Kurdistanen, Emakumeen Mundu Martxa, eta datorren urriaren 17an amaituko da Coimbran (Portugal).

Milaka kilometro, milaka emakume eta gogo bakarra: egungo gizarte eredua irauli eta emakume zein gizon eskubide berberen jabe izatea. Tolosak eta Tolosaldeak ere kilometro horietako batzuekin bat egin zuen atzo. Kilometro batzuekin, eta gogo oso-osoarekin.

Zerkausian hitzordua jarria zuten, 19:30ak inguruan, eta emakumeen karabana puntualtasunez iritsi zen zitara. Batukada feministak harrera beroa egin zien, eta herritarrak ere gerturatu zituzten, perkusio doinuz. Musikaren beroaz, Tolosaldeko hazia ere erein zuten; izan ere, aurtengo Emakumeen Mundu Martxak elikadura burujabetza ere aldarri izango du ibilbide osoan. Tolosako babarruna erabili zuten, eta gainerako hazien alboan jarri, sinbolikoki, feminismoa haziaraziz.

Horrela, Coimbrara iritsi aurretik, igande honetan bertan ere festa izango da, karabana Bilbora iritsiko baita. Bertaratzeko deia egin zuten, noski, eta aldarrikapen oihuz biribildu zuten tartea: "Gora borroka feminista!".

Emakumeen Mundu Martxako informazio osoa emakumeenmundumartxa.eus atarian aurki daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!